Zuretzako zer da parekoa?
Ion: Nire etxeko arreba txikia, laguna, babesa, eta beti laguntzeko prest dagoen neska bat.
Arantzazu: Ni baino hamar hilabete zaharragoa da, orduan, beti, oso elkartuta egon izan gara. Beti izan dugu harreman ona. Beti baldintzazko babesa izan da txikitatik nire kirol ibilbide guztian. Lagun ona da, eta badakit beti ondoan izango dudala bai onerako eta baita txarrerako ere.
Nola definituko zenuke?
Ion: Sinplea, langilea eta aberatsa, bere jakintasuna eta bere bizitzak eman dion ikasketa horiekin.
Arantzazu: Bihotz onekoa, eta beti laguntzeko prest dagoena. Eduki dituen lesio pilarekin eta ibilbidean izan dituen oztopoetan, mila adiz erori izan da baina mila aldiz ere altxa da.
Zer ezaugarri positibo nabarmenduko zenituzke parekoaz?
Ion: Lehen esan dudana, burugogorra gogoratzen dituen gauzekin. Oso langilea, xumea, eta sinplea. Nik uste dut hori dela azpimarratzekoa.
Arantzazu: Gehien bat, bai etxekoekin, bai lagunekin eta bai ezagutzen dituen pertsonekin, beti laguntzeko dagoen pertsona bat da, beti, baita ezagutzen ez dituen pertsonekin ere. Denontzako babes izugarria da.
Zein ez hain positibo?
Ion: Beti laguntzeko prest egote horrekin, noizbait, denok bezala, kolpeak hartzen dituela. Bestela, ezer negatiborik ez nioke aurkituko barruan.
Arantzazu: Berarekin edozein tokitara joanez gero, lasai joan! Jende gehiegi ezagutzen du, eta bera ere ezagutzen dute. Beti bere zain egon behar izaten dugu, baina horixe negatibo bakarra.
Nora joaten zara edo joango zinateke gustura berarekin?
Ion: Munduren amaierara. Lehen esan ditudan argudioengatik, beti laguntzeko prest dagoelako, babesteko prest dagoelako, bai kirolerako, bai lanerako, bai edozein etxeko arazoetarako…
Arantzazu: Bai, ni ere antzeko! Bere atzetik leku asko ikusi ditugu, eta egia esan begiak itxita itzuliko nintzateke Chamonixko zonalde horretara. Bi edo hiru aldiz egon naiz bere lasterketak ikusten, eta berak mendiak ezagutzen dituen bezala, gidari ederra izango litzateke. Horrelako bidaia eder bat egingo nuke berarekin bai.
Berarekin pasatako une bereziren bat?
Ion: Pasadizo dezente izan ditugu, baina, bat azpimarratuko nukeena, agian, lehenengo ultra irabazi nuenekoa. Emazteak eta umeak ezin izan zuten joan, eta bera eta ama etorri ziren niri laguntzera, eta babesa ematera. 15 kilometroren faltan ia lasterketatik erretiratzeko momentuan haiekin nengoen, hizketalditxo bat izan, eta helmugan eman genuen besarkada. Asko markatu didan momentua izan zen hura.
Arantzazu: Eguberri batzuetan, errege egun batean, esan nion: «elurra dago, eta bihar mendira joateko asmoa daukat». Ondotik, hala bota zidan: «ba ni ere agian animatuko naiz». Etxetik hiru kilometrora dago Erroizpe, eta une horretan esan zidan: «zenbat mendi pasa ditudan, zenbat egunsenti ikusi ditudan eta etxe ondoan horrelako elurrarekin hau ikustea, horrelako paisaia ikustea». Dena argi argia, argitzen, berarekin horrelako egun bat… Nik uste ez dudala sekula ahaztuko egun horretan ikusitakoa, bizitakoa, eta etxe ondoan izan zena. Gainera, eta berak esaten zuena, horrenbeste mendi, hainbeste lekutan egon gara, horrelako paisaia eta horrelako eguna atera zitzaigun, ahaztezina izan zela.