Tolosan zezen festak egiten direla 500 urte inguru pasa dira. 1549ko dokumentuak daude eta XVI. mendetik sanjoanetan adibidez izan ziren, Francisco Tudurik Tolosa 1903-2003. En el centenario de una plaza liburuan jaso zuenez. Horietatik 100 urte baino gehiagotan zezen plazan izan dira saio horiek.
Aurretik Plaza Zaharrean, Berrian eta Euskal Herria plazan izaten ziren. 1690etik 1694a arte toreroak Plaza Zaharrean izan ziren. Plaza Berria 1703an eraiki zuten Iribaratzeta izeneko tokian eta denbora luzez izan ziren zezenak bertan. Euskal Herria plaza (orduan Justizia plaza deitzen zen, 1849an epaitegia jarri zutelako) 1846an eraiki zen eta 1860tik 1885a arte zezenak izan ziren, eta gero 1893an ere bai.
Plaza karratuak edo angeluzuzenak ziren horiek eta plaza borobila egokiagoa da zezenketarako, zezena angeluetan ez dadin gelditu. Publikoaren segurtasuna ere hobetu behar zen, plaza horietako balkoiak ez zirelako jende askorentzat eginak. Eta arrazoi ekonomikoak ere izan ziren zezen plaza bultzatzeko, barrerak eta harmailak muntatzen eta desmuntatzen diru asko gastatzen baitzen.
1897koa da zezen plazaren lehen proiektua, Zumardiaundian egiteko, baina desadostasunak sortu ziren udaletxean kokapenarengatik, herriko pasealeku hoberena galtzen zela eta Ibarrako tabernen mesederako izango zela argudiatuz. Arrazoi horiengatik edo beste batzuengatik atzera bota zuten proiektu hori.
Azkenean, udalak lur batzuk erosi zituen Laskoaingo zelaian eta plaza sustatu zuen Jai Egilea elkarteari utzi zizkion 50 urterako, gutxienez sanjoanetan bi zezenketa antolatzeko baldintzarekin. Mantenua eta asegurua Jai Egilearen kontura zen eta inauterietako zezen festen antolaketa udalaren esku gelditzen zen. 1901eko San Joan egunean jarri zuten lehen harria, lan gehiena 1902an burutu zen eta 1903ko San Joan egunean inauguratu zuten. Urte berean egin ziren Eibar, Azpeitia eta Donostiako Txofre plazak. Hirugarren mailako plaza da Tolosakoa.
5.265 pertsonako edukiera
Alejandro Mujika izan zen arkitektoa, Marcos Mintegi kontratista, gremio asko azpikontratatuz. Obra udalak kontrolatu zuen guztiz. Hondarrak 37,5 metroko diametroa du, 1,8 metroko pasabidea eta eraikin osoak 56 metro ditu. Lau ezkutaleku ditu, bost ate bikoitz eta bat sinplea, zezena ateratzeko. Bost harmaila estaligabe ditu, hiru itzalean eta bi eguzkitan, bakoitza bere sarrerarekin, eta 26 palko, bakoitza 12 pertsonarentzat, lehendakaritza palkoaz gain. Bi ukuilu, zazpi zezentoki, aldagelak, zalditokia, kapera eta erizaindegia ere baditu. Hondarraren azpian (grisa lehen urteetan) 25x6 metroko probalekua dauka, idi apustuetarako. Kanpoaldean Txaramako harrobiko kareharria dauka. Ate nagusia herrigunera begira jarri zuten, zalditokiak eta ukuiluak ibai aldera eta palkoetara igotzeko bi eskailera kanpoaldean. Guztira 5.725 pertsona sar zitezkeen hasieran, bi heren euritik babestuta. Ia 150.000 pezeta kostatu zen dena. Udalak urtero 3.000 pezetako laguntza eman zuen, 50 urtean zehar. Inguruko bideak oso gaizki zeuden materialen garraiorako eta jendea iristeko, Tudurik bere liburuan dioenez.
Gauzak ez ziren nahi bezain ondo joan, galerak izan ziren eta 1906an Jai Egilea elkarteak enkantean jarri zituen plazan zituen eskubideak. Santiago Agirrek erosi zituen 83.000 pezetatan. 1908an udalak erosi zituen eskubideak eta Jose Urbistondori alokatu zion, eta honek Francisco Bello eta Segundo Kalparsorori. Harrez gero aldaketa asko izan da alokairuan eta berrikuntzetan: 1925an 8.000 teila berri jarri eta barrerak berritu zituzten, 1928an goiko solairua sendotu zuten, 1962an margotu, 70eko hamarkadan berritu, 80ko hamarkada bukaeran fatxada pikatu, 1995ean irteerak eta eskailerak zabaldu, 2000an elektrizitate-instalazioa berritu, 2001ean fatxada eta estaligabeko harmailak sendotu, 2020an egitura egonkortu, 2022an goiko solairuaren egitura sendotu… Aldaketa hauekin edukiera gutxitu da eta gaur egun 5.265 pertsona sar daitezke. Garai batean bertan bizi zen atezaina arduratzen zen mantenuaz, eta hura jubilatu zenetik Peña Frascueloko boluntarioak arduratzen dira. Museo txiki bat eta euren txokoa dituzte plazan.
