WATTARIA

Sua

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Landa Medrano

Albiste izan da azkenaldian: zenbait auto elektrikok su hartu dute. Ezbeharren ondorioak larriak izan dira. Zenbat heriotza izan dira tarteko, eta suhiltzaileek ezin izan dituzte bidaiariak erreskatatu. Argi eta garbi esango dut: ez naiz suhiltzailea eta ez dakit zeintzuk diren baterion su-itzaltze eta erreskate protokoloak. Baina badakit zer edo zer bateriei buruz eta sute hauen sorreraren inguruan azalpenen bat emateko gai ikusten dut neure burua.

Sua eragiten duen prozesuak thermal runaway izena du ingelesez. Euskaraz bilatzen saiatu naizen arren, ez dut itzulpen eleganterik topatu, eta, beraz, ihes termiko erabiliko dut.

 

«Tenperatura balio jakin batetik gora handitzen denean, bateria itzaltzen da arriskuak saihesteko»

Bateriek beroa sortzen dute martxan daudenean, gure gorputzek sortzen duten bezala. Bai bateriek, bai gure gorputzek, sortutako beroa askatzeko bideak dauzkate. Gure gorputzen kasuan, beroa azaletik askatzen dugu. Baterien kasuan ere, beroa ingurunera askatzen da, barneko tenperatura balio 'seguruan' izateko. Izan ere, bateriek normalean segurtasun sistema izaten dute. Tenperatura balio jakin batetik gora handitzen denean, bateria itzali egiten da arriskuak saihesteko. Itzaltzean, ez du bero gehiago sortzen eta pixkanaka hozten da. Ados, eta zergatik ez da segurtasun sistema hori suak sortzen direnean martxan jartzen?

Bada bai, ziurrenik martxan jarriko da horrelakoetan ere, baina beranduegi, lagunok. Hori da ihes termikoaren gakoa: tenperatura balio jakin batera iritsiz gero, bateria itzalita ere, ez duela atzera bueltarik!

Bateriaren zenbait barne osagaik tenperatura altuan (80 gradu inguruan) kontaktu zuzena badute, tartean elektrodo negatiboak eta elektrolitoak (likido organiko bat), erreakzionatzen hasiko dira. Erreakzio horrek eragingo du gas toxikoak eta beroa (energia termikoa) sortzea! Beraz, tenperatura are gehiago handituko da.

Hortik aurrera, elektrodo positiboak eta negatiboak banatzen dituen bereizgailuak (segurtasunerako elementu bat) desegingo dira eta elektrodo hauek elkar ukituko dute. Zirkuitu laburra sortuko da! Eta, bai, tenperatura handituko da.

Jarraian, elektrodo positiboak urtuko dira. Argi, hemen hasten baita saltsa: gas ezberdinak neurri handiagoan askatuko dira. Gasen sorrerak bateria barneko presioa handitzea eragingo du. Eta ohartzerako 300 ºC ingurura iritsi gara denbora laburrean (Segundoak? Minutu gutxi?). Honek ez du atzera bueltarik: ihesaldi termiko betean gaude. Eztanda dator! Eta ondoren, sua! 300 ºC horiek asko iruditzen zaizkizu? Ba laster 800 ºC ingurura iritsiko gara.

Baina lasai egon, irakurle, hau ez baita ohikoa. Ez da erabilera arruntaren bidez gertatzen, bestela segurtasun sistemak bere lana egin eta ez zen ihes termikorik gertatuko. Horretarako, bateria bat ziztu bizian berotu behar da, itzaltzeko mekanismoa martxan jartzeko tarterik utzi gabe. Adibidez, korronte piko batekin («Kaixo, karga azkarraren maitaleak»), edota zenbait kasutan, kolpatuz gero. Argi geratu da, ezta? Hobe da bateriak labean ez sartzea. Tontakeri honen ondoren, gauza serio bat: argi! Zenbat eta bateria zaharragoa izan, orduan eta aukera handiagoa dago ezustekoak izateko!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!