WATTARIA

Gigafaktoriak

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Landa Medrano 2021ko eka. 1a, 07:57

Albisteak eztanda egin zuen: litio-ioi bateriak ekoizteko Basquevolt izeneko gigafaktoria bat izango dugu Euskal Herrian. Miñao Gutxian, hain zuzen. Eusko Jaurlaritzak sustatuko duen proiektu honen bidez Li-ioi bateriak egingo dira gurean 2026tik aurrera. Ez dakit albiste ona edo txarra irudituko ote zaizun, irakurle, baina niri azkenaldian bolo-bolo dabilen kontzeptu bat azaltzeko bide eman dit: gigafaktoriak.

Zer dira gigafaktoriak? Funtsean, Li-ioi bateriak ekoizteko fabrika erraldoiak dira. Irudikatzeko, herrien tamainako lantegiak dira. Urtean zehar egindako bateria guztien energiaren baturarekin, gutxienez gigawatt·ordu bat* ekoizteko gaitasuna duen faktoria. Bateria asko behar dira energia hori batzeko! Neurria hartzeko, Basquevoltek izango dituen langile kopurua datu adierazgarria da: 900 pertsona kontratatzeko asmoa dago.

Zer dira gigafaktoriak? Funtsean, Li-ioi bateriak ekoizteko fabrika erraldoiak dira. Irudikatzeko, herrien tamainako lantegiak dira.

Gigafaktoria kontzeptua Tesla auto elektriko ekoizleak jarri zuen gure ahotan. Litio-ioi baterien produkzioaren zati handiena Asian baitzegoen: Japoniak eta Koreak asko ekoizten dituzte, baina Txinak izan du urte askotan (eta oraindik ere badu) litio-ioi baterien mundu mailako kontrola. Auto elektrikoekiko interesa handitzen joan zen heinean, auto ekoizleek bateria hauen produkzioaren kontrola bereganatzeko asmoarekin hasi ziren erabakiak hartzen. Izan ere, beren auto elektrikoetarako bateriak ekoizle asiarrei erostean, ekoizle horiek mozkina lortzen zuten baterion salmentarekin; kontrara, bateriak auto ekoizleek sortuz gero, auto elektrikoen salmenta prezioa murriztu ahal izango lukete. Erabakigarria izan daiteke auto elektrikoak ez erosteko aitzakietako bat euren prezio altua dela jakinda!

Litio-ioi baterien ekoizpenaren kontrola bereganatzen saiatu zen lehena Tesla izan zen: fabrika erraldoi bat sortu zuen Nevadako (AEB) basamortuan, lehen gigafaktoria gisa izendatu zena. Hortaz, gigafaktoria kontzeptuaren gizarteratzea Elon Muski eskertu behar diogu. Baina Mendebaldeko ohituraren isla ere bada Muskek egindakoa: gurea lehenestea. Asian aurrez zeudenak beharbada baziren eta gigafaktoria lehen aipatutako definizioa aintzat hartuko bagenu. Kuriositate bat! Teslak bere bateriak Panasonic enpresa japoniarrarekin lankidetzan ekoizten ditu: badirudi Elonek ezin izan duela erabat askatu Asiarekiko lotura.

Europan, Northvolt enpresa suediarra izan zen lehena hautsak harrotzen. Hala ere, segituan sartu ziren jokoan auto ekoizle alemaniar nagusiak: BMW, Mercedes-Benz, Volkswagen... eta, Teslaren eredua jarraituta, asiar ekoizleekin lankidetzan hasi ziren. Batetik, auto ekoizleak pozik bateriak merkeago lortzeagatik; eta, bestetik, bateria ekoizle asiarrak ere pozik Europara zabaldu eta auto ekoizleekin dituzten lankidetzen bidez bateria mordo bat saltzen. Irabazi eta irabazi. Hasi zen europarron baterien ekoizpenaren kontrola eskuratzeko festa, asiarren teknologia baliatuta, beti ere. Eta iritsi da festa Euskal Herrira. Eta Extremadurara, Valentziara... denek sartu nahi dute eta sartu behar omen dute baterien ekoizpenaren jokoan. Pentsatzen dut gigafaktoria hauek eraikitzeko erabakia hartzen badute, auto ekoizleren baten babesa izango dutela. Izan ere, Euskal Herrian bertan baditugu auto produkzio enpresa garrantzitsuak: Volkswagen Poloa egiten dute Iruñan eta Mercedes Vitoa Gasteizen. Beste irabazi eta irabazi bat?

*gigawatt·ordu energia unitate bat da, hau da, mila milioi watt·ordu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!