[Renotik] Hareazko herri hau

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Azurmendi 2018ko ira. 14a, 21:36

Ba al dakizue noiz sortu zen zuen herria? Eta nork? Ez naiz ari, ohikoa den bezala, «Albizturren lehen aipamena 1384. urtekoa da» gisako esaldi baten bila; bistakoa baita lehen aipamena baina lehenago izango zela herririk hor. Bestela ezin aipatua izan.

Eta era berean, ez dut galdetzen nor izan zen lehen udaleko aurreneko agintari, udala bera baino lehen ere egongo zelako jendea horko herrietan. Gure inguruaren sustraiak denboran oso atzera luzatzen dira eta, inoiz pentsatzen jartzen bagara, zail egiten da hasiera batean pentsatzea. Noiztik datorren ez dakigun hari bat dauka gure herri bakoitzaren kontzientziak, gaur egun arte irauten duena.

Renon ez da hala. Euskal Ikasketen Zentroa dagoen eraikinak egun hauetantxe argazki erakusketa bat dauka hiriaren historiari buruz. Izan ere, ia Renoren historia osoa argazkitan eman baitaiteke. Bai, bai... argazkilaritza sortzen ari zen 1850. hamarkada horretan sortu zen hiri hau. Inguruan urrea zein zilarra topatu zutela eta itzelezko jendetza bildu zen hemendik 35 bat kilometrora; hemen, mearen garraiorako zubi bat eraiki zuen batek, haren inguruan negozioak sortu zituzten eta, hara, azkenean, 1868an, ofizialki hiria fundatu zuten. Neurria hartu nahi badiozue pentsa garai hura azken karlistaden ataria dela. Edo hobe, pentsatu edozein baserrik ia seguru dauzkala urte gehiago.

Diferentzia hori kalean igarri egiten da. Hemen ez dago haririk behinolako tribu natiboen leku sakratutik gaur egungo hirirako bidea erakusten duena. Eten egiten da. Reno hiria gizon zuriaren negozioak sortu baitzuen, ez natiboen balizko «garapen» batek. Eta horregatik, urte gutxitan ikaragarrizko gorabeherak izan ditu: meatzarientzat zubi izatetik trenbide nagusiaren alboko negozio-hiri izatera, gero kasinoek berpiztutako leku eta mendizale-eskiatzaileen helmuga izateko. Dena desertu erdian eta aldiro desertua bezala aldatuz. Ez guk ezagutzen dugun Alde Zaharrik, ez hirigune historikorik ere ia. Eta hala ere, negozio gorriaren erdian, langileak eta kontsumitzaileak, ikasleak eta jokalariak soilik daudela dirudien lekuan, bizitzak bere bidea egiten du. Bilatzen dakienak entzungo baititu natiboen danbor hotsak, artzain euskaldunen doinuak, mexikar langileen sehaska kantak eta bertako baserritarren countrya; desertuetan xomorroek uzten dituzten hanka-arrastotxoak bezala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!