Pasahitza (zaharra)

Apurra

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Romero 2017ko abenduaren 18a
Ez naiz gogoratzen ikusi nuen azken aldiaz, 
Oraindik ere gehiago nabarmentzen zaizkio kolpeak, 
Mantsoago dabil, txikiago, hustuago eta makurrago.
Ene parean eseri eta behetik gora altxatu du burua,
Ile arrastoak arpegitik garbitu ditu eta begietara begiratu nau,
Barkamenez betetako soa,
nirekin topo egiteko beldur balitz bezala.
Azalean eskarmentu zimur batzuk ohartu dizkiot,
Bizi zuenaren mapa-koordenadak dira,
Bihotzean amaiera duen karretera,
Esateko gai ez dena xuxurlatzen ari dira.
Ingurunea isila da, 
Kafez bustitako ezpain urri batzuk ari dira solasean,
Irrifar gezurtiak bidaltzen bata besteari,
Katamaloaren atzean ezkutatzen.
Arnasa hartu eta lehen hitzak askatu dizkiozu,
"pozten naiz zu ikusteaz".
Beste bat da bera alboan ez duenetik,
Barnehuts sentitzen dela oihukatzen du,
Aldiz, inoiz baina gehiago du betetzeko,
Inoiz baina gehiago du bizitzeko.
Hilabete soilik ez da igaro etxetik alde egin zuenetik,
Gaur arte pazientziaz itxaron duzu bere deia,
Badakizu ez dela erraza aurre egin eta ausardia izatea,
30 egun itxaron dituzu, orain lau urte galdu zenuena berreskuratzeko,
Bizia bera ostu zion pertsonari ezetz esateko.
Gogoan daukat eskutik heltzen zuela, 
Gorputz guztia lotzen ziola ohartu gabe,
Hitz egitea gustatzen zitzaion,
Bitartean zu mututzen zintuela axola gabe,
Gorrotoz beteta maitatzen zuen,
Zu hausten ari zela berdin ziolarik.
Baina zure hezur guztiak birrindu zizkizun hartan,
Korrika hasi eta ihes egin zenuen,
Egurrezko kutxa ireki eta bertan pausotu zenituen zure atal guztiak,
Poltsatik atera eta isilik eman dizu eskura gaurkoan,
Banaka hasi zara zati bakoitza elkartzen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!