Ez zaizkit horrelako ekitaldiak gehiegi gustatzen, eta lerro hauetatik ondoko aldarria egin nahiko nuke: hobe Tapia eta Leturia Tapia eta Urkullu baino, tankera horretako ekitaldiak apur bat alaitzeko.
Txantxak alde batera utzita, Basquevoltek 2028rako bateria solidoak ekoitziko dituen lehen enpresa europarra izan nahi du. Munduan dagoeneko mota horretako bateriak ekoizten diren enpresa batzuk badauden arren, ez da helburu makala. Ez dakit beteko ote duten, baina niri bide eman diate bateria mota honi buruzko testu bat idazteko.
Basquevoltek 2028rako bateria solidoak ekoitziko dituen lehen enpresa europarra izan nahi du
Gaur egun gure gailu gehienetan erabiltzen diren bateriek elektrolito likidoa daukate: estalkia irekiz gero, barrutik bustiak daudela ikusiko genuke (ez ezazue horrelakorik egin). Xafla batzuk (elektrodoak) ikusiko genituzke likidoan murgilduta. Elektrodoen erdiak, elektrodo negatiboak, grafitozkoak dira (arkatzen material berbera). Grafitoak elektrolitoko litio partikula txikiak hartzeko gaitasuna dauka bateria martxan den bitartean. Baterien funtzionamendua, hain justu, horretan datza: litioa alde batetik bestera mugitzean eta gordetzean.
Hala ere, grafitoak litioa hartzeko gaitasun mugatua dauka. Ikertzaileon erronketako bat litio gehiago har dezaketen materialak aurkitzea da, gehiago irauten duten bateriak sortzeko. Eta zein da litio gehien har dezakeen materialetako bat? Bada, litio metalikoa bera. Edonola ere, litio metalikoak bortizki erreakzionatzen du aireko hezetasunarekin, eta egungo elektrolito likidoak dituzten bateriek ez dute segurtasun berme nahikoa ematen material honekin lan egiteko. Elektrolitoak izaera likidoa beharrean solidoa izanez gero, litioaren aislamendua hobea da, eta arazorik egonez gero, arriskua mugatu daiteke.
Litioa eta elektrolitoa: kapazitatea eta segurtasuna dira. Auto elektriko ekoizleen ametsa. Zergatik itxaron 2028ra arte horrelakoak ekoizteko? Bada, elektrolito solidoek beste buruhauste batzuk badituztelako. Izan ere, litio partikula txikiak alde batetik bestera mugitu behar dira bateria barruan, eta hori askoz errazagoa da elektrolito likidoan. Horrek eragiten du bateria solidoek, autoak azeleroi bat behar dutenean, erantzun mugatua ematea. Alternatiba bezala gel motako elektrolitoak aztertu dira, likido oso lodi batzuk bezala irudika ditzakezue. Likidoen eta solidoen onurak eta gabeziak dituzte, baina maila apalagoan (onurak, batez ere).
Bateria solido eta gel motakoak ikertzen dihardugu hainbat taldek (bai, nire ikerketa zentroa ere saltsa horretan dabil), presentzia izango baitute gailu ezberdinetan datozen urteetan. Baina ez dakit teknologia mota hori nahikoa solidoa den epe ertainean (2028an!) auto elektrikoetan erabiltzeko. Ikusiko dugu!