WATTARIA

Pipa azalak baterietan

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Landa Medrano 2026ko uztailaren 6a

Prentsan alde batera eta bestera ibili dira EHUko Nekane Nieto eta Veronica Palomares doktoreak pipa azaletatik abiatuta baterietarako elektrodoak sortzen dituztela azaltzen. Palomares lankide ohia dut, eta interes handiz entzun ditut haien azalpenak. Wattarian ere tartea izango dute pipa azalez egindako elektrodoek.

Gaur egungo litio-ioi baterietan grafitoa erabiltzen da elektrodoetako bat (anodoa) osatzeko. Elektrodo honen eginbeharra kargan beste elektrodotik datozkion litio ioiak bildu eta deskargan askatzea da. Grafitoa arkatzetan marka uzten duen material gris iluna da. Bada, beste purutasun eta ezaugarri batzuekin, zure sakeleko telefonoaren baterian dagoen materiala ere bada, irakurle. Grafitoa, funtsean, karbonoa da, diamantea bezalaxe, adibidez. Kasu honetan, osagai berberaz eginak badaude ere, hauetako bakoitzak berezitasunak dauzka maila atomikoari dagokionez. Grafitoa xafletan egituratutako materiala da. Arkatzaz idaztean xafla horiek uzten ditugu paperean. Bada, litioa xafla horien artean biltegiratzen da baterietan.

Egun, sodio-ioi bateriak bogan daude, litioarekiko abantailak izan ditzaketelakoan prezioari eta materialen eskuragarritasunari dagokionez. Wattarian ere izan zuten haien tartea. Kasu honetan, litio ioiak alde batetik bestera mugitu beharrean, sodio ioiak dira dantzan dabiltzanak. Sodio ioiak, ordea, litio ioiak baino askoz handiagoak dira, eta nekez sar daitezke grafito xaflen artean. Material berriak behar dira sodio-ioi baterietan biltegiratze lan hori egiteko, karbono gogorrak (hard carbon), adibidez. Karbono hauek egitura desordenatuagoa daukate eta aproposak dira sodio ioiak biltegiratzeko.

«Materia organikoaren oinarrizko egitura karbonoz osatua dago, eta baldintza egokietan baterietarako material bihur daiteke»

Nieto eta Palomares doktoreek beste karbono iturri bat erabili dute sodio ioiak biltegira ditzakeen materiala prestatzeko. Izan ere, materia organikoaren oinarrizko egitura karbonoz osatua dago, eta tenperatura, presio eta atmosfera (gas) baldintza egokietan, materia organiko horrekin baterietarako material egokiak eratu daitezke. Horretarako, ez du edozein materia organikok balio: lehengaiak baldintzatzen ditu amaierako produktuaren ezaugarriak, hala nola, partikulen tamaina edota ezpurutasun kopurua. Palomares eta Nieto doktoreena ez da mota honetako lan bakarra: Kordobako Unibertsitateko ikertzaile talde batek pistatxo azalekin litio-sufre baterietarako karbono materialak sortu ditu, eta CIC Energigunek oliba hezurrekin superkondentsadoreetarako elektrodoak. Teknologia bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta, beraz, bakoitzak lehengai ezberdinak egokiagoak izan daitezke elektrodo hauek sortzeko.

Ez da erraza lehengai egokiak topatzea, baina, sarritan, hori ez da oztopo nagusia: askotan, garestiagoa da hondakinetatik produktu birziklatuak sortzea (kasu honetan, pipa-azaletatik) meatzeetatik lehengaiak atera eta eraldatzea baino. Egungo baterien birziklapenarekin ere antzekoa gertatzen da: material berriak birziklatutako materialak baino merkeagoak izan ohi dira. Askotan errazagoa da hondakinak eraldatzea merkatu legeak eraldatzea baino.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!