Hemen, nekez ikusi dezaket horko inguru berderik. Eguzki errearen kolorea hartzen du lurrak inguruan, dena lehor. Eta estalkirik ere ez dute okre koloreko mendiek, artzain euskaldunek txamiso deitzen zuten sastraka tartekatuak kenduta. Nahi gabe imajinatzen dituzu pick up edo Ranger autoak pistetan barrena, pelikuletan hainbestetan ikusi ditugun bezala. Beste mendi batzuk dira hauek.
Hegoalderago bai, han topatu nituen, lehen astean apopilo hartu ninduen Asierrekin batera joanda, baso sarriagoak. Ez alferrik, Tahoe laku erraldoia daukagu ordubete azpitik Kaliforniarekin muga eginez; azken urteetan kasino eta opor-etxe dezente eraiki badituzte ere, oraindik natura bizi-bizirik nabari dena. Erabat ulergarria da bertako washoe jendeak mendeetan zehar leku sakratutzat eduki izana. Baina bainu eder baten ostean berriro autoa hartu dugunean ingurua ezinbestean idortu zaigu berriro. Lakua atzean utzi eta bagindoazen garai batean inguruko meatzari herririk handienetakoa izan zen Virginia City-ra. Errepide bat eta bi aldeetan egurrezko etxeak. Eta urrutira ortzimuga zabal bat, meatzarien zulagailu erraldoiak eta mendi gehiago, kolorerik aldatzen ez zaiela.
Ez nago ohituta hain urrutira ikusten. Nire begiek normalean bertan zeuzkaten aurrena Mareagain eta Mendikute, gero Montesku eta Uzturre. Eta barruan sortzen didan kontraste hori gustatzen zait. Horregatik, gustu hartu diot ordu honetan, iluntzeko zazpiak pasatxo direnean, kanpoan eseri eta urrunean eguzkia sartzen ikusteari. Gogorarazten dit nik ere badakidala begi desberdinekin ingurua begiratzen, horkoa ahaztu gabe.