(H)ari naizela

Oihana Iguaran: «Lehenago edo beranduago bertsoarekin harremana izan duen Tolosaldeko emakume eta genero disidente asko elkartu gara»

Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa izango da 2026an, eta, horren harira, Beñat Azaldegi antolatzailea eta Oihana Iguaran eskualdeko emakumeentzako eta genero disidenteentzako bertso-eskola eman duena elkarrizketatu ditugu; eta Amezketako San Martin Eguneko bertsoaldiak entzun ditugu.

Bederatzi urteren ostean, datorren urtean jokatuko da Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa. Azken herriartekoan partaideen % 80 baino gehiago gizonezkoak izan zirela kontuan hartuta, emakumeentzako eta genero disidenteentzako bertso-eskolak antolatu dira eskualdez eskualde, eta Oihana Iguaranekin hitz egin dugu, hura izan baita Tolosaldeko taldea batzearen ardura izan duena. Goiz bateko saioak eman duena azaldu digu, eta esan digu gehiagorako gosez geratu dela jendea, eta izango duela honek jarraipena.

Elkarrizketa horren aurretik Beñat Azaldegi Gipuzkoako Herriartekoa antolatzeko ardura duen tolosarrarekin ere hitz egin dugu, eta txapelketaren nondik norakoak azaldu dizkigu.

Elkarrizketa eta elkarrizketa tartean, Amezketako San Martin auzoko ermitan, azaroaren 11n, San Martin egunez Bixente Gorostidi herriko semeak eta Anjel Mari Peñagarikanok librean egindako saioko bertsoak entzun ditugu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!