Urtero bezala, Gure Zirkuak gabonen bueltako egunetarako hainbat emanaldi eskainiko ditu Tolosan. Modu horretan amaituko du maiatzaren 4an hasi zuen zortzigarren bira. 116 saio egin ditu orotara, bederatzi herritan. Iker Galartza (Amezketa, 1977) zirkuko arduradunak eta Elene Galartza (Tolosa, 2009) alabak zirkuak euren bizitzetan duen esanahiaz hitz egin dute.
Hamar urte atzera egingo dugu Iker. Gogoan al duzu zirkua erosiko zenuela erabaki zenuen eguna?
Iker: Gogoan dut, Poxpolo eta konpainia taldearekin herriz herri ibiltzeari utzi genionean eta Mokolo hil zenean, ohartu nintzela horrek jada ez zuela zentzurik. Nagikeria ematen zidan hurrengo urteetan gauza bera egingo nuela pentsatzeak; antzoki berak, abesti berak... Gogoan dut Villabonako antzokira joan nintzen batean, bestea faltan nuela, denbora guztian beste zerbait egiteko ideia nuela buruan. Halere, nik pailazo izaten jarritu nahi nuen!
Orain ere, asteburu libreak tokatzen zaizkigunean, beste zirku batzuk ikustera joaten gara, eta horietako bidaia batean besteen antzeko karpa txiki bat behar nuela pentsatu nuen. Internetez orrialde guztietan bilatzen aritu nintzen, eta jada banekien saldu hitza hizkuntza guztietan nola esaten zen [barrezka]. Azkenean, aita hil berri zitzaien familia bati hartu genion karpa. Emazteari esatean, ez zen harritu ere egin, eta erabakian lagundu eta aurrera egin genuen ideiarekin.
Elene, zu oso gaztea izango zinen arren, gogoan al duzu aitak zirkuaren ideia etxera ekarri zuen eguna?
Elene: Egia esan, ez dut gogoan momentu konkretua, baina amak beti kontatzen dit, zirkua erosi behar zutela esan zidatenean segituan esan nuela diru asko izango zela, eta nire itsulapikoa eskaini niela esaten dute [barrezka]. Ez zegoen asko, baina Disneyra joateko aurrezten ari nintzen, oraindik joan ez naizen arren. Iritsiko da eguna! [barrezka]
Iker: Bai bai, horrela etorri zen gugana, Disneyra aurrerago joango ginela esanez. Hortxe etorri zen bere txerriarekin! Diru kontuez hizketan entzungo gintuen eta lagundu nahian zebilen. Eta gogoratuko zara oporretan ikusi izan ditugun zirku pilez!
Elene: Bai bai, nola ahaztu! Oraindik ere horrela jarraitzen dugu, ez dakit nola egiten dugun, baina edonora joanda ere karparen bat beti aurkitzen dugu.
Iker: Beste zirkuak ikusten ere ideiak hartzen ditugu. Horrelaxe sortu zen Gure Zirkua, familiaren laguntzarekin. Elene zintzilik jarri zen, ama sarrerak eta kudeaketa lanetan jarri genuen, eta pixkana taldea handitzen joan ginen.
Oso umetan jada, soka ezberdinetatik zintzilikatzen zinen. Imajinatzen al zenuen zirkuan lanean amaituko zenuela?
Elene: Ez ez. Gogoan dut behin Leidorren Poxpolo eta konpaniaren agurra egin genuela, eta hor trapezioan aritu nintzela, baina ez nuen gehiagora joaterik espero. Niretzat jolasa zen, batzuk saskibaloian aritzen ziren bezala, ni etxean trapezioan aritzen nintzen.
Iker: Egia esan ez diot askotan galdetzen gustura dagoen. Haserretzen garenean, batzuetan esaten diot nahi izanez gero uzteko, gehienbat gustatuko litzaidakeena baino gutxiago entrenatzen duenean. Baina, ondoren badaki aita pozik edukitzen, eta segituan pasatzen zaigu. Gainera, nik uste dut ona dela berarentzat ardura edukitzea. Ni kamioiez arduratzen naizen bezala, Elenek mangerak bota eta dutxak prestatzen ditu, beste batek oihalak... Guztion artean ondo moldatzen gara, bakoitzak ondo daki zeintzuk diren bere ardurak.
Elene: Azkenean leku ezberdinetako jende asko elkartu gara, adin ezberdinetako jende asko, eta familia oso polita sortu dugu. Gatazkak ere izaten ditugu, guztiok bezala eta etxean bezala, baina oso ondo moldatzen gara eta oso giro polita dugu.
Zein esango zenukete dela zirkuan lan egitearen gauzarik politena?
Iker: Elkarrekin gaudela. Nik programa pila batetan egin dut lan, leku ezberdin askotan, batzuetan filmaketak kanpoan izaten nituen eta joan etorrian aritzen nintzen. Gogoan dut bueltatzen nintzen aldiro, umeak geroz eta zaharragoak ikusten nituela, eta esaten nuela hori ez zela posible. Orain, gustuko duguna elkarrekin egiten dugu, eta hori ederra da.
Elene: Bai bai, ados nago berarekin. Beste pertsona batzuekin elkarbizitzen jakin dugu, eta beste pertsona askorekin harreman oso onak egin ditugu.
