WATTARIA

Baterien birziklapenerako metodoak (eta zergatiak!)

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Landa Medrano 2025eko azaroaren 8a

Bateriak gora eta behera, auto elektrikoa aurrera eta atzera, sakelako telefono modelo berriak… ez da Wattarian Li-ioi baterien birziklapenaren gaia aipatzen den lehen aldia. Hondakinak etengabe sortzen ditugu, eta litiozko bateriak ez dira salbuespena.

Europar Batasunak diru asko bideratzen du birziklapen metodo berrien ikerketara, eta ez pentsa ingurumen kontuengatik soilik denik: Europako meatzeetan ez daude kobaltoa, nikela edota lur arraroak. Asian ekoitzitako baterien birziklapena, metal hauen lorbidea da Europarentzat. Horrela, kanpoko material hornitzaileekiko dependentzia murrizten du. Ingurumena gustatzen zaigu, baina motibazio ekonomikorik gabe gutxitan egiten du industriak haren alde. Baina gatozen gurera: teknologiara. Gaur bateriak birziklatzeko metodo ezberdinak azalduko ditut.

Edozein birziklapen prozesuren lehen pausoa bateriak erabat deskargatzea da. Energiarik gabe utzi behar dira, segurtasun arazoak saihesteko. Ondoren, osagaiak banatzen dira, eta hauetako asko birrindu egiten dira masa beltza —black mass— izeneko nahastea lortu arte. Agian ezaguna egingo zaizu black mass delako hori: birziklatu aurreko baterien osagaien nahaste honek interes ekonomiko berezia du, lehen aipatutako metal garesti eta bereziak baitauzka bere baitan. Masa beltzarekin zer egin da gakoa: birziklapen prozesua eraginkorragoa bada, etekin ekonomikoa handiagoa izango da. Metodo ezberdinak daude masa beltza birzitzatzeko.

«Birziklatu aurreko baterien osagaien nahasteak interes ekonomiko berezia du, metal garesti eta bereziak baitauzka bere baitan»

Hemen dator lehen metodoa: pirometalurgia. Alegia, masa beltza hartu eta gupidarik gabe erraustu. Metodo honen bidez disolbatzaileak eta gainontzeko osagai organikoak gas modura askatzen dira. Metal batzuk aleazio modura biltzen dira, eta ondoren, separazio prozesu ezberdinen bidez banatzen dira. Dena den, litioa eta aluminioa bezalako osagai erakargarriak albo produktu erabilgaitz bezala galtzen dira eta, ondorioz, ez da horren metodo eraginkorra. Edonola ere, oso ohikoa da baterien birziklapenerako aukera honen alde egitea.

Metodo alternatibo nagusia hidrometalurgikoa da. Honetan, masa beltza azidotan bustitzen da metalak azido honetan disolbatzeko. Hau da, metalak masa beltzetik azido honetara pasatzen dira. Ondoren, azido hau tratatzen da metalak berreskuratzeko. Ekonomikoki interesgarria da azken metodo hau, osagai kimiko arriskutsuak (hidrogeno fluoruroa, esaterako) sortzen diren arren. Metodo pirometalurgiko eta hidrometalurgikoa uztartu daitezke tenperatura handiegietara iritsi gabe osagai organikoak lurrundu eta ondoren azidoen bidez metalak disolbatzeko. Bi aurrekariak baino eraginkorragoa da metodo hau.

Azkenik, badira ikerketa fasean diren beste metodo jasangarriagoak. Adibidez, birziklapen zuzena izeneko metodoaren bidez, zelden osagaiak ahalik eta gutxien eragitea da helburua. Adibidez, baterietan, ohikoa da litioa, nikela, manganesoa eta kobaltoa dituen oxido bat erabiltzea. Pirometalurgia eta hidrometalurgia bidez metal horiek guztiak bananduko lirateke. Ordea, birziklapen zuzenaren bidez metal horiek diruen oxidoa bere horretan berreskuratzen da. Gainera, ingurumenean eragin kaltegarri txikiagoa du. Bestalde, biometalurgia ere aztergai da egunotan: organismo bizien bidez masa beltzaren metalak banatzea. Prozesu jasangarriagoa, baina nahikoa azkarra gure zabor sortze abiadurari erantzuna emateko?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!