Zezenketa batek inauguratu zuen plaza 1903ko San Joan egunean. Garai hartan torero hoberena zen Bombita iragarrita zegoen, baina zauritu egin zen eta Guerrerito eta Bonarillo izan ziren ordezkoak. Plazan hil zuten lehen zezenaren burua, Chaparro, Jorge Diazen ganadu-etxekoa, lehendakaritzaren palkoan ikus daiteke. Lehen urteetan ohikoa zen toreatzaile bakarra eta bi zezenketa izatea sanjoanetan. Alfonso XIII.a erregea izan zen horietako batean eta Frantzia okupatuta zuten soldadu aleman nazien konpainia bat 40ko hamarkadan. Urte batzuetan zekorketak izan ziren zezenketen ordez. Oso sarrera onak lortu zituzten urte horietan –1908an Machaquito egon zen, 1910ean Niños sevillanos, tartean Joselito, gero Gallito izena hartu zuena, 1920an Joselito eta Charlotada eta 1964an El Cordobes. Plaza betetzea lortzen ez zenez munduko plazarik handiena deitu zioten Donostiako komunikabideek. Krisialdia iritsi zen 80ko hamarkadan, 19 jaialdi bakarrik antolatuz, 50 eta 60ko hamarkadetan 47 izatera iritsi zirenean, Tudurik jasotzen duenez.
Zezenketen amaiera
1992. urtean lortu zuten sarrera guztiak saltzea, hain justu, Antxon Elosegik gidatutako Toros Tolosako Zezenak taldeak antolakuntza hartu eta gero. 1992an Espartaco, Paco Ojeda eta Cesar Rincon aritu ziren eta 1999an ere saldu zituzten sarrera guztiak, hain zuzen, El Julik Euskal Herrian debutatu zuenean. 1998an Jose Tomas izan zen. 2000. urtean ere sarrera ona izan zen El Juli, Abellan eta Juan Bautistarekin. Mendeurreneko urtean, 2003an, bi zezenketa programatu ziren goi mailako toreatzaileekin. Hurrengo urteetan ere izan ziren zezenketak, kanpoko enpresa batek antolatuta 2005etik 2008ra, baina ez zuten arrakastarik lortu eta ordutik inor ez da animatu zezenketak antolatzera Tolosan. Errekortariak, zaldi ikuskizunak eta haurrentzako zezenak izan dira geroztik sanjoan batzuetan.
Herriko elkarte batzuk (Gure Txokoa, Parrita, Kabi Alai, Raku) zekorketak antolatu zituzten askotan herritarren partaidetzarekin eta horietatik atera zen Ramon edo Torero tolosarra, 1949an debutatu zuena Tolosan Antonio Ordoñezen eskutik. Herrian gehien toreatu dutenak Jesulin de Ubrique (6 aldiz), Eugenio de Mora eta Rivera Ordoñez (5 aldiz) eta Vicente Barrera, Litri, Juan Bautista, Manuel Diaz El Cordobes eta Manuel Caballero (4 aldiz) izan dira.
Inauterietan ere zezentxoak izan dira hainbat mendetan zehar, baina torerorik gabe eta animalia hil gabe. Plaza Zaharrean 1848. urtea arte izan ziren, nahiz eta Plaza Berria 1703an egin horretarako. Urte askotan Plaza Berrian egin ziren. Zezen plaza 1903an egin arren, jende askok ez zuen festa alde zaharretik atera nahi. 1908. urtean pasatu ziren zezenak Plaza Berritik zezen plazara, alkateak horretarako segurtasun arrazoiak argudiatu zituen. Garrantzia handia dute zezentxoek gaur egun ere inauteri egunetako arratsaldeetan eta Asteartita goizeko Pattar Zezenean. Normalean Lasturko zezentxoak izaten dira jai horietan.
Herri kirolen plaza
Herri kirolek ere presentzia handia izan dute Tolosako zezen plazan bere kokapenagatik, nafar eta gipuzkoarren arteko apustu garrantzitsuenen testigu izan baita. Eraikin borobila izanda, kirolariak animatzeko egokia eta erosoa da. Aizkolariak, korrikalariak eta harri jasotzaileak izan dira gehienbat protagonistak, baina baita idi probak, ahari jokoak eta barra jaurtitzaileak ere. 100 metroko uztaia markatuz, korrika apustuak egiteko egokia da, normalean 100 bueltako apustuak eginez. Hamarkada askotan (1950-90) Euskal Herriko plaza nagusia izan zen kirol horietan.