Iker: Halere, parentesiak ere jartzen ditugu. Askotan umeak izaten dira afaltzera joateko esaten dutenak, bostak bakarrik joateko. Azkenean egun osoa elkarrekin pasatzen dugu, baina beste jende askorekin batera, eta egia da batzuetan zaila izaten dela bostontzat soilik denbora ateratzea.
Elene: Asteburu osoa karabana berdinean igarotzen dugu, bai, baina joan-etorrian ibiltzen garenez ia ez gara elkarrekin egoten.
Iker: Azkenean zirkuak hori du. Askotan besteen karabanetara lo egitera ere joaten dira. Eguraldiak laguntzen duenean, bereziki, oso gustura egoten gara, udalekuetan egotea bezala da. Lana egin behar da, baina nori ez zaio giro hori gustatzen! Gainera etxetik gertu gaude, pixka bat nekatuz gero etxera joan gaitezke pare bat egun deskantsatzera eta buelta.
Elene, zein esango zenuke dela zirkuaren alde txarrena zuretzat?
Elene: Lehen aipatutakoa esango nuke, asteburuetan hemen egoteko aukera ez izatea. Bestela ez nuke besterik esango. Batzuetan planak galdu behar izaten ditut zirkuagatik eta agian hori da alde txarrena.
Hainbat gauza ezberdin egin duzu zure ibilbidean. Non ibili zara gustuen, Iker?
Iker: Zirkuan! Gehienbat, besteen lanarekin asko gozatzen dudalako. Nire zatia oso gustura egiten dut, baina besteak ikusten asko disfrutatzen dut, esaterako, Eleneri begira, Ekaini begira, Lurri begira... Ondoren fresko ateratzen naiz. Antzerkian ere asko gozatzen dut, baina denbora tarte luzez bakarrik aritzen naiz, edo beste batekin agian, baina gehiengoa kontzentrazio maila batean. Telebista berriz, oso eskertua da. Telebista denoi gustatzen zaigu, alde batetik gehiago irabazten delako, eta bestetik oso eskertua delako. Etxean ikusten zaituzte, komentatu egiten da...
Elene, zuk betidanik ezagutu duzu aita lanean telebistan edo antzerkian. Asko jarraitu al duzu?
Elene: Bai bai, jarraitu asko, eta ez dut lotsarik pasa izan. Orain, antzerkian dabilenean askotan joaten naiz ikustera, eta telebistan dabilenean ere telesail guztiak jarraitzen ditut.
Iker: Aipatu behar dut Elenek asko lagundu didala, antzerkia dudan aldiro nirekin etortzen da eta animo horiek asko laguntzen didate. Hantxe esertzen da nirekin makilatzen nauten bitartean, gero bokata pare bat jan eta gustura egoten gara. Txikia zenean ere, kamerinoan egoten zen nirekin, eta batzuetan makilatu egiten zuten, atzazkalak margotu... Orduan ere gustura egoten zen. Txikitatik naturaltasun handiz hartu du.
Iker, gustatuko al litzaizuke Elenek ere telebistako bide hori hartuko balu?
Iker: Ez dakit. Gustatuko litzaidakeena da gustuko duen zerbait egitea. Nik asko eskertzen dut niri garai hartan gurasoek eman zidaten askatasuna. Gaur egun askotan behartzen ditugu gazteak 16 urterekin jada etorkizun guztia pentsatzera, eta bada 22 urterekin ere guztia aldatzen duenik. Badakit nire amari esan ohi ziotela bizilagunek, ea zerbait gehiago egin behar nuen. Bat batean aktore bilakatzea oso zaila zela esaten zioten, eta amak zoriontsu nintzela erantzuten zien. Nik ere hori nahi dut Elenerentzat.
Aitaren nondik norakoak ikusita, zuk aukeratuko al zenuke ibilbide hori zuretzat?
Elene: Ez dakit. Egia da gustuko dudala egiten duena, eta lana soberan dagoela, baina nik uste presio puntu bat ere izango nukeela. Aita ezaguna da herri guztian, eta bera bezain ondo egitea oso zaila izango litzateke. Okerrena konparaketa izango litzatekeela uste dut, baina egia da ez dudala ia inoiz pentsatu.
Inoiz erretiratuko al da Iker Galartza zirkutik?
Iker: Agian bai! Ez naiz inoiz erretiratuko ez naizenik esaten ibiliko, ez dut hil arte jarraituko, ia hil nintzen behin eta. Egia da gustatuko litzaidakeela lasaigo ibiltzea. Aitaren bizitza, adibidez, gustatzen zait. Baratzera joaten da goizean, gustatzen zaiona egin, ardo txuri bat hartu, mendi buelta bat egin... Ez dut esango jubilatuen bizitzan pentsatzen ari naizenik, baina lasaitasun hori gustuko dut.
Iker, eta alabak? Imaginatzen al dituzu hemendik 20 urtera zirkua gidatzen?
Iker: Nik ez diet hauei ardurarik gainean jarri nahi. Aukeratzeko libre izatea nahi dut. Hemendik urte batzuetara jarraitu nahi badute, ederki, eta beste zirku batera joan nahi badute ere oso ongi, edo kanpora joan eta bazterrak ezagutu.
Elene: Nik oraindik ez dut ideiarik etorkizunaz! Ez dakit zirkuan jarraituko dudan hemendik 3 urtera edo 5 urtera. Ez dakit zer gertatuko den, baina oraingoz gustura nago eta ahal dudan moduan aurrera egiten saiatzen naiz.