Berastegik eman dituen bi kirolaririk handienetakoak dira Ion Azpiroz (Berastegi, 1980) eta Arantzazu Azpiroz (Berastegi, 1981) anai-arrebak. Arantzazu, gazteena, oso gaztetatik hasi zen goi-mailako txirrindularitzan, eta Espainiako txapeldun izatera ere iritsi zen. Ion, helduenak, aldiz, bere kirol ibilbideko azken urteetan lortu ditu emaitzarik garrantzitsuenak. Kirolzale amorratuak dira biak ere.
Nola gogoratzen dituzu Arantzazu txirrindularitzako zure hastapenak?
Arantzazu: Niri, egia esan, kirola betidanik gustatu izan zait, eta korrika eta futbolean ibili izan naiz. Miguel Indurainen edo garai hartan, txirrindularitzarekiko afizio handia genuen etxean, eta Tourra eta beste hainbat txirrindularitza lasterketa ikustera joaten ginen sarritan. Azkenean, niri ere bizikletarekiko afizioa sartu zitzaidan eta Tolosako txirrindularitza klubean sartu nintzen probatzeko. Hamalau urterekin hasi nintzen eta hogeita zortzirekin utzi nuen ongi kateatuta [barrezka]. Egia esan, denbora gehiagoz jarraitzeko aukera ere banuen, baina, argi nuen momentu on batean utzi nahi nuela, ez sufritzen ari nintzen batean. Erabaki zaila izan zen, baina pozik harturiko erabakia.
Gutxi gora behera, arrebak utzitakoan hasi zinen zu orduan Ion. Nolakoak izan ziren mendian korrika hasitako lehen egunak?
Ion: Nik uste, geurea, pausoz-pauso joan den gauza bat dela. Oraindik mendi lasterketarik ez zegoenean, mendian asko ibiltzen ginen eta mendi martxak egiten genituen lagun artean. Ondoren mendi martxa luzeak gauez egiten hasi ziren, eta jabetzerako dortsala jartzeko aukera jarri zuten. Beranduago, Tolosaldean mendi lasterketa motzak egiten hasi ziren, geroz eta ezagun gehiago ateratzen ziren, eta, orduan eta kateatuago jarraitu genuen, eta behin talde hartan sartuz gero, ondoren ezin atera.
Arantzazu, gutxi gora behera, duela 30 urte hasi zinen txirrindularitzan. Nolakoa zen garai hartan emakumeen txirrindularitza?
Arantzazu: Egia esan, oraingoarekin ezin da alderatu ere egin! Gu hasi ginenean, gehienbat mutilekin korritzen genuen. Egia da Euskal Herrian zortea genuela, neskentzat ere nahikoa lasterketa bagenituelako, ez astebururo, noski, baina nahiko maiz. Lasterketa garrantzitsuak ere geroz eta gehiago ziren, eta emakumeak ere geroz eta gehiago parte hartzen hasi ziren. Ondorioz, talde gehiago, lasterketa gehiago sortu ziren, eta prentsa aldetik ere laguntza gehiago egon zen.
Ion: Gogoan dut, Aranen lasterketa bat ikustera joan nintzen batean, kadeteekin lehiatzen zuenean, jendea ikustera joan eta harrituta geratzen zela bi neska lehian ikusita.
Ion, zuek asko jarraitzen al zenuten Arantzazuren ibilbidea?
Ion: Bai bai! Halere, gurasoek gehiago, urte haietan urte nahastuagoak izan genituen eta, baina gu ere oso gustura joaten ginen ikustera. Gainera, arreba, etxeko txikia, irabazten ikusita, oraindik eta ilusio handiagoa izaten genuen.
Zu, aldiz, Ion, mendi lasterketetan nahiko berandu hasitakoa zara. Zure kirol ibilbideko emaitza hoberenak azken urteetan izan ziren.
Ion: Emaitza onenak lasterketa luzeak egiten hasi ondoren izan nituen. Lehen 100 kilometroko lasterketa egin ondoren, Euskal Irrati Telebistak egin zidan elkarrizketa batean esan nuen azkena izango zela, ez bainengoen ez fisikoki ez mentalki prestatuta gehiago egiteko. Horrez gain, asko sufritu nuen. Gauez, mendi martxak egiten jarraitu nuen, baina lasterketak ahalik eta azkarren egin nahi horretan, sekulako sufrimendua igaro nuen.
