Hego-haizea eta epeltasuna

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2019ko ots. 15a, 05:57

Beste egun batez hego-haizea eta epeltasuna izango dugu. Hego/hego-ekialdeko haizeak indar pixka bat galduko du baina hala ere, tenperatura oso goxoak izango ditugu eta udaberri itxura hartuko du eguraldiak. Maximoak eguneko erdiko orduetan 16-18 gradutan kokatuko dira eta Tolosaldeko txokorik beroenetan 20 gradura gerturatuko dira termometroak. Zeruan goi-hodei batzuk salbu, zeru urdina nagusituko da eta giro eguzkitsuaz gozatu ahalko da. Egun amaieran hego/hego-ekialdeko haizea indarra hartzen hasiko da.

Larunbatean hego-haize zakarra eta giro epela izango dugu. Aurreko egunetako joera bera mantenduko du eguraldiak eta giro oso epela izango dugu. Tenperatura maximoek eguneko erdiko orduetan 16-18 gradu harrapatuko dituzte, Tolosaldeko txoko batzuetan 20 gradura iristea baztertu gabe. Zeruan aurreko egunetan baino goi hodei gehiago ikusiko dugu, baina ez diote batere trabarik egingo eguzkiari. Hego-haizeak zakar joko du, batez ere, egunaren bigarren zatian eta gehienbat haize guneetan eta mendi inguruetan.

Igandean giro epel eta atsegina izango dugu. Larunbatarekin alderatuz goi hodei gehiago ikusiko dugu, batez ere, arratsaldean baina ez dute hodei hauek inolako ondoriorik ekarriko eta giro epel eta eguzkitsuaz gozatu ahalko da. Hego-haizeak zakar joko du, batez ere, goizean eta tenperaturak antzeko balioetan mugituko dira, maximoak 16-18 gradutan kokatuz eta txoko batzuetan 20 gradura gerturatuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!