Kale Kantoitik

Eguzkitako betaurrekoen atzean

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Zubillaga 2017ko eka. 16a, 16:12

Udara ekainaren 21ean hasten omen da. Baina guk ez dugu itxarotea gustuko, udara igerilekuen irekierak hasten du! Eta bestela galdetu biloba bihurri geldiezinak zaindu behar dituzten aitona-amonei, koitaduak haiek.

Belazera iritsi aurreko putzuan hankak sartu behar diren arren, belarretan etzanda karta partida jokatzea, lagunei uretara bota eta haien errieta jasotzea, lehenengo egunetik kakao hautsetan ibili direla diruditen aitona-amonak pasieran, umeak alde batetik bestera beraiek baino handiagoak diren uretako betaurrekoekin, igerilekuaren zintarrian eserita hankak plisti-plasta…

Baina dena ez da zeru argi. Horko horrek asko gizendu du. Eta beste hori? Zenbateko zelulitisa duen. Ah! Eta hura, Instagramen gauza bat erakutsi, baina gero, begira… Horko neska horrek hori titi puskak, baina gizen dagoelako. Beste hori aldiz, `jo-der´ hezurretan dago eta, nire uste, gaixo… entzun dut zerbait, ez duela jaten edo. Mutil horrek hori beso puska, hori bai gizona. Horko hori, aldiz, ez da ezer, haizeak eramango luke. Eta mutiko hori, zer dabil bikiniarekin? Zein handia den neska hori, ze bizkar zabala, ez nuke halakoa izan nahiko. Gainera, makillajearekin igerilekuan, zer dabil? Hori bai, horko horrek hobe luke gutxienez pixka jarriko balu, nik grano horiekin agirian ez nitzake etorriko. Horrek bai gorputz polita, argal eta titi ederrekin. Baina, agian, hain argal egoteko handiegiak.

Hor ibiltzen gara Risto Mejideren pare; eguzkitako betaurrekoak jantzita, gure hutsak besteei egiten dizkiegun kritikekin betetzen. Baina beno, guk ez dugu burkinia delako hori jantzi behar, menpekotasuna Ekialde Hurbileko kontua da soilik. Gu libre gara, ezta?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!