Arantzazu, zu ere Ionen jarraitzaile sutsua izan zara.
Arantzazu: Bai bai, berak asko sufritu du, baina gu ere asko sufritutakoak gara! Azkenean asko lagundu izan diogu, helmugara ondo iristen denean, oso ondo, baina hain ondo iristen ez zen horietan asko lagundu izan diogu. Adibidez, lehenengoz irabazi zuen ultra hartan, Pirinioetakoan, 2 ordu zeramatzan urik gabe, eta halako batean 15-20 kilometroren faltan zegoen anoa gunera deshidratatuta iritsi zen, sekulako beroa egiten baitzuen. Bertan, erori zen batean urik gabe geratu zela esan zigun. Hogei bat minutu egin zituen anoa gunean, jarraitu egingo zuela esan zigun, eta gero bestela ikusiko zuela zer egin. Ama eta biok kotxez abiatu ginen, eta segituan erretiratu egingo zela esanez deitu egin zigun, ezin zuela gehiago esanez. Beranduago, bertako kataluniar batek esan zigun, zuhaitz baten azpian deskantsatzen aritu zela, eta jarraitu egin zuela. Azkenean, lasterketa irabazi zuen. Alde batetik asko gozatu zuen, baina sufritu ere bai! Leher eginda etorri zen, baina gogoan dut halere apartamentura korrika joan zela.
Asko sufritu al duzu Ion jarraitzen?
Arantzazu: Sufrimendua ezberdina da, baina sekulako urduritasuna izaten nuen. Toki guztietara, anoa gune guztietara berak planifikatutako orduan iristearen presioa, eta beste milaka arrazoiren presioa. Nik uste, bera baino urduriago egoten ginela ikustera joaten ginenak.
Zuk ere Ion, asko sufritu al zenuen Arantzazuren ibilbidean zehar?
Ion: Bai, baina Aranek ongi esan bezala, sufrimendua ezberdina zen. Gainera, nik uste, gaur egun errepidean kontzientzia gehiago dagoela txirrindulariengan. Egia da ondoren lasterketa egunean askoz ere gehiago gozatzen genuela, baina entrenatzerako garaian beti izaten genuen errepidearekiko beldur hori.
Bi kirol hauek, kirol gogorrak dira. Zergatik aukeratu zenituzten?
Ion: Nire kasuan, eta lehen Aranek esan bezala, etxean txiki-txikitatik egin izan ditugun planak, eta, egunerokotasunean, orokorrean, mendian egon izan gara. Bizi garen etxea ere nahiko mendialdean dago gainera, eta nik uste alternatiba gutxi genuela.
Arantzazu: Egia da ni ere mendian ibili izan naizela, ez korrika, baina bai mendian. Lehen korrika aritzen nintzen pixka bat errepidean, eta, Ionek beti esan izan dit mendian hasteko, baina ez dit sekula nire bi anaiei ez bezala hainbeste erakarri.
Zuen kirol ibilbideetan zehar izandako zein egun on gogoratuko zenukete?
Ion: Emaitzen aldea eta emozioena banandu egingo nituzke. Emaitzen aldetik, oso argi daukat Chamonixen (Frantzia) 2017an egindako laugarren postua gogoratuko nukeela. Emozionalki aldiz, Leitzako Euskal Herria Mendi Erronka edo Beasaingo Goierriko Bi Handiak lasterketak gogoratuko nituzke. Azkenean etxeko lasterketak irabazteak gehiago markatzen du, baina nik uste Chamonixko lasterketa haren emaitzarekin betirako geratuko naizela.
Arantzazu: Nire kasuan, garaipen gisa Espainiako txapelketa esango nuke, espero ez nuen garaipen bat izan zelako, nahiz eta urte hartan oso emaitza onak lortzen ari nintzen. Halere, buruan grabatuta daukadan lasterketa bat, 2002ko Munduko txapelketa izan zen. Zolderren (Belgika) Joane Somarriba genuen lider bezela, eta harentzat lan egitea plazer handia izan zen. Egia esan bizikleta gainean izan dudan egunik hoberena izan zen. Azkenean Joanek brontzezko domina lortu zuen, eta niretzat hori garaipen bat bezala izan zen. Amaitzean, zuzenean niregana etorri eta eskerrak eman zizkidan domina hori lortzen laguntzeagatik. Lasterketa hori, niretzat bizi guztirako grabatua geratu den lasterketa izan da.
