WATTARIA

Ikerketaren kate-begiak

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Landa Medrano 2020ko api. 6a, 19:58

Orain dela gutxi kaleratutako albistea da MUBIL elektromugikortasunerako zentroak Tolosan izango duela behin behineko egoitza, behin betikoa Zubietan eraiki bitartean. 

Ez dakit zer-nolako inpaktua izango duen enplegu sorreran energia metaketa eta mugikortasun elektrikoa ikertzeko azpiegitura honek, ezta gure eskualdeari zenbaterainoko diru sarrera edo kostua eragingo dion ere. Bateria ikertzaile naizen aldetik, esan gabe doa horrelako ekintzek zuzeneko eragin positiboa dutela nigan eta zutabegile gisa ere beta ematen didala gure inguruan baterien ikerketan dagoen balio-katearen inguruan idazteko.

Ez dakit zer-nolako inpaktua izango duen enplegu sorreran energia metaketa eta mugikortasun elektrikoa ikertzeko azpiegitura honek, ezta gure eskualdeari zenbaterainoko diru sarrera edo kostua eragingo dion ere.

Balio-katea, labur esanda, honako hau litzateke: oinarrizko ikerketatik, ideiatik, azken produkturaino doan segida. Has gaitezen hasieratik: kontzeptuen sorreratik. Edozein garapen zientifiko-teknikoren sorrera unibertsitatean gauzatu ohi da. Unibertsitatean ideiak egikaritu ote daitezkeen frogatzen da, hots, ikerketa fundamentala egiten da. Ideia horietako asko ezingo dira gauzatu; beste asko, hurrengo faseetan bideragarriak ez direla ikusiko da. Dena den, ideia bat produktu bihurtzeko lehen pausoa hemen emango da. Gainera, ikertzaileak ere formatzen dira, kontzeptuak barneratzeaz gain proiektu bat hasieratik bukaerara gauzatzen ikasten baitute. Baterien inguruan eta hauetan erabiltzen diren materialetan, esaterako, EHUk lantalde dezente dauzka, eta Mondragon Unibertsitateak elektronika kontuetan baterien kontrola gauzatu ahal izateko badu indarra.

Kontzeptu mailatik unibertsitatetik produktu mailara enpresara ezin izan ohi da pauso bakar batean iritsi. Gure trenak bi geltoki dauzka. Alde batetik, EAEn geroz eta indar handiagoa hartzen ari diren CIC zentroak daude. Ondoren, zentro teknologikoak leudeke.

Lehenak, ikerketa fundamentaletik gertuago daude; eta, bigarrenak, enpresatik gertuago kokatzen dira. CIC zentroetan unibertsitateko ideia eta materialen optimizazioa bilatzen dira. Erakunde mota honen adibide garbia da Miñaoko CIC Energigune. Bestalde, zentro teknologikoek galbahe lanak egiten dituzte industriarentzat: «Aizu, enpresa! Balio-katearen hasieratik datorren teknologia honekin dirua irabaz dezakezu», edo «Material hau interesgarria da egun merkatuan dagoenarekin alderatuta». Baterien inguruko ikerketa egiten duten zentro teknologien artean Tecnalia, Tekniker, Ikerlan edota, gaur egun nire lantokia den, CIDETEC aipa daitezke.

Azkenik, enpresak dauzkagu. Enpresen helburu nagusia garapen eta aurkikuntza berrien kontura etekin ekonomikoa lortzea da. Ez dut hau zentzu txar batean idazten, izan ere, balio-kate osoari eusteko behar diren diru sarreren zati handi bat eurek ematen baitute. Gainera, ezin dugu ahaztu ikerkuntzaren helburuetako bat gizartearen bizi-kalitatea hobetzea dela, eta helburu hau askotan produktu berrien merkaturatzearen bidez gauzatzen da. Enpresek I+G+i lantaldeak izaten dituzte, eta aurrez aurkeztutako zentro teknologiko, CIC edota unibertsitateekin etengabeko hartu-emana izaten dutenak. Baterien inguruko enpresei dagokienez, Cegasa gasteiztarra daukagu, baina hau hornitzen duten beste asko ere badaude inguruan.

Azkenik, ezinbestekoa da erakunde publikoek kate-begi bakoitza sustatzea balio-kate osoari eutsi ahal izateko. Badirudi baterien inguruko ikerketa kateak sendo jarraituko duela gurean datozen urteetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!