Eta zer ez da (ez)berdin

[GOGORATUZ] Isabel Dumall eta Iñaki Mujika aurrez aurre

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko abu. 26a, 20:00

Isabel Dumall eta Iñaki Mujika ama-semeak jarri ditu 'Ataria'-k aurrez aurre.

Zer da Iñaki/Isabel zuretzat?

  • Dumall: Nire bigarren semea da, eta nire bizitzako zati handi bat.
  • Mujika: Nire ama bizitzako erreferente handienetako bat da.

Nola definituko zenuke parean duzuna?

  • Dumall: Oso pertsona ona da, sentibera, jatorra, eta laguntzeko prest dagoena. Txikitan oso mainontzia zen, eta oraindik ere horrela jarraitzen du izaten.
  • Mujika: Oso pertsona ona da, umila, eta ondokoei beti laguntzeko prest dagoena.

Zein ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke besteaz?

  • Dumall: Beti laguntzeko prest eta ondokoa besarkatzeko prest egoten da Iñaki.
  • Mujika: Beti egon izan da nire beharrei erantzuteko prest, eta nire bidean erabakiak hartzeko garaian asko lagundu izan dit beti.

Zerbait nabarmendu beharko bagenu ez hain positiboa?

  • Dumall: Buruan zerbait sartzen zaionean, oso zaila izaten da hortik ateratzea. Gauza ona baldin bada, ondo dago, baina niretzat hain gustukoa ez denean, sufriarazi egiten nau. Orain artean behintzat, erabaki onak hartu izan ditu orokorrean. Bestalde, oso desordenatua da!
  • Mujika: Gustuko ez dudan zerbait egin nahi ez dudanean, esaterako, nire logela garbitu, ama atzetik izaten dut beti, egin arte [barrezka].

Nora joaten zara edo joango zinateke gustura berarekin?

  • Dumall: Edozein lekutara! Oso moldaera onekoa da, eta edozein lekutan ondo moldatuko litzateke, esaterako, basamortuan edo elurretan.
  • Mujika: Bai kontzerturen batera, edo baita naturarekin zerikusia duen edozein lekutara, bai mendira edo eskiatzera.

Bestearekin pasatako une bereziren bat edo pasadizoren bat?

  • Dumall: Txikitan askotan erortzen zen. Txilinbueltak egiten pasatzen zuen eguna, eta beti kinka larrian ibiltzen zen. Behin, izugarria hartu zuen, eta eskolara anbulantzia ere etorri zen beragatik. Ezin zuela mugitu esaten zuen, eta proba asko egin zizkioten. Medikuak ezer ez zuela esaten zuen. Berak nahi zuen gauza bakarra zera zen, gurpildun ahulki batean ateratzea!
  • Mujika: Txikitan edozein bidaietara joaten ginenean igarotako uneak ez ditut ahazteko. Orain ere joango nintzateke hilabeteko bidaiaren batera!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!