Kale Kantoitik

Sukarra

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Romero 2018ko ots. 26a, 15:50

Sukarra datorkizu maindire behean. Egunetan zehar pilatzen joan da zure oinazpietan, behatzak mugitzean senti zenezaken dolua, orkatiletan minbera. Erre egiten dizu azala, kanpotik sentitzen duzuna baina barnetik datorrena, barne barnetik.

Eta denbora gutxian behetik gora  eskalatzen du, zure haragiaren paretetik, buruan pausotu arte. Termometroaren egiazkotasuna bakarrik nahi duzu orain, sukarra duzula sinetsi nahi duzu, besterik ezin du izan, gaixo nago.
 
Ideia batek erein zuen sua, aste bat atzera esan zizutena, edo entzun zenuena. Eta burua martxan jartzen da, ezkerretik eta eskuinetik bilatzen ditu erantzunak, galderarik ere egin gabe. 
 
Ezjakintasunean murgiltzen zara, aurkitu nahi duzun horretan zeure burua galduz. Gaixotasun bat bezala inbaditzen du zeure gorputza hitz konbinazioen esaldi arrotz horrek, birusa da. Egunetan zehar entzun dut badabilela infekzioren bat airean, hegan egingo balu bezala, bere hurrengo biktima aukeratuz. Sentimendurik ba al du gaixotasun horrek? Enpatiarik? Bakarra izango naiz, bakartia eta bakartua.
 
Etzanda zaudelarik, zerua agurtzen duzu, barneak bueltaka dituzun bitartean inguruneak lasaiegi jarraitzen du. Gelditu ezinik dago zeure burua, atentzioa deitzeko beharra balu bezala, “hemen nago”, lanean, hara eta hona. Burmuineko labearen berotasuna mantentzeko egur-ikatza etengabe ematen ari da. Ez du nahikoa, kapa guztiak inbaditu nahi ditu, urtu, zabaldu eta estaldu. 
 
Birusak bezalakoak dira ideia batzuk, besteak nola gaixotzen dituen bistaratzen duzu, hurrena zu izango zarela pentsatu gabe. Eta egun batean, espero ez duzunean, hala botatzen dizute zure belarriek sinetsi ezin duten esaldia, burutapena. Lanean hasten zara hau ahazteko, beste gauza batzuetara bideratuz zure indarrak, pasako denaren esperantzan. 
 
Denbora batez lortzen duzu, ahaztea, ezabatzea. Baina bertan jarraitzen du, birusa balitz bezala isilik zure gorputz osoa zeharkatuz. Eta bapatean erasotzen zaitu, ahul sentiaraziz, sukarra bihurtzen da, buruko mina ematen dizu. 
 
Baina gaixotasun honek ez du botikarik, ezta sendagairik, gehienetan sukarra duzula onartzean pasatzen da lehen. Gau txarrak etorriko direla barneratzen duzu, izerdia botako duzula, ametsetatik esnatuko zarela, hotzez eta beroz. Eta egun batzuen ostean, sukarra gutxitzen joaten da, garrantzia ematen ez diozulako agian, pasako dela dakizulako, ideiak berak garrantzia galtzen du, ez diozu kasurik egiten, ez duzu elikatzen eta onarpen horretan ideia irensten duzu, zeure egin, ezabatu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!