Eta zer ez da (ez)berdin

«Jendeak geroz eta kirolari gazteagoak nahi ditu»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko api. 4a, 11:59

Txirrindularitzako goi mailan aritu zen Josune Gorostidi gaztetan, eta gerora, herri-kiroletan; Arkaitz Gabirondo, semeak, berriki debutatu du profesional mailan pilotari moduan.

Kirolaren baitan bizi diren ama-semeak dira Josune Gorostidi (Leaburu-Txarama, 1967) eta Arkaitz Gabirondo (Gaztelu, 2004). Josune, ama, emakumeen euskal txirrindularitzak inoiz eman duen txirrindulari handienetako bat izan zen laurogeita hamargarren hamarraldian. Arkaitz semea, aldiz, egun gutxi dira pilota profesionalean debuta egin duela. Biei ere begiek dir-dir egiten diete parekoaren kirol ibilbidea gogoratzean. Kirolari osoak dira biak ere.

Estreinakoz aritu zinen pilota profesionalean ASPE enpresaren eskutik martxoaren 24an. Nola bizi izan zenuen?

Arkaitz: Aurreko egunetan nahiko lasai nengoen, baina debuta baino bi egun lehenago hasi nintzen jada urduritasuna nabaritzen. Lo ere ez nuen oso ondo egin, eta horrek arduratzen ninduen. Gerora ondo egin nuen lo. Apetitu askorik gabe ere ibili nintzen. Egunean bertan, pilotan hasi nintzenean lasaitu nintzen. Oso egun polita izan zen. Inoiz ez dut ahaztuko! Partida galdu egin genuen, baina niretzat izugarria izan zen bertaratu zen jende guztia han ikustea. Betirako geldituko zaidan momentua izan zen hura!

Eta amak, nola bizitu zuen estreinakoa?

Josune: Oso urduri! Aurreko egunetan ere lana pilatu zitzaigun. Lan handienetan alaba ibili zen arren, lana zegoen; sarrerak eskatu, kamisetak egin, ondorengo afaria antolatu… Arkaitz lasai utzi nahi genuen. Eguna nola izango zen ere irudikatu nuen. Bera ondo iritsiko zenaren kezka ere baneukan. Bera zen protagonista nagusia egun horretan, eta ez nuen bera gaixotzerik nahi. Debutaren egunean ondo jaiki zela ikusi nuenean, aurrera egiteko momentua zela ikusi nuen.

Gogoan daukazu debutatu egingo zenuela esan zizuten une hura?

Arkaitz: Bai, gogoratzen naiz. Eskolan nengoen klasekoekin, eta Aspe enpresako Inaxio Errandonearen mezu bat jaso nuen. Aurretik hitz eginda geneukan, agian, udan egin nezakeela debuta. Gerora aurreratu zidaten, martxoan ere izan zitekeela. Niri oso azkar iruditzen zitzaidan martxoan estreinakoz aritzea. Halere, gutxira, martxoaren 24an eta Beotibar frontoian izango zela baieztatu zidan. Kristoren poza hartu nuen, baina, aldi berean, izugarrizko berotasuna sentitu nuen gorputzean. Amesten nuen lekua zen Beotibar!

Zuk, Josune, gogoan daukazu zure estreinakoa txirrindularitzan?

Josune: Aspaldi xamar pasa zen, baina, uste dut nire lehen lasterketa Berrizen (Bizkaia) jokatu nuela. Hirugarren amaitu nuela gogoratzen dut, eta kopa bat ere eman zidaten. Gogoan dut zein pozik joan nintzen etxera! Orduan ez zegoen ez telebistarik, ez telefonorik… Beste garai batzuk ziren haiek.

Nola gogoratzen dituzu kirolean egindako hastapenak?

Josune: Etxean bizikleta bat erosi zidaten, eta aitarekin ateratzen nintzen entrenatzera. Garai haietan, Patxi Alkorta zenak, Panifisa enpresa zeukan Amarotzen. Igande askotan bertara joaten ginen ogia erostera, eta bertan ikusten ninduen bizikletan. Emakumeen talde bat osatu nahi zuten, eta garai haietan oso emakume gutxi ibiltzen ginen bizikletan. Gutxira, haiekin hasteko gonbita egin zidan, beste emakume batzuekin batera.

