Kale Kantoitik

Erre

Ez du inork sentsazio hori izan? Harrapatuta zaude, baina nahiago duzu berton geratu. Ez baitakizu estutzen zaituen horrek zenbateraino besarkatzen zaituen eta zenbateraino ito. Sadikoa dirudi. Agian horrela da, baina badirudi zure burua zigortzen duzula plazera sentitu arte. Edo alderantziz.

Dislexiaz irakurtzen duzu gertatua eta horregatik ez duzu ulertzen nola iritsi zaren honaino.

Zirrikitua txikiegi eta zuloa irteteko bakarrik. Sartzeko ateak barruraka soilik irekitzen dira. Zerraila arrakala bat besterik ez da, giltza inork ez duena. Ireki diezazuten, edota barruan harrapatuta geldituko diren beldur zara.

Begi-zuloekin jaikitzen zara egunero. Kezkak, beldurrak eta insomnioa gordetzen dituzten begiko-poltsak. Badute begiak irekita eduki ahal izateko haina pisu, baina betazalak ixtea desiratzen duzu. Akaso, gauean egin izan ez duzun moduan.

Esna mantenduko zara. Ziztadek ez baitzaituzte esna mantentzen, haien pozoia saiatzen da zu lokartzen. Eta zuk esna darraizu, pozoiak gorputza menderatu aurretik zeure buruari desobedientzia deklaratzen.

Oin(h)arrizkoa dena, oinarri bilakatzen. Apurka-apurka, etxera bueltako apurrak lez, kanpotik ezkutatuko zaren horma eraikitzeko. Teilatutik hasi eta zerua lurrera ekartzeko. (Ka)osa.

Alde egingo duzu behin eta berriz, zerbaiten aurka joateagatik. Ihesbide eta itzuleraren linboan bilatzen zaituzten bitartean, zuk zeure burua maskararen azpian aurkitu aurretik.

Eranzten jarraituko duzu, isuri nahi duzun guztia erauziz. Bere kabuz eroriko denak ordea, bertan jarraituko du biluztu gabe.

Zauden lekuan zaudela, ez zara bertan egongo. Distantziak (ne)urtzen ikasiko duzu, baina ez nahi bezala. Beti zabiltzalako gorputzetik haratago, azaletik barrurago, isiltasunetik ozenago, galeratik gertuago eta zugandik urrunago.

Antipodetan aurkituko zara sarri galdu zinen(h)arekin. Noizbait itzuli izan zara, itzulinguruka, baina ez zara sekula iritsi.

Utzi lokatzez zipriztindutako zapatilak jantzitza, utzi lorratzez beteriko larrua. Gorde errautsak. Kendu dizuten guztiak pisutsuago egin zaitu, aldiro hondoratuz. Agian hori da oinak lurrean sentitzeko modu bakarra. Kalean hotz egiten du eta behin eta berriz eraitsi nahi izan duten herria bezala piztuta zaude oraindik; erretzeko prest.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!