Sormena eta euskara dituzte oinarri sendo anai-arreba tolosarrek. Irene (Tolosa, 1970), arreba zaharrena, irratian eta komunikazio-arduradun gisa hainbat esparru zapaldu ondoren, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria da 2018tik. Jokin (Tolosa, 1974), anaia gazteagoa, eguneroko lanean Gureak enpresako psikologoa eta orientatzailea izan arren, musika-tresnen bidez sentimenduak eta melodiak sortzen dituen musikaria da. Bide ezberdinak jorratu arren, euskal kulturaren sustapenean eta adierazpenean batzen dira. Anai-arrebaren arteko konplizitateaz, lanerako pasioaz eta euren ogibideek kulturaren munduan duten garrantziaz aritu gara. Familia-girotik euskal kulturaren muinera egindako bidaia da honakoa.
Umezaroko zein oroitzapen datorkizue burura elkarrekin zaudetenean?
Irene: Oporretako oroitzapenak dauzkat, txikitako garai lasai eta gustukoenak. Borrokak ere bai! Desorekatu samarrak izaten ziren; berak indar fisiko handiagoa zeukan, eta nik, aldiz, hitz-jario errazagoa. Hortik izorratzen nuen gehiago [barrez].
Jokin: Berez lau urteko aldea dugun arren, hiru urte dira errealitatean. Ni urtarrilekoa naiz, eta bera, aldiz, abendukoa. Beti hitz egin izan du asko eta ondo Irenek, eta borrokan hasten ginenean hitzik gabe uzten ninduen. Orduan, nik indarra erabili behar izaten nuen! Askotan, Marta arreba txikiarekin batzen nituen indarrak Ireneren aurka egiteko.
Irene: Hori bai, baten bat gaizki portatzen zenean, ni amaren ondoan esertzen nintzenez, nik jasotzen nituen zartada guztiak!
Ogibidez psikologoa zaren arren, afizioz musikaria zara, Jokin. Nondik datorkizu zaletasuna?
Jokin: Musikari hitza, agian, handiegia da niretzat, baina bai. Txikitatik genituen gitarrak etxean, eta hamahiru urte inguru nituela hasiko nintzen. Amak lau akorde jotzen zekien, eta etxeko seme-alabei, ilobei eta inguruko guztiei erakutsi zien akorde haiek jotzen. Musikak asko lagundu dit barne-sentimenduak kanporatzen. Konposatzea oso gustuko dut, eta betidanik ibili naiz gitarra jotzen eta abestiak sortzen. Oraindik ere horrela jarraitzen dut.
Etxean arnasten zenuten giroak asko baldintzatu al zuen ondoren aukeratutako bidea?
Irene: Musika-giro horrek ezaugarritu gaitu, noski. Kantatzea oso liberatzailea da, gainera. On egiten duen benetako esperientzia fisiko eta emozionala da. Bakoitzaren bizitzan hori txertatzea oso ederra eta baliagarria da. Etxean ikasitakoa bakoitzak bere modura garatu du, Jokinek batez ere. Besteok modu pribatuan jorratu dugu. Oraindik ere askotan jarraitzen dugu elkarrekin kantatzen.
Jokin: Etxeko bostak beti izan gara sentiberak, eta musikak asko laguntzen du horretan. Aitak dena ematen zuen abesten zuenean, eta gu ere antzera ibiltzen gara. Arrazoi batengatik edo bestearengatik, orain kantariak diren familia batekin elkartu naiz, eta Irene zer esanik ez! Jarraipena eman diogu. Guretzat oso naturala izan den bezala, beste familia askorentzat ez da hain ohikoa hainbeste abestea. Asko gozatzen dugu musikarekin eta kantuan!
Irene: Senarraren familian, zeberiotarrengan, denak dira musikariak. Denek galdetzen diete ea askotan elkartzen diren instrumentuak jaso eta kantuan hasteko. Azkar erantzuten diete: «Ba ez hainbeste!». Gure etxean, aldiz, askoz ere azkarrago ateratzen ditugu instrumentuak, eta berehala hasten gara abesten.