Zureak nolakoak izan ziren Arkaitz? Frontoia herrian bertan izanda dena errazagoa izan zen.

Arkaitz: Egia esanda, ez naiz bertan asko ibilitakoa! Lagunak oso pilotazaleak nituen, eta txikitatik beti pilotan ibili izan gara eskolako frontoian. Egun guztia pilotan pasatzen genuen! Lagunak pilota eskolan hasita zeuden, eta ondo moldatzen nintzela esaten zidaten. Haiekin batera has nintekeela aipatu, eta horrela hasi nintzen. Mikel Belloso herriko entrenatzailearekin hasi nintzen entrenatzen, eta gaur arte horretan dihardugu.

Josune, zuen garaietan ohikoa ez zen arren, hasi eta gutxira Madrilera joan zinen goi errendimenduko zentro batera.

Josune: Orduan ez genekien non sartzen ginen ere! Orbeak, ordurako, gizonezkoen talde profesionala zeukan, eta lehenbizikoz atera zuten emakumeen taldea. Dena berria zen guretzat; aurkezpenak, gero prentsa… Askotan pentsatzen nuen; baina, ni non sartu naiz? Inoiz ez naiz egunkarietan eta prentsan atera zalea izan, baina egun haietan nahiko oihartzun handia izan zuen hark guztiak. Ondoren, Blumen izan ginen bi urtez, 1992ko Olinpiar Jokoak prestatzeko aitzakiarekin. Oso esperientzia gogorra izan zen hura niretzat. Diru asko gastatu nuen telefonoz etxera deitzen! Asko kostatu zitzaidan etxetik Madrilera joatea.

Aita segalaria izanda, eta, ama txirrindulari ohia eta herri kirolaria izanda, zuen etxean kirola ezinbestekoa izan al da?

Arkaitz: Zortez gurasoak ere kirolariak izan dira, eta niri asko lagundu dit horrek. Kirol mundutik datozen bi kirolari dira, eta beti umiltasunetik eta haien esperientziatik esan izan didate gauzak nola bideratu. Inoiz ez naute kirola egitera bultzatu.

Ama ez zenuen lehiatzen ikusteko aukerarik izan, baina zer kontatu izan dizute?

Arkaitz: Amak oso gauza gutxi kontatu izan dizkigu beraz. Guk, beti, aita izan dugu segalaria! Aita ere ez da inoiz gauza gehiegi kontatzekoa izan, baina amarena uste dut oraindik ere zuhurtasun handiagoarekin pasa izan dela etxean. Txirrindularia izan zela eta bai, baina bestela… Interneten ikusi izan ditut berak egindakoak, eta gauza handiak lortu zituela ikusi izan dut.

Zuk barrutik nola bizi izan zenuen Madrilgo egonaldia?

Josune: Oso gazte nintzela utzi nuen txirrindularitza. Oso erreta amaitu nuen azkenerako. Geure artean lehiakortasun handia genuen Madrilen bizi izan nintzenean. Hiru postu bakarrik zeuden Olinpiar Jokoetarako, eta lehia izugarria zen. Ez nuen ondo eramaten hura. Orain, atzera begira jartzen naizenean, batzuetan pentsatzen dut, agian, oso gazte nintzela utzi nuela dena. Garaipen garrantzitsu asko lortu nituen halere, eta horrek asko bete ninduen, baina etxetik kanpo egotea geroz eta gehiago kostatzen zitzaidan.

Semeak amarena ez, baina amak semearen kirol ibilbide guztia jarraitu izan al du?

Josune: Bai bai! Kirol guztiak gustatzen zaizkit, eta ahal dudan heinean denak jarraitzen ditut, eta Arkaitz eta pilota are gehiago! Zortzi urterekin hasi zenean eta gaur arte, Arkaitzen partida pare bat besterik ez nituen galduko. Asko gozatu dut bere ibilbidearekin, baina sufritu ere asko egin dut. Kirolean normalean, gehiago galtzen da irabazi baino, eta hori ere jakin behar da. Gazteago zela, une txar asko pasatakoa da hainbat partidetan, baina nik beti izan dut esperantza berarekin. Oso berandu hazi zen, eta banekien egunen batean jauzia egingo zuela. Mikel Olaetxea entrenatzaileak ere beti esaten zion jarraitzeko pilotan, ez etsitzeko. Zenbatetan esan izan ote dio; segi pilotan Arkaitz, hik egingo dek eta!

