Naziak Tolosan izan zirenekoa

Iñigo Terradillos 2021ko urt. 8a, 19:59

Beotibar pilotalekuaren atarian eginiko argazkia. ‘Unidad’ egunkaria irakurtzen, Win Brabd komandanteak gazteleraz hitz egiten zekiela erakutsiz. KEPA ORDOKI MEMORIA HISTORIKOA BIDASOAN

1940. urtetik 1944ra ohikoa izan zen soldadu naziak Euskal Herriko hainbat herritan ikustea; Tolosaren kasuan, Euskal Herria plazan  zegoen presoentzako guneak garrantzi handia hartu zuen.

Mila bederatziehun eta berrogeigarren urtea zen. Naziak Europako herrialde nagusien aurrean gailentzen ari ziren. Frantzia mendean hartu ondotik iritsi ziren alemaniarrak Euskal Herrira. Nazien esku geratu zen Ipar Euskal Herria, eta Hego Euskal Herriari dagokionez, frankisten eta nazien arteko harreman estuaren ondorioz, oso ohiko bilakatu zen Hitlerren militarren presentzia. Batez ere, Donostian, baina, baita herri gehiagotan ere, Tolosan, esaterako.

Espainia frankista ofizialki neutrala bazen ere, 1940tik 1944ra bizilagun izan zituen naziekin elkarlana etengabekoa izan zen alor guztietan. 1936ko gerran naziak Gipuzkoako herri batzuetan bizi zirela erakusten duten dokumentu grafikoak badira. Garai hartan, falangisten aldeko ekitaldiak egiten zituzten batez ere. Espero gabeko Frantziaren porrota eta gero, 1940. urtean alemaniarrak mugara iritsi ziren, eta soldadu naziei ongietorri beroa prestatu zieten militar frankistek eta guardia zibilek Irun-Hendaiako nazioarteko zubian.

Beotibar pilotalekuaren atarian eginiko argazkia.  Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak esan duenez, interesgarria litzateke, agertzen diren herritarren, bai alemaniar espedizioa lagunduz agertzen den emakumearen izen-abizenak jakitea. 

Ordutik, nazien eta faxisten presentzia etengabekoa izan zen, bi erregimenen arteko leialtasuna agerian uzten zuten ekitaldiekin. Francok Hitlerrekin zuen harreman onak ahalbidetu zuen naziek Hego Euskal Herrian ordezkaritza ofizialak eta merkataritza harremanak izatea edota publizitate kanpainak egitea. Donostiak berebiziko garrantzia hartu zuen, bi armadentzat leku estrategikoa baitzen. Gipuzkoako hiriburuan Division Azul delako soldaduen espedizioei ongietorria eman edota agurtzeko ekitaldi handiak ere egiten ziren. SSko eta Gestapoko buru Himmler berak ere 1940ko urriaren 19an Donostian geldialdia egin zuen, frankistek harrera beroa egin ziotelarik.

Harrera edo laudorio horiek, baina, ez ziren Donostiara mugatu. Soldadu alemaniarrek urte oso lasaiak igaro zituzten Euskal Herrian. Ipar Euskal Herriko hainbat txokotan, Biarritzen, Hendaian edota Donibane Lohizunen, esaterako, argazkiak egiten egoten ziren. Bertako herritarrek ondo hartu zituzten, erresistentziarik gabe. Petainen gobernuak, inolako trabarik jarri gabe, lagundu egiten zien, herritarrak naziak laguntzera animatuz. Errepresioa nagusi zen Hego Euskal Herrian ere lasaitasunez igaro zituzten egunak, Donostiaz gain, Irun, Hondarribia edota Tolosan aisiaz gozatzeko tartea hartzen zutelarik.

Zezen plazan, ikuskizunaz gozatzen. Betaurrekoduna SSko komandantea da. Inguruan, hainbat emakumez lagunduta ikusten da, baita erreketearen teniente koronelarekin ere. 

Tolosaren kasuan, garaiko irudiek erakusten dute pilota partidak edota zezenketak ikustera joaten zirela, eta harrera beroak egiten zizkietela bertako agintari eta herritarrek. Baina, Tolosak beste ezaugarri batengatik ere hartu zuen garrantzia garai horretan. Gaur egungo Euskal Herria plazara presoak bideratzen zituzten, Irungo mugan kanjeak burutzeko. Tolosako Justizia plazatik igaro ziren Irungo kontzentrazio eremuko 47 presoren zerrendak erakusten du Tolosako guneak izan zuen pisua. Azpiegitura hari buruzko datu gehiegirik ez badago ere, uste da Tolosako erreketeak zuzentzen zuela.

1944. urteko abuztuan, aliatuak Proventzara iritsi eta gero, Euskal Herritik erretiratu ziren soldadu naziak. Alemaniara itzultzeko agindua jaso zuten, eta mugak itxi aurretik, Donostiako geltokitik Frantziara jo zuten. Azkenean, indar amerikarren aurrean amore eman zuten, eta Ipar Euskal Herriaren kasuan lau urte iraun zuen okupazioarekin amaitu zen horrela.

Informazioa bildu nahian

Kepa Ordoki. Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak urteak daramatza memoria historikoa lantzen. Informazioa bilduz «oso gutxik hitz egiten duten» Euskal Herriko historiaren zati bat osatzea du helburu elkarteak, ondoren herritarrei kontatua izateko. Bada, elkartea Bidasoa ingurukoa aztertzera mugatzen bada ere, ezinbestekoa da zonaldea zabaltzea historia idazten jarraitu ahal izateko. Horrela, esaterako, ulertu daiteke Irun inguruan zeuden presoentzako guneetara Tolosako Euskal Herria plazako zentrotik nola eramaten zituzten kanjea egiteko helburuz.

Historia osatzen jarraitzeko askotariko informazioa (argazkia, izenak, lekukotzak...) biltzea ezinbestekoa den heinean, deialdia luzatu dute elkartetik, Tolosako Justizia plazako azpiegituraren inguruan edota naziek egin zituzten bisitei buruz informazio osagarria duenak euren eskura jar dezala eskatuz.

Goiko argazkian zezen plazara sartzen ari dira alemaniar soldaduak. Behean, hondar gainean omenaldia edo harrera beroa nola egiten dieten ikusten da. Soinean daramatzaten jantziengatik udan daudela dirudi. Gainera, beste argazki batzuetan eguzkiagatik nola babesten diren ere ikusten da. Argazkiak: Kepa Ordoki. Memoria Historikoa Bidasoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!