Atzera begira

80 urte baino gehiago Alegia eta Altzoren zerbitzura

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2025ko urt. 16a, 07:59

Franconi eskolako neska-mutilak 1966 inguruan, Juli Galarraga andereñoarekin.

1927 urtetik 2011ra bitarte ikastetxe funtzioa bete zuen Franconi etxeak; ordutik hutsik dago, eta bi herrietako udalak eguneko zentro bat egitearen aldekoak dira.

Alegiako eta Altzoko neskentzako eskola egitea, katekismoa euskaraz erakutsiko zuena, besteak beste. Agindu hori utzi zuen 1915ean Eusebia Ignazia Franconi Zuaznabarrek bere testamenduan. Eta hala bete zuten bere fundazioaren arduradunak ziren bi herrietako alkate eta parrokoek urte askoan. Orain hutsik dago eraikin hori.

Gaurko protagonistaren aita italiarra zen, trenbide obretara etorria, eta ama altzotarra, lur askoren jabea. Eusebia Franconi 1915eko urriaren 20ean hil zen, 53 urterekin, baina hil aurretik, irailaren 25ean, argi utzi zuen bere nahia notarioaren aurrean: Alegiako Begiristain haundia baserria, inguruko lurrak eta 150.000 pezeta eskola bat egiteko uztea. Zehaztapen gehiago eman zituen: Alegiako eta Altzoko neskentzat izango zen eskola hori, moja batzuen ardurapean, katekismoa euskaraz erakusteko baldintzarekin. Garai haietan aitzindaria izan zela esan daiteke. Testamendua betetzeko ardura bi herrietako alkate eta parrokoei utzi zien, arduradun gisa Jose Ignazio Carballo Sagastume izendatuz.

Jose Ignazio Iglesias udal langile ohiak udal aktetan eraikin honi buruz jasotako informazioa aipatuko dugu artikulu honetan. 1919an Carballok Montoya Alegiako zinegotziarengana jo zuen, ikastetxea eraikitzeko asmoa aurrera ez zihoanez, miserikordia etxe txiki bat egitea proposatuz, emakume langileen seme-alabak zaintzeko haiek lanean ari ziren bitartean, eta baita gaixoak artatzeko ere. Alkatea, Montoya zinegotzia eta parrokoarekin batzorde bat osatzea erabaki zuen udalak, Carballorekin harremanetan jartzeko. Baina, azkenean Eusebia Franconiren nahia errespetatu zen, eskola eraikitzea erabakiz. 1921ean 13 herritarrek, proiektua atzeratu egiten zela ikusiz, prozesua azkartzea eskatu zioten alkateari. Juan Jose Carballo Garmendia administratzailearen semeak erantzun zion udalari Tolosako moja Trinitarien komentua eta San Frantzisko elizako komentua (Eusebia Franconik emandako lurretan baita ere) eraikitzen amaitutakoan hasiko zirela eskola egiten Alegian. Altzon, Franconi jaio zen etxe inguruan, karmeliten komentua egin zen, berak nahi bezala.

1924an Ongintza Fundazio gisa sailkatu zen Franconi, irakaskuntzan aritzeko helburuarekin, eta fundazioak eskola eraikitzea erabaki zuen. Proiektuak 102.519,79 pezetako aurrekontua izan zuen, Amezketa errekaren gaineko zubia egitea barne. Ordiziako Antonio Agirre izan zen arkitektoa. Fundazioaren diru sarrera bakarra Donostiako Banco de Españako 151.000 eta 76.000 pezetako bi kontuen interesak dira. Fundazioaren ondasunak eskola, eranskinak eta 88,32 areako eremua dira eta 102 m2-ko beste eremua Begiristain aldean, fundazioari ur edangarria ematen dion iturria dagoen lekua.

Eusebia Ignazia Franconi Zuaznabar. 

1927AN ESKOLA MARTXAN

Nesken ikastetxea 1927ko urriaren 20an zabaldu zen, Familia Sakratuaren moja komunitatearen ardurapean. Inaugurazio ekitaldian bi herrietako agintari erlijioso eta zibilak, Tolosako mojen komunitatea eta gonbidatuak izan ziren, eskolako bi gela handi aurrerapen guztiekin, kapera eta bestelakoak bedeinkatuz Juan Aiestaran parrokoa. Ondoren meza eman zuen. Eskola aurreko zelaigunera sartzeko zementuzko zubia eraiki zen Amezketa errekaren gainean. 12 urte ziren Eusebia Franconi hil zela. Orduan hasi ziren Alegiako eta Altzoko neskak eskola berrian, besteak beste dotrina euskaraz ikasiz mojekin. Bi herriek pozez hartu zuten irekiera.

