Ezpala Gaztetxea

"Ezpala hustu dezakezue, baina gaztetxe beharrarekin ez duzue amaituko"

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Zubillaga 2016ko urt. 15a, 11:58

Betiko borroka, betiko gatazka. Beste gaztetxe bat itxi dute. Tolosako Gazte Asanblada eta bertara gerturatu diren gazteak 23 egun lanean egon ondoren, Ezpala Gaztetxea utzi behar izan dute.

Horretarako arrazoiak egon beharko dira, ezta? Ikus dezagun… Hilabete baino gutxiagoan, Ezpalak Tolosako gazteriari kontzertuak eskaini dizkio, bertso afariak, pelikulak eta dokumentalak, poker eta mus txapelketa, malabarismo tailerra, afrikar eta euskal dantza ikastaroak, mural margotze ikastaroa, antzerkiak eta kalejira, besteak beste. Hitz gutxitan, gaztetxeak entretenimendua eskaini du eta KULTURA sustatu du.

Ene bada! Hori gaitza! Eta hori gutxi balitz… LONCEren aurkako hitzaldia, Fraking ez taldearen eskutik hitzaldia, Erraustegirik ez koordinadoratik hitzaldia ere, feminismoa bizi ereduen oinarri edo elikadura burujabea gai zuten mahai-inguruak. Hitz gutxitan, gaztetxeak gai sozialak plazaratu ditu. Informazioa eta heziketa eskaini ditu eta KONTZIENTZIA KRITIKOA sustatu du.

Ezpalak gazteei Udalak eskaintzen ez dizkien aukerak eman dizkie, eta gainera, gaztetxe guztietan izan ohi den bezala, dohainik edo prezio merkean. Asanbladak eta auzolana tresna, autogestioa izan da giltza. Instituzioen beharrik gabe; gazteak eskurik esku lanean, nahi duten herria eraikitzen. Orain bai, ezta? Orain ikusten duzu gaztetxea utzarazi izanaren arrazoia…

Ironiak alde batera, serio jarri gaitezen. Gaztetxearen aurka dauden tolosarrei esaten diet: bertako praktika zure ildo ideologiko berekoa izan edo ez, gizarteko gutxiengo handi baten nahia eta beharra da gaztetxea. Ez baduzu bertara joan nahi, ez joan. Ez baduzu zure seme-alabek gaztetxea zapaltzea nahi, hitz egin beraiekin. Baina ez suntsitu beste batzuen ametsak.

Udalari aldiz, hurrengoa diot: arazoa okupazioa bada, proposatu alternatibak. Ezin duzue onartu etxerik gabeko jendea egotea herrian, etxe hutsak dauden bitartean. Eta hori hala den bezala, ezin duzue esan okupazioa ilegala dela eta horren aurka egin, badaudenean leku hutsak gaztetxe izateko. Arazoa okupazioa bada konponbidea erraza da, alternatibak. Baina arazoa ideologikoa bada, adierazpen askatasunaren aurkako erasoa da. Herritarren praktika politikoa hauteskundeetara mugatzeko nahia da. Eta hori, dakizuen bezala, ez da onargarria eta gazteok kontziente gara.

Ezpala erraz hustu duzue, baina neurri hauek ez dute gaztetxearen beharrarekin amaitzen. Ezpal bakarra erraz suntsitzen da; su eman eta errauts izango da. Baina ezpalak batu eta enbor sendoa sortzen badute, suak ez ditu erraustuko. Sua bizitu egingo da eta indarra are handiagoa izango da. #EzpalaAurrera

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!