Hitzen dantza

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Ugartemendia Urretabizkaia/Ainhoa Barandiaran Mujika 2019ko urriaren 29a

Bertso saioa hasteko ordu laurden falta da oraindik. Batzuk asteburuari errepasoa egiten ari dira aretoko aulkian eserita. Beste batzuk, denbora luzez ikusi gabeko lagun horrekin elkartu dira sarreran, eta aspaldi jarri behar zuten, baina oraindik jarri ez duten hitzordua finkatzeko lanetan sumatu ditugu.

Gu bitartean, azken minutu hauek bertsolariek nola biziko dituzten imajinatzen saiatzen ari gara. Ez da erraza bestearen lekuan jartzea, eta jarri zarela uste duzunean ere, zure errealitatetik ari zarela konturatzen zara; guk, saltoka imajinatu baititugu ia denak.

Tentsio handiko momentuak, batzuk bakarrik egon beharrean, isiltasunean, eta besteak urduritasun hori kontrolatu ezinik, kontuak esan eta esan… Ez da harritzekoa! Hainbeste lan orduren emaitza saio batean erakusteak sortzen duen zama ez baita txikia.

Txalo zaparrada artean igo dira bertsolariak taulara. Besoetako ileak tente ditugu denok, beraien tentsioaren zati bat guretzat hartu izan bagenu bezala. Hasi da emanaldia. Gure oinak erritmoa markatzen ari dira lehen bertsotik eta bertsolariak ere dantzan ikusten ditugu, aurrez entseatutako koreografia batean murgildurik baleude bezala: zutitu, mikroa egokitu, lagunari begiratu, posizioak finkatu... bakoitza bere estiloan.

Aurrera doa saioa, baina ikusleek ez dute arretarik galtzen. Belarriak zut eta begiak erne, epaitzeko prest. Bertsolariek berriz bistakoa dute nekea, nahiz eta batzuek arnasa berotu ahala arintasuna irabazi.

Hasierak bukaera du ordain eta ikuskizunak, esker ona. Txalo zaparrada berriz ere.

Taulatik jaitsi eta bakoitzak berea izango du emozio zurrunbiloa; barruko hori askatu izanaren hustasuna, hala dena «bukatu» izanaren nostalgia. Noiz ote da hurrena?

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!