Tolosako San Joan festak 2022

Bizitzaren opariak

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2022ko uzt. 8a, 20:58

Ilara barrutik bizi izan zuen Itzea Urkizuk emakume bordon dantzari bat lehenengoz kapitain postuan aritzea. E. MAIZ

Ez dakit zenbat aldiz idatzi eta esan ote dudan hau honezkero. Gure herrian bada urteko hamabi hilabeteen joana neurtzeko parametro propio bat, zeinaren arabera inauteriek eta sanjoanek markatzen duten tenpo sozial bat, eta tarteko bizitza haien konpasean dantzatzen duten egunek osatzen duten. Duzun lan-egutegia duzula ere, urtea hasten da inauterietan, eta udako oporrak hasten dira ekainaren 25ean. Inork pentsa lezake hori guztia txokokeria galanta dela, baina, kontua da egutegiari begiratzeko modu horrek baduela zerbait egia praktikotik eta emozionaletik ere.

Edo hala sinestarazten diot nik neure buruari. Bestela, ez dakit nola arrazoitu nezaken oraindik ere aurtengo sanjoanen uholdeak utzi didan nostalgiazko aldarte hau sentitzea. Ziur aski aitzakiatzat baliatuko nuke pandemia, eta hiru urteko zubi luzea pasatu izanak guztioi ere sortu digun herrimin kolektibo hori. Sinesgarri samar geratuko litzaidake, seguru; baina errelato horri faltako litzaioke zerbait, uztail malenkoniatsu honi azalpen ulergarri bat eskaintzeko.

Faltako litzaioke ni neu gehiago biluztea, eta aitortzea nire bizitzako hogeita bost urtean eskola, bidelagun eta bizimodu izandako taldea uzteak ekarri zidala dolu-prozesu luze bat, akaso oraindik ere gainditu ez dudana. Izan ere, mingotsa da hutsunea, bizipenak eta pertsonak hain gozoak izan direnean. Eta zer gozoa izan den entseguetara bueltatzea, hutsunea hain mingotsa izan denean. Utikan, giharretako minak.

 

«Nire pozagatik, nire plazeragatik eta nire folklorearekiko atxikimenduagatik, bai, baina baita erabaki politikoz ere; gure jaien iruditegian oraindik ere ohikoagoak direlako festetan plaza hartzen duten aitak»

 

Jarrai nezake oihal emozionalak eranzten, eta aitortu erditu eta ama izan ondotik sanjoanetan dantzara itzultzea bazela nire baitarako ezarritako erronka txiki bat ere. Nire pozagatik, nire plazeragatik eta nire folklorearekiko atxikimenduagatik, bai, baina baita erabaki politikoz ere; gure jaien iruditegian oraindik ere ohikoagoak direlako festetan plaza hartzen duten aitak.

Uste dut, pozak sortutako tristura hori gehiago aletu beharrik izan gabe, aitortutako guztia badela nahikoa arrazoi, ulertarazteko zergatik erabaki dudan gaur hau hemen idaztea. Azkenean iritsi zelako ekainaren 24a, eta atondu genituelako kaleak lizar-hostoz, eta gosaldu genuelako, azkeneko gosaritik hiru urte pasatu zirela ezin sinetsita. Eta uneren batean jakin genuelako, ilara barrutik bizi izango genuela emakume bordon dantzari bat lehenengoz kapitain postuan aritu zen ekainaren 24a. Eta niretzat hau guztia ez da besterik izan, bizitzaren opari bat baino.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!