Jokin: Musikariak zeberiotarrak dira, baina abeslariak, larrazatarrak [barrez].
Irene: Aitak, esaterako, afari baten maila neurtzeko neurri bat zeukan: kantuan pasatutako denboraren arabera izaten zen afaria ona. Ordu eta erdi pasatzen bazuten abesten, afari bikaina izaten zen!
Musikari askok, edozein afariren aurrean, badaezpada instrumentua autoan sartzen dute edozein unetan ateratzeko. Zu horrelakoa izan zara, Jokin?
Jokin: Gaur egun elkarte bateko kidea naiz, eta, askotan, bazkaldu ondoren ukelelea jotzeko eskatzen didate. Batzuetan eramaten dut, eta azkenerako beti ateratzen dut. Testuinguruaren arabera egiten dut, halere. Baldintza bakarra jartzen dut: abestu nahi duen jendea egotea. Publiko hori baldin badago, berdin zait bi edo hamabi izatea. Inork kasurik egiten ez badu, instrumentua jaso eta listo!
Gurasoek zenbateko garrantzia ematen zioten sormenari edo ikasketari?
Irene: Gure ama kulturazale naturala da, baina ez da horretaz kontziente. Asko irakurri izan du, eta sentsibilitate zein sentiberatasun handia izan du zinemara edo beste kultur ekintza batzuetara hurbiltzeko. Irrati-entzule amorratua izan da beti. Oso iritzi formatua dauka kulturaren inguruan. Oso modu naturalean transmititu digu hori dena.
Jokin: Nahiko artista eta sormen handikoa izan da bera beti. Antzerkia egiteko zalea da eta baliabide emozional asko ditu. Horrelako gauzak ditu amak! Aita ere nahiko artista zen. Ondo pasatzea asko gustatzen zitzaion!
Irene: Etxean beti oso ondo pasatu izan dugu. Esaterako, edozein egunetan mahai azpian afaltzen genuen, egun hark berezia izan behar zuela okurritzen zitzaiolako.
Zuk, Irene, Etxepare Euskal Institututik euskal kultura zabaltzen duzu munduan barrena. Nola dago euskararen egoera atzerrian?
Irene: Ez da egoera soziolinguistiko bat, baina interesa badagoela esan dezaket. Etxeparetik bi sare kudeatzen ditugu: euskara eta euskal kultura. Biak irakasteko sareak dira, bata euskal etxeetan eta bestea unibertsitateetan. Programa ezberdinak ere badaude euskara sustatzeko. Horrekin batera, kulturaren sustapena egiten dugu, eta, batez ere, euskaraz sortzen den kulturarena munduan. Jakin-mina badagoela ikusten dut, eta ez bakarrik diasporatik datorren jendearena, baita akademikoena ere. Gure hizkuntzari buruz eta gure herriari buruz jakin-min handia daukan jendea dago. Beste hizkuntza gutxituekin harremanetan jartzen gaitu horrek, baina ez gutxituekin bakarrik. Gure hizkuntza eta kultura testuinguru hegemonikoetara eramatea da Etxepare Institutuaren misioetako bat. Etxean sortzen dugun kulturak ez dauka kanpokoaren inbidiarik kalitate mailan. Herri txiki bat garela hartu behar dugu kontuan. Ez dugu lotsarik izan behar egiten duguna kanpoan erakusteko. Lanean jarraitu behar dugu etengabe. Gelditzen bagara, aurrean dugun mundu handi horrek jan egingo gaitu.
Eta euskal musika, zein egoeratan dago, Jokin?
Jokin: Kontsumitzen dut euskal musika, baina niri betidanik asko gustatu izan zait atzerriko musika. Talde gazte eta freskoak daude, eta gaur egungo musika globalizatu honetan, lehen euskaraz jorratzen ez ziren estiloak jorratzen ari dira. Gure kulturarekin lotzen dugu hori ere. Euskal musika askoz ere irekiago dago orain urte batzuk baino. Gaur egun, edozein estilotatik edaten dute gazteek, eta euren artean mugimendu handia dago. Alde horretatik, bide ona ikusten diot. Halere, oraindik musikatik bizitzea oso zaila da. Gure euskal musika kontsumituko duten entzuleen esparrua oso txikia da. Osasunez ondo ikusten dut.
