Tolosaldean euskaraz aritzen garenok, Zaldunita esaten diogu Garizumari hasiera emango dion eta Hauster Eguna baino lehen egiten dugun hiru eguneko gehiegizko jan-edan, festa eta jolasen lehen egunari. Tradizioaren zati batekin irmo mantentzen dihardugu, behintzat. Zaldun-inaute, igande-ihaute, karnabal domekea... deritze egun honi euskal hiztun diren beste herri batzuetan. Euskararen aberastasuna eta magia. Denontzako berdina omen, halaber, Erdi Aroan inauterietako igandea zaldunen egun izendatua izan zenaren historia.
Sei urteko haurrak, dirudienez, hartu dio Zaldunitari norbaiten izen-deituraren tankera. Baina ez daki, neska bati ote dagokion edo mutil bati. Antza ikasi baitu, izenak behar dutela izan talde urdinekoak edo talde arrosakoak. Eta gurasoak nola pentsatuko zukeen, greziar eta erromatar garaiko festa paganoetan, bazenik emakume gerlaririk, edota, Erdi Aroan, emakumezko zaldunik. Erantzuna bizkor eman dio, ileorde arrosa, laborategiko betaurreko eta mantala zuria eta txapinak (bai, azken hau ere oso tolosarra) jantzi bitartean, ezin baita Dianara eta ondorengo gosarira berandu ailegatu.
Antzeko zerbait gertatu da historian zehar emakume zein neska zientzialariekin. Hona spoiler bat. Zuk eskatu: izendatu emakumezko zientzialari batzuk. Erantzuna: Marie Curie eta... isilunea. Zientziari ekarpen handiak egin izanagatik ere, ez dira sekula ez merezimenduz saritu ezta errekonozitu ere. Egungo gizartean, genero desberdintasunak zientzien alorrean eragin dituen albo-ondorioak medio, ospatzen da gaur, otsailaren 11n, Zientziako Emakumearen eta Neskaren Nazioarteko Eguna, Nazio Batuen Erakundeak sustatuta.
Inauterien amaierarekin eta Garizumaren hasierarekin batera, baraualdi eta abstinentzia garai luzea hasten zuten fededunek, Pazkorako prestatzeko. Gaurko egunez hasten den hiru eguneko inauteri-aldia aprobetxatzen zuten, gizonezkoek, debekaturiko gehiegikeria guztiak (guztiak diodanean, guzti-guztiak dira) egiteko.
Egun, festen zurrunbiloan murgildurik bagaude ere, garaiak aldatu dira eta festak amaitzearekin batera, baraualdia hasi ordez, gizarte-mailan eragiten jarraitzea beharrezkoa izango dugu. Oraindik ere, Missouriko Unibertsitateko Gijsbert Stoet eta David C. Geary ikertzaileek behatu dutenez, mutilek uste dute eurak gaitasun hobeak dituztela zientzien alorrean, zientzietarako abilezia frogatua, antzekoa edota hobea, neskak duten arren.
Tolosako Inauteriek badute dogmatikotik asko: ezin da ukatu, bere jarraitzaile sutsuenen artean, festa guztietan onenak direnik. Eta antzeko zerbait gertatzen da zientzian: estereotipoak, erreferente faltak eta genero sozializazioak, egun, haustea lortu ez ditugun sinismen dogmatikoak elikatzen jarraitzen ditu. Ondorioz, neska zein emakumeek, zientziekiko interesa galdu dute, ez dira gai sentitzen eta zientzialariaren identitatetik urrun sumatzen dira.
Hori medio, jarraituko dute gizonezkoek, inauteriz inauteri, emakumeak barregarri uzten dituzten mozorroak soinean janzten. Eta bitartean, emakumeek jarraituko dute, soilik inauteriz inauteri, zientzialariz mozorrotzen.
Aita, ama, zientzialaria izan naiteke?
Inauteri berdinzale zoriontsuak izan!
Andrea Olazabal Iriarte, fisioterapeuta (Tolosa).