Aizkolari famatu guztiak izan dira bertan: Atxunberria, Santa Ageda, Keixeta, Korta, Garziarena, Arriya familia, Agiñeta, Mindegia, Astibia, Polipaso, Latasa, Iruntxiberri, Mendizabal, Arrospide, Olasagasti, Vicente… Bost aizkora apustu ere egin izan dituzte. Korrikalarien kasuan kopuru bera errepikatzen da eta 1950ean 16 korrika apustu egin ziren. Arruitzeko Txikiak Gordon Price ingelesari (munduko marka zuena) irabazi zionekoa 1956an, Mariano Harok 1977an 10 kilometroko marka jarri zuenekoa eta 1982an Tomas Ugartemendia tolosarra eta Manuel Galarza hernialdearraren artekoa aipatu behar dira, besteak beste, izandako arrakastagatik.
Harri jasotzaile hoberenak ere izan dira: Endañeta, Mendizabal, Urtain, Ostolaza, Usategieta, Perurena, Gorostidi, Saralegi… Probaleku ere izan zen eta idi dema ugari egin izan dira bertan. Pedro Juan Garmendia tolosarraren Tigre eta Pardo idien markak nabarmendu behar dira. Gizon probak eta motor baten eta zaldiaren arteko apustua ere izan ziren. 1944an mota honetako 11 apustu egin ziren eta 1956an 8. Apustuetan erabiltzen ziren harri horiek gaur egun plazaren kanpoaldean eta Norvegiarren parkean daude. Herri kirolen pentatloi eta duatloi txapelketak ere izan dira.
Idi apustua 1957. urtean.
Zirkua, mitinak...
Erabilera nagusi horiez gain, beste hainbat ekitaldi berezi egin dira ehun urte baino gehiagotan. 1905ean zirkua, 1908an Gazteria Errepublikarraren bilkura, 1910ean eskola laikoen aurkako mitina, 1911n eskolarteko jaialdia, 1912an abertzaleen mitina, 1913an gimnasia jaialdia eta Euskal Jaiak, 1908an Raku borrokalari japoniarraren saioa, 1922an Euskal Jaiak, 1923an boxeoa Paulino Uzkudunekin, 1924an Troupe Spinetto zirku italiarra, 1930ean Aragoiko jotak, 1936an Gazteria Sozialisten bilkura Santiago Carrillo hizlari zela, 1939an Francoren presoen kontzentrazio eremua hilabete batzuetan, omenaldiak Lizardiri 1961ean eta Orixeri 1963an, 60ko hamarkadan Baskoniaren saskibaloi partida, 70eko hamarkadan hainbat zirku emanaldi, 1971n hondarrezko gazteluen lehiaketa, 1995ean Ukrainiako Ballet Nazionala izotz gainean, 2002an hipika eskola, musika banden eta talde gazteen lehiaketak, euskal dantza jaialdiak… Musika mailan ere kontzertu ugari izan dira: 1975ean sekulako rock jaialdia (Brakaman, Bloque, Paracelso, Tilbury eta Alegiako Menphis), 1980an Orquesta Mondragon, 1982an Baron Rojo (bertan behera euriagatik), 1996an Australian Blonde…
Mendeurrena ospatzeko ekitaldi ugari izan ziren urte osoan zehar, aipatutako bi zezenketa bereziez gain: Tomas Hernandez Mendizabalen eskultura, Francisco Tuduriren liburua, Euskadiko Orkestra, Benito Lertxundi, Tolosako Orfeoia eta Hodeiertzen kontzertua Leidorren, Tolosako Txistulari eta Musika Banden kontzertua zezen plazan, herri kirol jaialdi erraldoia kirolari beteranoen omenez, eta ekitaldien amaiera gisa, Ainhoa Arteta soprano tolosarrak errezitaldi bat eman zuen Leidor aretoan 2024ko sanjoanetan. Handik aurrera 2006an Coti argentinarra eta Bide Ertzean Tolosaren 750. urteurrenean, 2014an Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia Tolosako Musika Bandarekin, 2017an Minotauroren labirintoa ikuskizuna TEE-aren 50. urteurrena ospatzeko.
COVID pandemiaren garaian, 2020an eta 2021ean, Kultura Kultura musika emanaldiak izan ziren, jendarteko distantziak mantentzeko leku egokia zelako, euskal artista ugarirekin.
Zein da zezen plazaren etorkizuna? Herriaren erdigunean kokatutako azpiegitura ederra da, ikuskizun mota askorentzat baliagarria. Euritik babesteko estalpe bat jartzearen aukera behin baino gehiagotan atera da. Horrela erabilera aukerak biderkatuko lirateke. Herritarren eta udalaren esku dago etorkizuna.
ZUZENKETA
Aurreko hilabeteko Atzera Begira saileko erreportajean, Alegiako Franconi etxeari buruzkoan, zuzenketa pare bat egin behar dira. 2002an alegiar batzuk eskatu zutena Haur Eskola izan zen, ez haurtzaindegia. Eta ez zen aurrera atera fundazioaren patronatuak eskaera atzera bota zuelako, fundazioaren helburuak bete arren.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!