Ataria TB

Zalakaindarrak aurrez aurre

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2025eko otsailaren 20a

Modaren munduan sartuta daude bi ahizpa billabonatarrak; ahizpa zaharrena hasi zen dendarekin, eta pandemia garaian gazteena batu zen; egun kooperatiba ere sortua dute, eta Aroa udako bilduma ari dira prestatzen une honetan.

Zer da Amets / Lurgi zuretzat?

Lurgi: Bazkidea, laguna, eta ahizpa.

Amets: Ahizpa, bazkidea, laguna, eta beste batzuetan ez hain laguna [barrezka]. Aukeratutako lagun bat.

Nola definituko zenuke Amets / Lurgi?

Lurgi: Sentibera, ero xamarra, alaia, eta sortzailea.

Amets: Gogorra, eraginkorra, inguruko guztiak lanean jartzen dakiena, sortzailea eta enpatikoa.

Zein ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke besteaz?

Lurgi: Oso enpatikoa dela.

Amets: Sakona dela.

Zerbait nabarmendu beharko bagenu ez hain positiboa?

Lurgi: Mantso xamarra dela! Goizetan mugitzea kosta egiten zaio, eta ni aldiz aurkakoa naiz. Horrelakoetan talka handia egiten dugu.

Amets: Gogorregia dela.

Nora joaten zara edo joango zinateke gustura berarekin?

Lurgi: Edozein lekutara! Oraintxe bertan, hondartzaren batera oporretara.

Amets: Ez gara leku askotara joaten, egia esan. Oso gustura joango nintzateke oporretan berarekin.

Bestearekin pasatako une edo pasadizoren bat?

Lurgi: Aurreko batean konturatu nintzen hainbeste urte eta gero ez genuela hainbeste elkar ezagutzen! Parrandara atera ginen batera, eta, konturatu ginen oso antzekoak garela parrandan, eta antzeko txantxak egiten ditugula. Ahizpak gara, baina lagunak ere izan gaitezke. Deskubrimentu bat izan zen!

Amets: Denda ireki genueneko egun hura. Oso hunkigarria izan zen!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!