Ataria TB

Larrazatarrak aurrez aurre

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2026ko maiatzaren 21a

Kulturarekiko zaletasuna etxetik datorkie anai-arrebei. Irene hainbat esparrutan aritu da komunikatzaile moduan eta egun Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria da. Jokinek, berriz, ofizioz psikologoa eta orientatzailea den arren, abestiak sortzen eta jotzen jarraitzen du.

Zuretzat zer da parekoa?

Irene: Anaia, eta familia zentzu sakon, zabal eta polit osoan.

Jokin: Arreba zaharrena, eta beti gertu egon izan gara, bai fisikoki, bai beste hainbat ezaugarritan. Beti harreman ona izan dugu hirurok; orain adin bat dugu eta bakoitzak bere bidea egin dugu, baina gauzak zerbait okertu izan direnean beti oso gertu izan gara. Asko maite dut!

Nola definituko zenuke?

Irene: Bi hitzetan, pertsona noblea dela esango nuke.

Jokin: Gaitasun handiak dituen pertsona bat da. Sozialak gehienbat, bai harremanetan, bai elkarrizketetan, bai pertsonekin… Baita intelektualak ere. Oso azkarra da, kultura handia dauka eta asko daki. Lanerako ere gaitasun izugarriak ditu.

Zer ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke parekoaz?

Irene: Asko ditu. Batek horietako asko laburbiltzen ditu: sentiberatasuna. Enpatia-gaitasun oso handia dauka, pertsonengandik hurbil jartzen duena, besteengandik hurbil… Sentsibilitate artistikoa ere badauka. Esperientzia artistikoa bizitzeko oso modu berezia du.

Jokin: Eskuzabala eta bihotz zabalekoa da. Gauzak asko sentitzen ditu.

Eta ez hain positiboa?

Irene: Askotan txanponaren bi aldeak gara izateko moduan. Batzuetan, bere sentimenduak gordetzeko joera dauka. Hain da diskretua! Horrek lana ematen dio batzuetan. Nik, aldiz, ariketa handi bat egin behar izaten dut askotan jauzi ez egiteko. Zentzu horretan osagarriak gara.

Jokin: Gaitasun handiak ditu, eta gauza askotara iristen da, baina, batzuetan, horrek ere nekea eta itolarria sortzen dizkio. Esaten diogu gauzak lasaixeago hartzeko. Arlo hori dauka hobetzeko [barrez].

Nora joango zinateke gustura parekoarekin?

Irene: Edozein tokitara. Baina nora baino gehiago zertara esango nuke: oso konfidente ona da, eta oso aholkulari ona. Aholku bila joango nintzateke beti berarengana!

Jokin: Ni ere edozein lekura joango nintzateke. Oraintxe joango nintzateke zurito bat hartzera, afaltzera, edo baserrira buelta bat ematera…

Berarekin pasatako une bereziren bat?

Irene: Familia osoak pasatako momentu batzuk ekarriko nituzke, baina aita bizi zeneko bat ekarriko dut: edozein asteburutan etxeko bostak batera geundenean egoteko modu zehatz bat. Aitaren eta amaren rantxerak kantatzen hasten ginen, ondoren gureak… Beti bizi izan genuen komunio moduko hori. Oso gauza naturala izan da. Jaso dugun maitasunaren isla bat izan dela uste dut. Horrek onerako osatu eta jarri gaitu munduan.

Jokin: Antzekoa aipatu behar nuen! Igandeetan, nahiz eta parranda eginda izan, bazkalostean nik gitarra atera eta kantatzen hasten ginen familian. Gure ahotsak nola lotzen ziren ikustea polita zen.

Irene: Marta eta Isabel ere ekarri nahiko nituzke gogora momentu haiek gogoratzean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!