Astearterako edo asteazkenerako sarrerak agortuta zeuden, Azpeitiko Soreasu antzokian ospatu zen bertso saiorako. Giroa beroa espero zen eta halaxe izan da. Oihana Iguaran amasarrak kantatu du, Iñigo Mantzizidor Mantxi (Zarautz), Nerea Elustondo (Legazpi), Alaia Martin (Oiartzun), Amaia Iturriotz (Urretxu) eta Iñaki Gurrutxaga Gurru (Orio) bertsolariekin batera.
Maila handiko bertso saioa izan da. Horren adibide, sei bertsolarietatik bostek final-erdietarako txartela lortu dutela. Iguaranek, saioko irabazlea izan denez, Tolosan kantatuko du.
Maila handikoa bai, eta berdindua ere bai. Lehen lau bertsolariak hamar punturen baitan geratu dira.
LEHEN BERTSOTIK
Iguarani tokatu zaio lehen ofizioa, Iturriotzekin batera. Bikotea dira, haurrari GPSdun erlojua oparitu nahi dio Iguaranek; kontra dago Iturriotz. Elkarrizketa «librezaleak guztiok gera/ zerbait pasatzen den arte» amaierarekin hasi du Iguaranek. «Haurrai eman nahi diozu baina/ zuretzat da oparia» erantzun dio Iturriotzek eta elkarrizketa sakona osatu dute hurrengo bertsoetan.
Zortziko txikian eta seiko motzean Iguaranek osatutako bertsoaldiek umorea izan dute ardatz eta entzuleen txaloek, errepikapenak ez entzutea ere ekarri du uneren batzuetan. Gurrurekin, zortziko txikian, hegazkinean maletarik fakturatu ez, baina Gurruk traste batzuk Iguaranen maletan sartu nahi ditu. «Beharrezko al ziran/ pistinako aletak» ekin dio amasarrak eta «badakit ikusita/ motxila mardula,/ kaltzontzilo bakarra/ hartuko zenula» jarraitu du. Azken bertsoan, amasarrak bueltako bidaiaz «han behintzat souvenirrik/ ez zazu erosi» kantatu du eta «bueltatuko naizenik/ ez det ziurtatzen» errematatu du Gurruk.
Seiko motzean berriz, Mantxirekin, herriko parkeko putzuko amabirjinari txanponak botatzeko joera du jendeak eta gaur ere diru mordoa pilatu dela ikusi dute. Iguaranek lehen bertsoa «esango nuke amabirjinak/ ez dituela nahi»amaitu du, «ni bi eurokoen bila,/ ta zuk zentimoak pila,/ ta amabirjina ere gurekin/ etorri dadila» erantzun dio Mantxik eta increchendojoan da ofizioa.
Hamarreko txikian, puntuaziorik altuena lortu du Elustondorekin osatutako elkarrizketa goxoan. Urtebete da alargundu direla, eta Iguaranek bikotekiderik gabe bizitza berria egiten asmatu du. «Nahiz etxea sentitu/ hutsunez gainezka,/ lehengoa ez da baina/ hain tristea ez da»amaitu du lehena amasarrak eta «baina, gero iluntzean/ heltzean etxera,/ lau paretak erori/ ohi zaizkit gainera» erantzun dio Elustondok. Iguaranek bere kasu partikularra kontatu du bigarren bertsoan, senar ohia gaixo zegoela eta «bizitza deskubritzen/ ari naiz berriro». Elustondok minarekin bizitzen ikasi beharko duela esan du eta Iguaranek azken bertsoan, «alargun gaude baina/ ez gaude bakarrik» esanaz amaitu du.
Kartzelakoan, «famatua zara. Bada urte-erdi inork ez dizula deitzen elkarrizketarik egiteko» gaiari, aktorearen paperetik kantatu dio. Lehen bertsoa «Lehen telebista kasi ezin nuen/ nik lepo gainetik aska,/ ta prentsa handiak ez dit deitzen/ antzerkian ari naiz ta». Bigarren bertsoan, lana ere gutxitzen ari zaiola «eta egunak pasatzen ditut/ mugikorrari begira» amaitu zuen. Azken bertsoan, mugikorra dardarka hastean «elkarrizketa ez zait inporta/ lanerako izan dadila».
MUJIKA MUGAN
Beñat Iguaran matematikoki kanpoan geratu da. Txanponaren bestaldean daude Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal zizurkildarra. Matematikoki sailkatu dira final-erdietarako. Haritz Mujika berriz, mugan ibiliko da. Final-erdietara hemezortzi bertsolari sailkatuko dira: bost saioetako irabazleak eta hamahiru puntuazioz. Une honetan, puntuazioz, hamaikagarrena da asteasuarra. Azkoitian laugarren geratzen den bertsolariak 455,5 puntu baino gutxiago lortzen baditu, barruan da.
ARTOLAREN TXANDA
Mujikari lanak zailtzea dagokio alegiarrari, larunbatean kantatuko baitu. Azken final-laurdenetako saioa izango da Azkoitiko Batzartxo antzokian. Maialen Akizu (urretxu), Beñat Gaztelumendi (Añorga), Ane Labaka (Lasarte-Oria), Ander Lizarralde (Oiartzun) eta Ane Zuazubiskar (Arrasate) izango ditu kantu-kide. 459 puntu egiten dituenak final-laurdenetan kantatuko du, ziur. Aldiz, 451 baino gutxiago egiten dituena, ziur da txapelketatik kanpo. Tarteko puntuazioak, postuaren arabera balio lezake, edo ez.