Tolosan ezarriko dute Mubil enpresaren behin-behineko egoitza

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko api. 16a, 10:22

Udazkenetik aurrera, Usabal industriagunean egongo da erabilgarri Gipuzkoako mugikortasun elektrikoaz eta energia biltegiratzeaz arduratzen den enpresaren zentroa.

Gipuzkoako mugikortasun elektrikoaz eta energia biltegiratzeaz arduratzen da Mubil enpresa. Duela gutxi, bere zentroa Donostiako Eskusaitzeta industriagunean kokatzeko hitzarmena adostu eta sinatu zen. Zentroaren obrak egiten diren bitartean, ordea, behin-behineko instalazioak Tolosako Usabal industrialdeko pabiloi batean kokatuko dira, udazkenetik aurrera. «Mubil Fundazioan lanean ari dira Tolosako behin-behineko egoitzaren diseinuari eta instalazioari azken ukituak ematen», adierazi dute foru aldunditik.

Bertan kokatuko dira, besteak beste, energia biltegiratzeari buruzko ikerketara eta garapenera bideratutako Mubilen laborategiaren lehen instalazioak, betiere, Cidetec enpresak kudeatuta. «Instalazioen eta ekipoen ezaugarriak ikusita, Europa mailan punta-puntako laborategia izango da», diote. «Ekipamendu honi esker, bateriak eta energia biltegiratzeko sistemak erabat garatu eta karakterizatu ahalko dira, gero mugikortasunaren zein biltegiratze sistemen alorretan aplikatu ahal izateko. Erabilera errealeko baldintzetan bateriek duten portaera ere aztertu ahal izango da».

Foru Aldunditik adierazi dutenez, Mubilen behin betiko egoitza berria eraikitzen denean, Eskusaitzetara eramango dira instalazio eta ekipamendu hauek. Aurreikuspenen arabera, Eskusaitzetako industriguneko obrak datorren urtean hasiko dira. Hurrengo mugarria proiektua zuzenduko duen pertsona izendatzea izango da (azken fasean da hautaketa prozesua).

BI MILIOI EUROREN TRUKE

2025erako mugikortasun elektriko jasangarriaren eta energia biltegiratzearen industria esparruan nazioarteko erreferente izan nahi dute Gipuzkoak eta EAEk. Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere aldetik, 10.000 metro karratuko lurzati bat eskuratu berri du Donostiako Eskusaitzeta industria gunean. 2.009.148 euroren truke erosi zion eremua, Donostiako Udalari. «Lurzati hori eskuratzeko hitzarmena sinatzea urrats garrantzitsu bat da. Mugikortasun elektrikoaren alorrean lurraldeak dituen ahalmenak indartzeko, sektorearen garapena bultzatzeko eta Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna eta nazioarteko posizionamendua indartzeko erreferentziazko zentroa izango da», diote foru aldunditik.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan egin zuten akordioa sinatzeko ekitaldia, eta horrela formalizatu zen esku hartzea. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Ainhoa Aizpuru Proiektu Estrategikoetako diputatua eta Mubil Fundazioko lehendakaria izan ziren bertan. Ekitaldi horretan, sektoreko enpresak Eskusaitzetan ezartzeko 48.000 metro karratu gehiago erreserbatzea ere adostu zuten. «Horrela, elektro-mugikortasunari lotutako berrikuntza gune bat sortuko da», azaldu zuten erakundeetako ordezkariek.

LANKIDETZARAKO ESPAZIO BAT

Mugikortasun elektrikoaren eta energia biltegiratzearen arloko jarduera, zientzia eta ezagutza garatzeko espazio fisiko bat da Mubil. Lurraldean dauden gaitasunak biltzen ditu, eta aukera berriak sortzen ditu biltegiratze elektrikoaren arloan, baita ibilgailu elektrikoarekin lotutako teknologia eta ezagutzaren garapenean ere.

Elektrifikaziotik harago, mugikortasunaren orientazio integrala du Mubilek, eta lau helburu nagusi bereizten dituzte: jarduera ekonomiko berria sortzeko ahalmen zientifiko-teknologikoak eta industrialak lerrokatzea; mekanismoak sustatuz, enpresa-ehun berri bat sortzeko, gaur egungoa eraldatzeko eta enplegu berria sortzeko lankidetzan jardutea; bere jarduketak erakundeen lankidetza-sare batean integratzea, eta Gipuzkoa mugikortasun jasangarriaren eta biltegiratzearen esperimentaziorako espazio bilaka dadin erraztea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!