Asko aldatu al dira bi kirolak zuek hasi zinetenetik?
Ion: Bai bai! Mendi lasterketak hasi zirenean, ez zeuden ondo ikusiak. Ez zen hainbeste jende ikustera joaten, eta ezta parte hartzera ere. Gaur egun, aldiz, mendi lasterketetatik bizi den jendea ere badago. Duela 15 urtetako lasterketek gaur egungoekin ez dute zerikusirik. Zorionez, gure inguruan oraindik esentzia berarekin jarraitzen duten lasterketak daude, eta nik uste horrek ere bere xarma ematen diola gure kirol honi. Ez du zerikusirik ez prestakuntza aldetik eta ezta materialaren aldetik ere.
Arantzazu: Nire garaian, profesionaletan, ez zegoen ondo ordaintzen zuen talderik. Urtea hasten zen, baina urte erdian talde batzuk bertan behera uzten zuten aurrekonturik ez zegoelako. Gainera, orain, neskak ere geroz eta gehiago daude, talde kopuruak ere igotzen ari dira, diru laguntzak ere badaude, material gehiago dago, txirrindularitzaz bizi den geroz eta jende gehiago dago, eta maila ere altuagoa da. Poz handia ematen du aurrerapen hain nabarmenak eman direla ikusteak.
Kirolari gisa, bata bestearen zein ezaugarri aukeratuko zenukete?
Ion: Langilea zela esango nuke, eta izugarria zen entrenatzeko eta hobetzeko zuen grina hori.
Arantzazu: Nik ere diziplina esango nuke, lana egiteko duen diziplina, eta lasterketa zein entrenamenduetan momentu txarrei buelta emateko duen gaitasuna.
Zenbateko kopurua du kirol bakoitzak arlo mentaletik eta zenbat fisikotik?
Ion: Nik antzeko kopurua dutela esango nuke, batak bestea gabe ez baitu funtzionatzen. Lasterketa hasieran biak topera edukitzea garrantzitsua izaten da, fisikoki gorputza nekatzen denean, indarrik gabe geratzen denean, burua behar izaten da eta aurrera jarraitzeko.
Arantzazu: Txirrindularitzan ere berdintsua dela esango nuke. Fisikoki oso ondo egon zaitezke, baina, burua ondo ez badago, ez dago ezer egiterik.
Ion: Nik uste, kirolari onak eta txapeldunak bereizten dituen arloa burua dela. Elite mailan, adibidez, kirolari oso onak daude, baina txapeldun gutxi.
Buru osasunaz ari gara, eta gaur egun hori zaintzeko talde profesionaletan psikologoak izaten dira. Arantzazu, zuen garaian ere egoten al ziren?
Arantzazu: Egia da ni gaztea nintzenean, eta, maila ona nuenez, taldean bat izan genuen, baina orduan oso arraroa izaten zen. Gaur egun, aldiz, oso garrantzitsua iruditzen zaidan gauza bat da.
Ion, mendi lasterketetan ere jende askok egiten du psikologoarengana bisita?
Ion: Ni, adibidez, 2017an kirol psikologo batengana joan nintzen. Ordutik, beti gomendatu izan dut. Niri ondo joan zitzaidan, eta egia esan geroztik ez naiz berriro joan.
Arantzazu, asko botatzen al duzu faltan goi mailako txirrindularitza?
Arantzazu: Hasieran bai, banuen inbidia puntu hori, baina momentu onean utzi nuen. Orain, inbidia puntu hori kentzeko bizikletan ateratzen naiz, eta segituan pasatzen zait.
Berriz ere atzera egiteko aukera izango bazenute, kirol bera aukeratuko zenukete?
Arantzazu: Bai bai, dudarik gabe.
Ion: Nik ere dudarik gabe. Nahiz eta egia den futbolean ere oso gustura sentitu nintzela, baina lesio baten ondorioz utzi egin behar izan nuen.