WATTARIA

Karga azkarra

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Landa Medrano 2025eko irailaren 8a

Oporraldia egiteko auto elektrikoa hartu eta bidaia erdian kargatu beharra daukagu, baina ez dugu gasolindegian denbora asko galdu nahi. Telefonoa atzo kargatzea ahaztu zitzaigun eta lanera joan aurretik gosaltzen dugun bitartean kargatu nahi dugu bateriak egun osoa iraun dezan. Bilera batera sartzeko ordu laurden falta da eta ordenagailu eramangarriaren bateriaren erditik behera geratzen zaigu.

Egoera ezagunik azaldutako hauen artean? Azkar bizi gara, atsedenerako, deskonexiorako eta asperdurarako denborarik gabe, eta gure bateria klisk azkar batean kargatzea nahi dugu.

Karga azkarrak geroz eta garrantzia handiagoa dauka bateria baten garapenean. Ondo dago eraginkorra izatea, askotan kargatu eta deskargatu ahal izatea iraupena galdu gabe, luzaroan errekargarik behar ez izatea… baina ez zaigu gustatzen zain egotea gure gailuak entxufatuta dauden bitartean. Eta, tamalez, aipatutako onura horietan guztietan eragina du karga azkarrak. Baina goazen pausoz pauso.

Karga azkarra lortzeko, kargagailutik korronte elektriko handiagoa igarotzeko 'baimena' ematen du gailuak (berez, barnean duen txartel elektronikoak). Atea erdizka eta erabat zabalik izatearen pareko da: atea erabat zabalik badago jende gehiago sar daiteke aldi berean gela batera. Horrela, gela azkarrago beteko da jendez.

«[Karga azkarra] Atea erdizka eta erabat zabalik izatearen pareko da: atea erabat zabalik badago jende gehiago sar daiteke aldi berean gela batera»

Baina horrek alde txarrak ere baditu. Alde batetik, zer gertatzen da jendea gela batera korrika eta presaka sartzen bada? Bada, gela horretan modu desordenatuan pilatzen dela, alde batzuetan jende asko, besteetan gutxi, deskuidatuz gero baten batek lanpara lurrera botako du eta gela ez da behar bezain ondo beteko. Alegia, bateriaren karga ez da horren efizientea izango, eta baliteke bateriaren osagai edo zonalde batzuk desgaste handiagoa izatea. Gainera, korronte elektrikoa handiagoa denean, bateriaren berotzea ere areagotzen da Joule efektua medio, eta hemen dagoeneko azaldu dudan bezala, ihes termikoa gerta daiteke gailuaren tenperatura gehiegi handituz gero. Argi ibili!

Honek guztiak eragingo du karga azkarra egiten duten baterien bizi itxaropena laburragoa izatea. Eta horrek ez du zertan esan nahi laburra izango denik, karga azkarra egiteko gai diren bateria oso onak baitaude, baina haien bizi iraupena are eta handiagoa litzateke karga geldoagoak eginez gero. Edonola ere, agian zuen gailuek karga azkarra mugatzeko aukera dute, eta aukera hau mesedegarria izan daiteke presarik gabe bizi bazarete (eta hala bada, ziurrenik luzeago biziko zarete).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!