Kolpetik hamazazpi zentimetro hazi omen zinen.

Arkaitz: Bai, pandemia garaian izan zen. Pilotariek eta lagunek aipatzen zidaten ea zer gertatu zitzaidan. Egia esan, nik ere ez dakit zer gertatu zen. Agian, Gaztelun lasai egoteagatik edo izango zen. Eskerrak hazi nintzen! Bestela ziur nago ez nintzela gaur egun nagoen tokian egongo!

Txirrindularitza eta pilota bai, baina zeuen etxean denak batzen dituena herri-kirolak dira.

Arkaitz: Bai, zalantzarik gabe. Oso gertutik bizi izan ditugu, eta oso zaleak gara. Edozein herri-kirol ikustea gustuko dut. Aita zen mundu horretakoa, eta ama ere horretara bideratu zuen. Nik, uste nuen ama herri-kiroletan zela ona! Gerora jakin nuen txirrindularitzan ere izan zela, eta bikaina gainera.

Hainbat urtetan trontzan eta lokotx biltzen ibili ondoren, azken urteetan sokatiran amaitu zenuen.

Josune: Txirrindularitza utzi eta senarrarekin hasi nintzen. Gerora, ezkondu eta ama izan nintzen. Lehenik segan hasi nintzen, baina ez nintzen batere ondo moldatzen. Lourdes Intsausti lagunak animatuta hasi nintzen trontzan. Probatzea erabaki nuen, eta entrenatzera Idiazabalera joaten nintzen. Bi urtez, serio aritu ginen, eta bietan txapeldun izan ginen. Asko gozatu nuen trontzan. Lokotxekin, fisikoa mantentzeagatik hasi nintzen. Baliarraingo festetan Euskal Herriko txapelketa zela aipatu, eta bertara joan nintzen lehenbizikoz. Han ere urte batzuk pasa nituen. Amaitzeko, sokatiran hasi nintzen. Senarrak, segan entrenatzen zituen Ibarrako neska batzuk, eta haiek animatuta hasi nintzen. Oso oroitzapen onak ditut sokatiran ibilitako garaiez. Hemen ere izugarri gozatu nuen. Giro bikaina izan genuen, eta mundialak jokatzeko aukera izan nuen. Gauza asko bizitzeko aukera eman zidan sokatirak. Berrogeita hamar urterekin utzi nituen herri-kirolak. Beti pentsatu izan dut goi mailan egonda utzi behar dela kirola. Jakin egin behar da noiz utzi.

Biak ere oso goiz hasi zineten profesionaletan lehiatzen goi mailan. Iruditzen zaizue gaur egun geroz eta pazientzia gutxiago dagoela kirolariekin?

Arkaitz: Nik alde horretatik zortea izan dut. Enpresatik esan didate lehen bi urteetan ikasi egin behar dudala. Horrek lasaitasuna ematen dit, baina ezin dut lo hartu. Hemen aurrera egin beharra dago. Kontziente naiz egoeraz, eta badakit maila handia dagoela, eta aldi berean maila eman behar dudala.

Josune: Egia da kasu batzuk deigarriak direla kirol batzuetan. Aurreko batean, esaterako, txirrindulari bat afizionatu mailatik igaro gabe hasi da profesionaletan. Eta nire buruari galdetzen nion, hori ona da? Egia da, halere, profesionaletara jauzia egiteko esaten dizutenean oso zaila dela ezetz esatea. Oso zaila da horrelako aukerei ezetz esatea. Jendeak geroz eta kirolari gazteagoak nahi ditu.

Zure kasuan, Arkaitz, 19 urte ez da adin txarra debutatzeko.

Arkaitz: Ez, eta gainera hogei egitera noa! Orain dela urtebete oso heldugabea nintzen, baina azkenaldi honetan entrenamendu hobeak egiten ari naiz, txapelketaren bat ere irabazi dut, eta nahiko joko puntu onean nago. Horrela ikusten zaituztenean, agian, hori da momentua jauzia egiteko. Aukerak probestu behar dira!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!