Kale Kantoitik

Errutinari tiraka erretina

Errutinari tiraka duzu erretina. Errutinaren parte bilakatu da gaueroko errotazioa. Ohean bueltaka daramatzazu asteak, iraulitako autoaren gurpilen gisan, norabait iritsi nahian. Oskola arrautzeztatzen bezala, geroz eta lodiago izan dezazun.

Eta beste bira bat, baina oraingoan jarrera aldatuaz. Nahikoa dela uste duzu, horregatik jarraitzen duzu.    

Insomnio gauak baino okerrago dira ordea hurrengo egun luzeak. Energia guztiarekin esnatzen zarenak, lo egin beharrik ere izango ez bazenu bezala. Eguna amaitzen doan heinean ostera, zu zeu ere itzaltzen nabaritzen zara. Nekatuago, betazalak ia lurreraino… eta ohera sartzean berriro, zas! Argia pizten da zure ganbaran.

Agian loa kentzen dizuna da, goizero jaikiarazten zaituen bera. Lentillak jarrita esnatu zara, etxera iristean kentzeaz ahantzita. Sarri maskararekin lez. Ia begiak ireki ezinik egon zara iratzartzean. Hau ere, maskararekin gertatu ohi den modura.

Ohean bueltaka igarotzen dituzu orduak. Maindireak ere azalaren pare; goxo zaude haren babesean baina badakizu noizbait erantzi beharrean izango zarela. Egunak burumakur, gauak sabaiari begira. Goizero ohetik jauzi egin, ohe azpiko munstro bilakatu arte.

Akiturik, gogaiturik zauzka zeure buruak. “Zure gauzak” dira denak. Arazoen eta beldurren Diogenes sindromea. “Zure gauzak izatetik, laster igaroko zara zeu euren gauza izatera, begi azpiko poltsetan jada ez denean ezer gehiago kabitzen”. Beraz, gauari zati bat kendu eta adabaki moduan jarri duzu.    

Ez duzu uler zaitzaten nahi, beste hizkuntza batean idazten zara, haatik, itzultzaileak beti joan egiten dira.

Ez duzu dirurik sobera; aspaldi hipotekatu baitzenuen ausardia artaldearekin bat egiteko. Larunbatek soilik errespetatzen dute zure erritmoa; eta hori hartu duzu medikagaitzat.

Lantzean behin gau osoan lokartzea: ongi zaudela argudiatzeko behar duzun berme bakarra. Datozen egunetan hasiko da ordea zikloa berriro ere. Eta horrela zurrunbiloka.

Berriro ilundu du egunak eta eztandaren aurrean bezala itxi zaizkizu begiak. Hasi da atzera kontaketa; berehala lehertuko dira gatazkak. Goizean, betazalen pertsianak irekita ere ez da sartuko argirik. Lotan jarraituko duzu, nahiz eta gauean ez egin lorik.

Lo(tsa), (a)lo(kairua), lo(turak)... Loa izango da zure arazo nagusiena. Loa zure amesgaizto handiena. Loan jarriko duzu fokua, atentzioa eta sendabidea. Loa kentzen dizunari ordez.

Eta horretaz baliatuko da sistema. Indarrik izan ez dezazun, begiak ireki ez ditzazun. Pilulak koloretakoak egingo ditu, liskarrak jaten eta errua botatzen irakatsiko dizu, ahulena izatearen alde lehiatzen... Baina gehiegi nazkatu aurretik, salbatuko zaituen printze bat etorriko dela kontatuko dizu. Bitartean, lotan jarrai dezazun.   

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!