Motib(azi)oa

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola Arretxe, 'felix' 2026ko martxoaren 27a

Iruran lekukoak pozez gainezka. AEK

Astelehenean egin zituen KORRIKAk eskualdeko zenbait kilometro; bihar egingo ditu gainerakoak. Aurtengo KORRIKA furgonetatik bertatik bizitzea tokatu zait, mikrofonoa eskuan, eskualdeko euskaltzaleak eta korrikalariak animatuz eta hauspotuz.

Izugarria da furgoneta barrutik ikusten dena: lekukoa eskuetan hartzearekin batera aldatu egiten da jendearen aurpegia. Lekukoak badu zer berezi bat, hitzez azaldu ezin daitekeena, emozioek soilik ulertzen dutena, eta aurpegien eta gorputz hizkuntzen bidez soilik adierazten dena: kilometroz kilometro ehunka lagun korrika, euskararen aldeko mezu ezkutu bat eskuz esku pasaz.

«Lekukoa eskuetan hartzearekin batera aldatu egiten da jendearen aurpegia»

Egun hauetakoak baieztatzen du Iñaki Iurrebasok eta Garikoitz Goikoetxeak diotena: euskaldunon puntu ahula ez da motibazioa, gezurra da euskaldunok ez dugula motibaziorik; beste zerbait falta zaigu —furgonetatik begiratuta ez da ikusten zertan egiten dugun huts, baina datuek diote ezagutzan egiten dugula erren—. Lekukoa eskuz esku, irribarrez irribarre, motibazioz motibazio pasatzen ikusi dut. Ados, litekeena da lekukoa daramaten guztiak haien egunerokoan euskaraz ez bizitzea; baina ez da gutxi haien hizkuntza-erosotasunaren gainetik erabiltzen badute, gazteleraz erosoago sentitu arren, zenbait unetan edo pertsona jakin batzuekin euskaraz hitz egiten badute.

Izango da jarrera hori postureotzat hartzen duenik, eta har beza bakoitzak nahi duen bezala; nire begiek beste zerbait ikusten dute. Gazteleraz erosoago sentitzen denak zerbait antinaturala egiten du euskaraz egiteko hautua egiten duen bakoitzean; eta arnasguneetan bizi garenak, maiz, ez gara horretaz ohartzen —halere, guk gureari eutsi behar diogu, Maixuxen eta Erramunen herri honetan gutxiengoa baikara euskaraz erosoago egiten dugunak; gu gara euskal komunitatearen giharra, eta guk eutsi ezean gutxirako balioko dute KORRIKAk eta antzerako ekimenek—. Gehienean gazteleraz hitz egin arren, elkarrizketa batzuetan euskaraz egiten badu, hark ere jartzen du bere aletxoa, hark ere hartu dezake parte KORRIKAn, harena ez da aurpegi zuriketa. Ahal duena egiten du, eta neurri txikian bada ere, euskarari elkarrizketa berriak eskaintzen dizkio.

Kontrara, eta nire iritziz, beste jarrera batzuek ez daukate lekurik KORRIKAn. Euskarak kaleak hartu behar dituela aldarrikatzen dugu KORRIKAn, euskarak lan hizkuntza izan behar duela. Bada, ekimen horretan ez daukate lekurik lanpostu publikoetako euskara-eskakizunak epaitegietara eramaten dituztenek. KORRIKAk badu espiritu bat, badu motibo bat, badu izan bat; eta ez dira bateragarriak euskara epaitegietara eramatearekin.

Euskararen alde egon ez arren alde zaudela adieraztea postureoa da, eta hori oharkabean igaro daiteke. Aldiz, beste upel bateko sagardoa da kontra egin, epaitegietara eraman, lan-deialdi publikoak atzera bota eta euskara ez ikasteko eskubidea aldarrikatu ostean KORRIKAn parte hartu nahi izatea.

Bihar eguerdian zita daukagu euskararen motibatzaileok Ikaztegieta eta Bidania-Goiatz artean, tartean herritarren izenak esatea dagokit gainera; bihar ere motibazioz blaituko gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!