Txapuza

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2026ko otsailaren 6a

Txarangora iazko inauterietan. I.G.L.

Herri honetan hain garrantzitsutzat dugu inauteria, ezen inauterizale izatea titulu bilakatu dugun (begira izen-abizen hauen azpian jartzen duenari). Batzuok beste batzuek baino eskubide gehiago bagenu bezala inauteriak bizitzeko, inauteriez iritzia emateko, inauteriak sentitzeko, inauteriek zein intentsitatetan bibratu behar duten erdiesteko. Baztertzaile samarra, akaso, sasi titulu hori?

Bada, antzeko zerbait gertatzen da txarangazale titulu ofizialarekin ere: ezaugarri jakin batzuk betetzen ez ditugunok, geure burua txarangen friki aitortuta ere, ez gara sekula beste batzuk bezain txarangazale izango. 

Zer da txapuza bat? Txarangeroek badute jerga txiki bat; haien artean komunikatzeko eta estimua adierazteko modu emozionalki xelebre samar bat. Txarangeroak festaren erdigunean daude, eta gure inauteri mitifikatuen sinbolo dira. Txarangeroa gure herriko plaza publikoa gehien hartzen duen figuretako bat da, baita inauterietatik kanpo ere. Txarangeroek boterea dute haien inguruan txarangazale adituz osatutako zirkulu (askotan jasanezin eta balantzazko) bat sortzeko eta, etilikotasun maila altu samarra izanagatik ere, zirkuluaren arreta osoa haien jardunera bereganatzeko. 

Tolosako inauterien inguruan esan daitekeen ia dena esanda dago, bai, egia da. Baina, baliatu nahi nuen tarte hau aitortzeko egiturazko portaerek eta jende-antolamenduek lekuz kanpo sentiarazi izan nautela zenbaitetan, erraiak dantzatzen dizkidaten festa hauetan. Ez esplizituki inon kokatzea debekatu izan didatelako: txarangen inguruko kultura txiki horretan badelako sistema bat eta funtzionatzeko modu bat, gorputz eta identitate batzuk automatikoki bazter uzten dituena, inon halakorik idatzi gabe egonagatik ere. 

 

«Txarangen inguruko kultura txiki horretan badelako sistema bat, gorputz eta identitate batzuk automatikoki bazter uzten dituena»

Adibide zehatz bat datorkit ideietara: bazkaloste bat eta inauterietako errepertorio zabalaren inguruko elkarrizketa musikal bat, zeinetan galde-jolasa den Tolosako elkarte baten izena esan eta, atoan, haren abestia txistukatzea edo abestea. Erantzun guztiak edo ia denak jakin izan ditut elkarrizketa horietako bakoitzean, baina, sekula ez naiz galdekatutakoa ni izan; beti izan da aldamenean zegoen gizonezkoren bat. Berdin gertatzen da txaranga-frikiek baino kontsumitzen ez dituzten txokokeriak hizpidera ekarritakoan: beti, beti, beti geratuko da bigarren planoan (edo) emakumea edo gorputz disidentea. 

Zenbait aspektutan ez gaudela, alegia, gerraosteko inauterietako txuri-beltzeko argazki haietatik hain urrun: zakildunak erdian-mozorrotuta-gozatzen-txalotuta, eta, gainerako izaki guztiak haiei begira. Ez dut hemen formula magikorik eskainiko, gure herrian aurrez ere eginak baitira saiakerak generoak ez dezan baldintzatu musika-tresnen hautua; emakumeen txaranga ere osatu dute Andragoran. 

Inauteriak, ordea, emozioa dira, bihotz bat taupaka; txarangak bihotz hori dantzatzen duten odola. Inauteri hobeak izateko ardura guztia txarangen gainean jarri gabe, baina, aldaketa horren trakzioa akaso txarangen bihotzek izan beharko luketela iritzita, bekie besarkada bat bihotzez estimatzen ditudan txarangero denei. Txapuza on(ak)!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!