Zuretzako zer da parekoa?
Iker: Alaba zaharrena, eta bizitzeko lehen aitzakia.
Elene: Hasteko, aita, eta izan dudan erreferente nagusienetako bat.
Nola definituko zenuke?
Iker: Alaia eta arduratsua. Askotan esan diot berari ere jaiotzerako horrela imajinatzen nuela. Ez dut sorpresarik izan alde horretatik. Badirudi banekiela zerekin aurkituko nintzen bera jaiotzerakoan.
Elene: Langilea. Beti saiatzen da inguruko guztiei onura egiten, eta bera ere beti egoten da lanerako prest.
Zer ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke parekoaz?
Iker: Duen adina izateko, ingurukoez asko kezkatzen da. Injustiziak ikusteko, baloratzeko eta aldarrikatzeko gai da. Hori oso ona da.
Elene: Bere ingurukoez asko arduratzen da, eta etxera ahalik eta gauzarik onenak ekartzen saiatzen da une oro.
Zerbait ez hain positiboa parekoaz?
Iker: Ez da txarra. Adinarekin doan zerbait da. Nerabezaroan gertatzen diren gauzak dira, eta guk ere askotan ez dugu elkar ulertzen. Gauza guztiekin konformatuko balitz, ez litzateke ona, eta, agian, ez zen nire ametsetako alaba izango. Nik ez nuen lorontzi bat nahi, baizik eta benetako alaba bat.
Elene: Ez dakiela askotan bere sentimentuak kudeatzen. Haserretzen garenean askotan ez daki gauzak modurik onenean esaten. Gero beti amaitzen du gauzak konpontzen.
Nora joango zinateke gustura parekoarekin?
Iker: Denaren gainetik segurtasuna ematen dit Elenek. Edozein lekutara joango nintzateke berarekin, esaterako, oraintxe bertan Londresera. Beldur gehiago ematen dit amarekin bakarrik joateak, gehienbat ingelesarengatik. Gainera, nahiko konfiantza badaukagu geure artean edozer gauzez hitz egiteko.
Elene: Oporretara oso gustura joango nintzateke, inoiz ez baitira gaizki etortzen oporrak! Bestalde, Donostiara edo Bilbora egun pasa bat egitera ere joango nintzateke, eta izozki bat jan…
Berarekin pasatako une bereziren bat.
Iker: Dudan oroitzapenik txarrenetako bat, berarekin daukat. Behin bizikletan atzeko aulkian neramala, azkar joateko esaten zidan eta halako batean, egurrezko zubian biak lurrera joan ginen. Nahigabe handi samarra izan nuen. Nigan konfiantza galduko zuenaren zalantzak sartu zitzaikidan unean bertan.
Elene: Zirkuko lehen bira amaitu genuenean Donostian, txapel bat oparitu genion, eta ni izan nintzen eszenatokira atera eta txapela jantzi ziona.