HAZKA podkast feminista

Nola erantzun minbiziari, biziminetik

Erabiltzailearen aurpegia HAZKA 2022ko abenduaren 20a

Aintzane Artolaren ahotsa plazerez eta miresmenez hartu dugu laugarren saioan; bularreko minbizia ahalduntzearekin gurutzatu, eta gaixotu zenean falta izan zitzaion erreferente bilakatu da tolosarra. 

Semeari bularra ematen ari zela koskor bat topatu, eta bizitzak ataka zail batean jarri zuen, duela urte batzuk. Bularreko minbiziak bularra kentzea ekarri zion, eta horren ondotik iritsi zen, lehengo itxura fisikoa berreskuratzeko presio etengabea. 

Aintzane Artolak gaixo zegoenean falta izan zituen erreferente guztien lekua bete du azken urteotan egindako ibilbidearekin; bere bizipenak, bere hitzak, bere istorioa itsasargi bat da, bularreko minbizian eta gaixotasunaren ondorengoan galduta sentitzen diren emakume askorentzat. 

Mandatu estetikoari uko egin, protesia zalantzan jarri, edertasuna definitzeko moduak birplanteatu; hori guztia eman dio feminismoak Artolari, gaixotasunari aurre egiteko. Hori, eta ahizpa sare goxo bat, zeina Izan Inurri proiektuan ehuntzen den. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!