Eta zer ez da (ez)berdin

Gorostidi Gabirondo ama-semeak aurrez aurre

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko api. 4a, 11:58

Ama txirrindularitzaren goi mailan aritu zen laurogeita hamargarren hamarkadan, eta herri-kirolekin jarraitu zuen gero; semeak, berriz, martxoan debutatu zuen pilotari profesional bezala. oso gertutik jarraitzen du amak semearen ibilbidea.

Zer da Arkaitz / Josune zuretzat?

Josune: Semea eta konfiantzazko pertsona.

Arkaitz: Ama eta berak esan duen moduan konfiantzazko pertsona. Arazo bat dudanean, ez dut zalantzarik izaten berari kontatzeko. Familiako euskarririk garrantzitsuena edo garrantzitsuenetako bat ere bada. Etxean ez dagoenean asko nabaritzen da.

Nola definituko zenuke Arkaitz / Josune?

Josune: Mutil saiatua, gozoa eta alaia.

Arkaitz: Langilea oso, eta etxean askotan azpimarratu izan digu umiltasuna izateko. Oso pertsona umila da, eta aldi berean oso xumea.

Zein ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke besteaz?

Josune: Etxean gatza eta piperra jartzen duena da Arkaitz. Aldi berean oso musikazalea da, eta beti kantatzen ibiltzen da etxean. Asko pozten du etxea!

Arkaitz: Oso pertsona alaia dela, eta aldi berean umila dela.

Zerbait nabarmendu beharko bagenu ez hain positiboa?

Josune: Etxean ez duela harrikoa egiten! Pilotan jolasteko eskuak bustitzea txarra denaren aitzakiarekin, beti libratzen da!

Arkaitz: Urduritasun handia duela. Afizionatua nintzenean asko urduritzen zen partidetan, eta orain zer esanik ez! Pena pixka bat ematen dit hain urduri ikusteak.

Nora joaten zara edo joango zinateke gustura berarekin?

Josune: Mendi buelta bat egitera gure kontuak kontatuz.

Arkaitz: Nik ere antzeko. Hori bai, ondo bukatzeko, edozein tabernatan kroketa batzuk edo pintxo bat janda zerbait edanez.

Bestearekin pasatako une bereziren bat edo pasadizoren bat?

Josune: Suitzara joan gineneko bidai hura autobusez, edo sega txapelketa jokatu zuenekoa. Debuteko eguna ere ez dut ahazteko. Oso hunkigarria izan zen naiz eta oso urduri egon nintzen. Berari esker oso egun polita igaro genuen.

Arkaitz: Debuteko eguna oso polita izan zen, baina ez nuke ATARIA-ko txapelketa ahaztu nahi. Aitonari eskaini nahi nion beti txapelaren bat, eta zortez hori lortu nuen. Hernialdeko Ugaitz Amondarainekin irabaztea lortu nuen, eta poz handia hartu genuen denok, bai aitonarengatik eta familiarengatik. Bazkari eder batekin ospatu genuen txapel hura.

Josune: Ni ere gogoratzen naiz Amondarainen ama ondoan nuela , eta ni oso urduri nengoela. Bera, aldiz, oso lasai ikusten nuen. 2015eko ATARIA-ko lehen txapel hura oso polita izan zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!