8,5 milioi biztanleko hiri basati bezain ederrean, beste askoren artean, atentzioa eman zidan nola hiriko garraio publiko ezberdinetan, metroan, autobusean nahiz trenean mugitzeko nahikoa zen garraio-txartel bakarra eskuratzea, eta hura behar adina diruz kargatzea.
Etxera bueltan, 2005eko abenduan, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartearen bidez balizko tokiko telebista baterako bideragarritasun plana egiteko aukera suertatu zitzaidan, eta hartarako dokumentazio-lanetan ari nintzela, Goiena ezagutzeko aukera izan nuen, Debagoienako tokiko hedabide euskaldun eta multimedia.
2006ko irailean Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitzako kudeatzaile lanetan hasteko aukera izan nuen, eta handik gutxira Galtzaundi Euskara Taldeko zuzendaritza berritu zen. 2008 urtean Mikel Errazkinek Galtzaundi aldizkarian eta Joxemi Saizarrek Hitzan argitaratutako lanak batu eta 1936ko Gerrako Oroitzapenak, Tolosaldean eta Leitzaldean liburua argitaratu genuen, elkarlanean. Gogoan dut liburuaren aurkezpena orduan Txolarre Irratian aritzen zen eta egun Atariako kazetaria den Jon Mirandak egin zuela.
Aurreneko elkarlan hartatik abiatu zen, pixkana, Tolosaldeko euskarazko tokiko hedabideen bateratze-prozesua.
Hortik aurrerako gertakizunen sekuentzia ez dut hain ondo gogoratzen, bizi izan nituen sentsazioak eta emozioak bai ordea; gogoan dut hasiera hartan Hitzaren Administrazio Kontseiluaren bilera batean bateratze proiektuaren ideia aipatu nuela, eta baita Hitzako lantaldean ere geroz eta gehiagotan hitz egiten genuela etorkizunean izan behar genuenaz.
Hurrengo hilabeteak ez ziren errazak izan, eguneroko lanez gain bateratze proiektua ere lantzen ari ginelako; beldurrak eta mesfidantzak ugaritu egin ziren, neurri batean ulergarriak era bazirenak, eta iritzi talkak kudeatu behar izan genituen. Edonola ere gainditu genituen hasierako zalantzak eta kezkak eta jarri ginen denok norabide berean.
Eta horrela, 2013ko urriaren 6an, Tolosan Ahora lelopean Kilometroak jaia ospatzen zen egunean, baten batek nahita jarri izan balu bezala, jaio zen Ataria.
Urriaren 6 haren aurreko egunak eta eguna bera ilusioz eta pozez bizi izan nituela gogoratzen dut; bikaina izan zen Kilometroak eguna, eta hura bezain ona Tolosaldeko Atariako lantalde guztiak prentsa idatzian, irratian nahiz sarean egin zuen lana.
Hurrengo egunetik aurrera proiektu berria, lantalde berria, egoitza berria… gauza asko zeuden atontzeko eta fintzeko, eta garai hura bizi izan genuenok ondo dakigu ez zela batere erraza izan, baita denborarekin ondorio gogorrak pairatu izan ditugula ere. Zorionez aurrera jarraitzen du orduan hasi zen Tolosaldeko Atariaren ibilbideak.
Kontuak kontu eta pasatakoak pasata, igaro diren 10 urte hauetan nabarmena izan da Atariak lortu duen hedapen-hazkundea eta erreferentzialtasuna, sarean batez ere. Ukaezina da eman den aurrerapausoa eta benetan pozgarria da hori.
Herritar gisa eta kudeatzaile ohi gisa, 28 Kanalarekin elkarlanerako bidea jorratzen jarraitzea eta Aiztondo bailaran Aiurrirekin koordinazioa lantzea iruditzen zait direla jorratu beharreko bideetako batzuk, oraindik sinisten baitut Tolosaldeko euskarazko hedabideen egiturarik eraginkorrena denek modu bateratuan lan egitea dela, euskaldun guztiontzat gertukoa, erreferentea eta kalitatezkoa den euskarri anitzeko komunikazio-egituran, Tolosaldeko Komunikazio Taldean.
Zorionak eta segi aurrera.
Jon Mujika Odriozola, Tolosaldeko Hitza eta Atariako kudeatzaile ohia