Kale Kantoitik

قطاع غزة

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Romero 2018ko mai. 21a, 13:48

Goizeko zazpiak, errautsak altxatu dira haserre lurretik. Oihuek harriak ere esnatu dituzte eta tiroek garrasi pare bat eraman dituzte beraiekin. Egun berri bat, amesgaizto gisako egunsenti mingotsa, itxaropen zantzu apalena erraustua.

Martxan naiz, ene biziraupenari zor diodan gutxieneko esfortzua lepoan hartuta. Ez daramat nirekin denbora taxutzeko beharrezkoa zaidana, zitzaidana. Ez dauzkat nirekin, jada ez daramatzat nire alboan. Kendu zizkidaten, nirea den guztia ostu didaten antzera, ene lurra, ene etxea, ene bizitza… 

Beraien eskuetan nago, nire hatzaparretan harria tinko eutsi arren. Liliputarra sentitzen naiz Gullibert-en aurrean. Hala ere ez dut etsi oraindik, aurrerantz goaz, elkarren begirada suminduak topatzean barrutik datorkidan amorruari eusten diot, entzuten dut, kasu egiten diot. 

Metroetara erortzen diren tiroek mantentzen gaituzte esna, gertutik igarotzen diren balek azala kirikatzen digute. Eta harrapatzen gaituzte batzuetan, ene ama harrapatu zuten modura, ene aita harrapatu zuten modura, ene ahizpa harrapatu zuten modura. Ni ere harrapatu naute balek, zeharka bada ere, armek ez baitute gorputzengana jotzen soilik, emozioetara ere apuntatzen dute, beldurrera, etsipenera. 

Oker daude emozioen aurka joaten direnean. Borrokatzeko grina sustatu besterik ez dute egiten, beldurraren ordez amorrua, etsipenaren ordez kemena. Ez dute ulertzen, hainbesteko minaren ondoren, ez dugula beldurrik. Ez dute ulertzen horrenbesteko sarraskien ondoren, ez dugula etsitzeko aukerarik. Ez dute ulertzen, ez gaituztela otzanduko, jada ez baitugu ezer galtzeko, soilik kateak.

Gaueko bederatziak, errautsak altxatu dira haserre lurretik. Berriro ere bakarrik gaude, ez atzera ez aurrera joateko bide gabe. Gorpu berri-zaharrak ikusi ditut lurrean etzanda. Afaltzeko aleak baina ugariagoak dira lurrean topatzen ditudan balak. Haizea gogor dabil, harea altxatzen du aise eta begiak estaltzen dizkit. Haizea gogorra behar du izan bada, hemendik kanpo ere begiak estali baditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!