WATTARIA

Badator sodioa!

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Landa Medrano 2024ko mar. 16a, 07:57

Gaur egun erabiltzen diren bateria berri gehienak litiozkoak dira. Telefono mugikor eta ordenagailu eramangarrietatik hasi eta auto elektrikoetara arte, litioa daukaten geroz eta bateria berri gehiago daude.

Hala ere, litioa kopuru mugatua daukagu munduan, eta joera honekin jarraitzen badugu, adituek diote urte batzuetan agortuko dela. Agortu aurretik, ziurrenik, bere prezioa nabarmen handituko da, aingiren prezioa bezalaxe. Honen aurrean, datozen urteetan progresiboki bateria zaharretatik litioa birziklatzeko derrigortasuna ezarri du Europar Batasunak, baina badira litioaren ordezkoaren bila hasi direnak ere. Eta badago hautagai aipagarri bat: sodioa.

Hitz gurutzatuen zalea bazara jakingo duzu bere ikurra: Na. Edo agian jakingo duzu mahaiko gatzaren izendapen kimikoa kloruro sodikoa dela. Badago sodioan aberatsa dela dioen ur markarik ere. Eta horraino iristen da gehienon ezagutza elementu horri buruz. Taula periodikoa begiratuz gero, Na ikurra litioarenaren (Li) azpian topatuko duzue. Horrek, oro har, esan nahi du antzeko ezaugarriak dituela, eta hortik dator sodioak baterietan litioa ordezkatzeko aukera. Izan ere, dagoeneko kaleratu du konpainia txinatar batek sodiozko bateria komertzial bat, eta beste batek ere egitear dela argitaratu du.

Sodioaren aldekoek diote osagai honetan oinarritzen diren bateriak merkeagoak izan daitezkeela, sodioa litioa baino kopuru handiagoan baitago Lur planetan. Pentsa, gure itsaso eta ozeanoak sodioz (kloruro sodikoz, gatzez) beteta daude! Baina gaur gaurkoz garestiagoa da sodiozko bateriak ekoiztea, material hau litioa baino erreaktiboagoa baita, eta baldintza zorrotzagoak behar baitira kalitatezko produktu bat lortu ahal izateko. Agian prezioek behera egingo dute datozen urteetan, produkzio prozesuak egokitzen direnean. Nork daki!

Baina taula periodikora itzulita, litioa baino beherago egoteak esan nahi du tamaina handiagoa ere baduela. Litiozko bateria gehienetan litio partikula txikiak grafitozko xafla estuen artean sartzean dira. Sodioa, ordea, handiegia da xafla hauen artean sartzeko, eta beste material batzuk (sarritan garestiagoak) behar dira grafitoa ordezkatzeko. Beste material hauek sodioarentzat egokiak izan arren, beti sartuko da hauetan litio gehiago, txikiagoa baita. Horrek bateriaren iraupenean eragiten du: sodiozko bateriak denbora laburragoz erabili ahal izango ditugu berriro kargatu aurretik. Erabiltzen ari garenean ere, hobe erabilera hori oso intentsua ez izatea, luzaroan irautea nahi badugu.

Ondorioz, gaur gaurkoz, zaila da sodiozko bateriek litiozkoak erabat ordezkatzea. Hala ere, zenbait aplikaziotarako egokiak izan daitezke. Adibidez, bateria hauen aldekoek diote etxebizitzak hornitzeko erabil daitezkeela, eguzki plaketara konektatuta. Litio eskasiak eragin ditzakeen arazoak apaltzen lagun dezake sodiozko baterien erabilerak, «oinarrizko» aplikazioetan hauek erabilita, eta sodioarekin nahikoa ez denean litioa erabiltzen badugu (eta birziklatua bada, hobe!).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!