1959an komunitateko Ama Probintzialak jakinarazi zien fundazioko kideei mojek eskola utzi behar zutela fundazioaren dirua amaitu egin zelako. Lau moja bakarrik gelditu ziren 1960ko ekainean ikasturtea amaitu arte. Herriek eta udalek pena handiz jaso zuten berria eta eskertu egin zuten komunitateak hainbeste urtetan egindako lana. Ekainaren 29an meza eta omenaldi ekitaldia izan zen zineman, hitzaldia Angel Oiarzabalek emanez. Fundazioak beste komunitate erlijioso batzuk bilatu zituen eskola mantentzeko: karmelitek eta filipenseek ezezkoa eman zuten eta klaretarrek baiezkoa. Udalak 25.000 pezetako laguntza eman zuen berritze lanak egiteko.

Hurrengo ikasturtea martxan jartzeko Juan Zuriarrain parrokoak Gasteizko andereño batzuk eta bi irakasle lortu zituen, gastuak bere gain hartuz. Baina, 1966an fundazioaren arauak aldatu ziren ekonomikoki ezin zelako mantendu, mojen ordez estatuko irakasleak sartu ziren Oinarrizko Eskola Kontseilua formularekin eta neskekin batera mutilak ere hartu zituen. Haur eskola eta oinarrizko batxilergoko lau ikasturteak ematen ziren orduan. San Juan eskola 1965ean ireki zen (eraikin berria 1978koa da) eta Franconirekin elkarlanean funtzionatu zuen, ikasleak bi eraikinetan banatuz adinen eta gaien arabera.

Franconi etxea 2004 urtean. Pilar Rivera


SALESIANOAK 1979TIK 2011RA ARTE

1979ko urrian Maria Auxiliadoraren Alabak moja salesianoek hartu zuten Franconi fundazioaren ardura. Elia Zapata zen zuzendaria eta solfeo irakaslea, Maria Arrizabalagak katekesia eta erlijioa ematen zuen eskolan, Maria Rosario Torres erizaina zen eta eskulanak ematen zituen eta M. Carmen Etxanizek erlijioa ematen zuen eskolan eta Magisteritza ikasten zuen.

Asteburuetan gazteentzako aisialdi jarduerak egiten ziren bertan eta udalekuak ere antolatzen zituzten. Inguruko herrietako (Amezketa, Orendain, Altzo, Bedaio, Abaltzisketa, Ikaztegieta, Aldaba) gazte ugari joaten ziren motoz eta bizikletaz futbolinean eta ping-pongean jolastera, musika entzutera eta telebista eta pelikulak ikustera. Helduekin ere egiten zuten lan jantzigintza, marrazketa edota pintura erakusten.

2004an herritarren mugimendu zabala izan zen haurtzaindegia irekitzeko bertan, baina ez zen lortu fundazioaren estatutuetan ez zelako horrelakorik jasotzen.

Pixkana jarduera jaisten joan zen, moja salesianoak zahartzen joan ziren eta 2011an eskola itxi zen. Herriak omenaldia egin zien mojei, 30 urtetan herriaren alde egindako lana eskertzeko. Geroztik etxerik gabeko bi pertsonari utzi zitzaien bizitzen eta azken hamar urteetan hutsik egon da. Eraikina oso hondatuta dago denboraldi luzean ez delako berrikuntzarik egin. Gaur egun bi udalen esku dago fundazioa, bi herrietako parrokoa zenak uko egin ziolako. Duela aste gutxi batzuk sarrerak tapatu egin zituzten, «okupak sartu eta arazoak ematen zituztelako».

Orain arte, uren legeagatik, ezin zen obrarik egin Franconiren eremuan, uholde arriskua dagoelako. Baina 2024ko azaroan Ura agentziatik iritsi den proiektuarekin arrisku hori gutxitu egiten da, 100 urtez behin izatetik 500 urtetik behin izatera pasatuz. Horretarako Amezketa errekaren gaineko zubia bota eta zutaberik gabeko berria egin eta ubidea zabaldu egin behar da Larraitz auzoaren parean. Horrekin, orain arte ez zituen aukera berriak sortzen dira Franconi eraikinerako. Lehendabizi fundazioa desegin beharko litzateke, fondorik ez duelako (1960tik udalek, Elizak eta diru laguntzek mantendu dute) eta bere helburuek zentzurik ez dutelako gaur egun. Lurrak bi udalen eskuetara pasako lirateke, ondoren zer egin erabakitzeko. Herritarren esku dago eraikin horrekin zer egin erabakitzea.

Alde horretatik bi alkateak, Alegiako Regina Sorarrain eta Altzoko Xabier Olano, bi herriei eta azpi-eskualdeko besteei gizarte zerbitzua emateko ekipamendu baten aldekoak dira. Adinekoentzako eguneko zentroa ikusten dute egokiena biek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!