Eta lehen mailara igotzea ez dago batere erraza: behar dira jokalariak –badira, eta oso onak–, behar dira zaleak bultzatzeko –badira, ikaragarri leialak, gainera– baina tamalez, ez da nahikoa haien jokoa eta bultzada. Besteak oso ahaltsuak dira, mundu mailakoak. Championsekoak. Eta gure hizkuntza txikia da. Gutxitua. Menostua. Behar dira baliabideak, behar da aurrekontua, behar da apustu sendo bat lehen mailara igotzeko, guztion apustua, baina emaitzei erreparatuz gero, ez da halakorik. Beraz, bigarren mailako izatera kondenatuta dago euskara, beti hil ala bizi, kinka larri samarrean, jaitsi, ez jaitsi. Aurten Alaves eta Osasuna nola.
Eskerrak arestian aipatutako jokalariei eta zaleei. Kopuruz ez dira, ez gara, agian, nahiko genukeen beste izango, baina nahiko lukete Championsekoek gure jokalari eta zale horien engaiamendua, atxikimendua, arnasa eta bultzada.
Euskara zer zelaitan jokatzen ari den agertzeko, apirilaren hondarreko aste bereko albisteak dira segidakoak, eta ez denak txarrak:
Baga: Administrazioen zelai gotorrean, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailak datorren ikasturtean Euskara Bonua jarriko du martxan: 120 euroko ordainketa bakarraren truke, lau urtez euskara ikasteko aukera, norbere erritmoan, B1 maila eskuratu arte. Ona da albistea: euskararen zelaira jende gehiago erakartzeko neurria da, egokia eta beharrezkoa menturaz –behar ditu euskarak zale eta hiztun gehiago–, baina nago atxikimendua, futbolariek paparra puztuta aipatzen duten «kolore batzuekiko sentimendua», hori nekez lortzen dela diruz eta bonoen bitartez. Sentimendu hori zenbaitetan etxetik jasotzen da, edo bestela, behe-beheko mailetatik hasi eta larre motzeko edo batere larrerik gabeko zelaietan jokatzen eskuratzen da, lau jertse metarekin porteriak egin eta lagunarteko partidak jokatuz... Hizkuntza batekiko miraz eta errespetuz.
Biga. Pantailen zelai dirdaitsuetan, iaz estreinaldi ederrak izan ziren euskaraz: Maspalomas, Karmele, Gaua, Faisaien irla... Esan dugu lehen, puntu-puntako jokalariak badira gurean, zelai guztietan. Gainera, Euskal Herriko zinema aretoetan gehien ikusi zen filmetako bat izan zen horietako bat, Maspalomas. Baina dena ez da urre eta Goya. Pantailak Euskaraz taldeak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak apirileko albiste horretan jakitera eman zutenez, zinema aretoetan iaz estreinatutako filmen % 2 izan ziren euskarazkoak. Hego Euskal Herrian 750 bat estreinaldi izan ziren: sei ziren jatorriz euskarazkoak, bi elebidunak, eta hamalau bikoiztutakoak. Guztira 22; honenbestez, % 2,9 inguru. Ipar Euskal Herrian, berriz, euskarazko hiru film izan ziren aretoetan ibilbide komertziala egin zutenak, 450 pelikuletatik, % 0,6 pasatxo. Batez beste, beraz, % 2 baino ez. Emaitza kaskarrak lehen mailako izateko. Euskara duin lehiatu da pantailetan, baina soropil horretan ere mundu mailakoak dira nagusi. Championsekoak.
Higa. Kirolaren berezko zelaietan, Realak Espainiako Kopa irabazi osteko ospakizun eta harrera jendetsuetan, asko goraipatu zen harrobia, etxekoen ekarpena, gaztedi txuri-urdina. Ospakizunaren aparretan, euforiaren gailurrean, milaka haur eta gaztetxo zeuden, danborra jotzen, txapeldunei, Cartujako heroiei beha. Eta joko-zelai paregabe horretan, deigarria izan zen batzuen eta besteen hizkuntza hautua. Esker oneko diskurtsoen partean, kunplimenduen alderdi formalean, kapitaina, Mikel Oiarzabal, euskaraz mintzatu zitzaien Alderdi Ederren bildutako milaka zaleei eta ETB1etik –bai, euskarazko katetik– harrera ikusten zeuden beste horrenbesteri. Ondotik, ama hizkuntza Championsekoa duen entrenatzailea ere euskaraz aritu zen, begirunez: «Txapeldunak gara! Goazen Erreala!». Unai Marrero atezaina ere antzera, atea bezain ondo bere-berea duen hizkuntza ere zaintzen.
«Ez, zelai handi horietan, ez dauka erraza euskarak lehen mailara iristea»
Eta ondoren, diskurtso ofizialak bukatu zirenean, kafea eta ronaren orduan, festaren benetako tenorean, Aritz Elustondo kapitainaren barkamena euskaldunei, bi aldiz gainera, erdaraz egingo zuelako, «mundu guztiak uler zezan». Hura bai gola! Gaztelaniak euskarari sartutakoa, Marrerok ere nekez gera zezakeena. Ez, ez baita Elustondo, ez baita Erreala. Da joera eta jarrera zabaldua. Mundu guztiak ulertu dezala hemen gaztelania dela lehen hizkuntza, lehen mailakoa, denok ulertzen duguna, eta euskara dela bestea, tartean-tartean batzuek hitz egiten dutena, bigarren mailakoa. Kanpotik datozenek uler dezatela gaztelania ikasita nahikoa dutela, hemen den-denok —Igor Zubeldiak ere bai— ikasten dugula gaztelaniaz, eta, beraz, «kaixo, agur, eskerrik asko!» begirunezkoak ikasita eta «goazen Erreala!» esanda, gure bihotza irabazia dutela. Zizka-mizkak, hondarrak, sarrerako agurrak, diskurtso formalak, horiek egin daitezkeela euskaraz —zer poza gurea, zer poz handia!—, baina mamian sartzerakoan, hitz egin behar dela mundu guztiak ulertzeko moduan.
Ez, ez da Elustondo, ez da Reala. Da zelai askotako joera zabaldua: euskarazko albistegietan ere politikarien adierazpen mamitsuak gaztelaniaz entzutea, benetan komunikatu nahi den hori erdara garbian komunikatzea, euskal konpainien publizitate kanpainak gaztelaniaz pentsatu eta diseinatzea eta ondoren euskarara ekartzea —sarritan batere gatz eta piperrik gabe—, erakunde eta entitate asko eta askoren prentsa-oharrak jatorriz gaztelaniaz idatzi eta, ondoren —askotan halamoduz— euskarara itzultzea eta bidaltzea. Da bizitza guztia hemen bizi, euskaraz ikasi ez eta lan-deialdi batean hizkuntz eskakizunei helegitea jartzea. Da herri bati esan gabe esatea, barkatu baina ulertu egin behar duzue: Championseko hizkuntzak daude eta bigarren mailako hizkuntzak daude, eta esan behar dudan hau mundu guztiak ulertu behar du.
Ez, zelai handi horietan, ez dauka erraza euskarak lehen mailara iristea.
