Hala ere, bi urtez behin itxaropena berpizten zait barre-barrenean. Zoritxarrez, oraindik ere bi urtez behin KORRIKA aritzea beharrezkoa zaigulako. Lasterketa erraldoiak erdigunean jartzen baitu euskararen egoera eta normalizazioaren borroka, eta garbi hitz eginda, oraindik zuen sosak ezinbestekoak ditugu gure jarduna indartzeko. Eta bi urtez behin nekearekin nahasten zait hilabeteetan pilatutako esker ona. Esker ona lankide ezin hobeengatik, tsunamiaren erdian egonagatik ere irribarre egitea aukeratzen dutelako. Esker ona erakunde zein udalek agendan lekutxo bat gordetzen digutelako, berdin iparralde zein hegoaldeko, erdigune edo bazterreko.
Baina, zalantzarik gabe, zuk epeltzen didazu bereziki bihotza. Egunari ordubetea lapurtu eta bilerara etortzea erabaki duzulako; edo gauaren erdian peto horia jantzi eta errepide ertzean jarriko zarelako; edo besterik gabe, hamabost euroko ekarpen baliotsua egin duzulako. Laburbilduz: bizimodu frenetiko honetan zure alea jartzeko modua egin duzulako.
«Gogorarazten digu badakigula norabide berean arraun egiten, indibidualtasunak utzi eta elkar laguntzen»
Ez dut gezurrik esango, bi urtez behin gainditu egiten gaitu ekimenak, baina neurri berean —edo handiagoan akaso— erantzuten digu euskal gizarteak. Gogorarazten digu badagoela euskaraz bizi nahi duen herri oso bat, guztion aterpe izan nahi duena, guztiok kabitzen garena. Gogorarazten digu badakigula norabide berean arraun egiten, indibidualtasunak utzi eta elkar laguntzen. Eta euskaldun izateaz gain, ez dago beste ezer gehiago harrotzen nauenik.
Oraindik ere zalantzarik geratu bazaizu, mila esker zure lankidetzagatik, lagun maite. Ezinbestekoa zara! Eta batez ere, eskerrik asko maizten hasitako bihotz hau goxatzeagatik. Beharbada ez goaz hain gaizki ere.