Zuk, Jokin, inoiz izan duzu musikaz bizitzeko aukerarik?
Jokin: Ez. Ni oso gazte hasi nintzen, hamabost urterekin, Ze habil, barrabil! taldean. Oso gazteak ginen, eta ahal genuena egiten genuen. Ondoren, Uncle Mussels taldearekin nahiko ondo ibili ginen, eta kontzertu garrantzitsuak eman genituen. Fundamentu pixka bat gehiago izan bagenu, zerbait hobea aterako genukeen. Adinagatik eta bakoitzaren egunerokoagatik, hor gelditu behar izan genuen. Halere, hortaz bizitzeko inoiz ez dut aukerarik izan.
Zuen eguneroko lanagatik, eskatu izan dizkiozue aholkuak batak besteari?
Irene: Hona gentozela, hamar minutuan laburtu dizkiot laneko kezka guztiak. Askotan lasaigarria egiten zait Jokini nire gauzak kontatzea. Badakit entzuten ari dela, eta badakit zerbait arraroa sumatzen badu esango didala. Aholkulari ona da Jokin! Halere, normalean berarengana jotzen dudanean gai pertsonalengatik izaten da gehiago.
Jokin: Ireneren aldean, ni itxiagoa naiz. Gehiago kostatzen zait niri aholku bila joatea. Ez dakit inoiz joan naizen, baina bera gertu izatea eta ulertzen zaituela jakitea asko eskertzen da. Gauza bat argi daukagu: onerako eta txarrerako hor izango garela beti.
Zer da batak bestearengandik gehien miresten duzuena?
Irene: Nire buruaren ifrentzua bezala, berak duen pazientzia eta patxada besteei eskaintzeko.
Jokin: Irene animali sozial bat da! Sozialki makina bat da! Denak ezagutzen ditu elkarrizketa batekin edo bestearekin. Hori, miresteko gauza bat iruditzen zait. Lanerako gaitasun izugarria dauka. Oso langilea da Irene.
Inoiz kointziditu al duzue lanen batean?
Irene: Ez, oraindik ez! Saltsa batzuetan egin dugu topo, baina lan-arlotik kanpo izan da.
Jokin: Nik dakidala ere, ez!
Oraindik ere saltsaren bat partekatzen al duzue urtero?
Jokin: Badugu urtero partekatzen dugun hitzordu bat: Kalderero egunean Casino elkartean egiten dugun afaria. Bertan, kuadrilla ezberdinetako jendea elkartzen gara, eta niretzat behintzat oso gau polita izaten da. Marta arreba eta ahizparekin ere kointziditzen dugu. Jantzita irteten gara kalera, inauterietako gogoarekin, eta niretzat Irenerekin eta Martarekin egingo dudan parranda da hori. Bikain pasatzen dugu! Umore aldetik ere, azkar eta ondo konektatzen dugu. Ez da musikarik faltatzen gau horretan!
Irene: Umorea aipatuta, hirurok begirada soil batekin barne-txiste bat egin dezakegu. Zentzumen estra bat daukagu horretarako. Urteetako ondare bat daukagu. Parrandarako edo festan ondo pasatzeko elkartzen garenean, gai gara hirurak zerbait ikusi eta begirada batekin gutako bakoitzak zer pentsatzen duen edo zein txorakeria botako duen asmatzeko. Konexio berezi bat dugu horrelakoetan!
Irene: Horrelakoetan, gaiztoena ni naiz, zalantzarik gabe! Beste biak pertsona zintzoagoak dira kasu honetan.
Jokin: Agian, guri gutxiago nabaritzen zaigulako izan daiteke, baina horrek ez du esan nahi atzetik gurea egiten ez dugunik [barrez].