Hitzez Hitz

Zuk ere lagundu dezakezu

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi euskara taldea. Klara Ceberio 2023ko aza. 27a, 07:58

Nork esango luke duela urte batzuk makina bati milaka eta milaka hitzeko dokumentu bat hizkuntza batetik bestera segundo gutxiren buruan itzulita jasoko genuela? Edota laguntzaile birtual bati (Siri, Alexa eta antzekoei) hitz egin eta etxeko hainbat gailu elektroniko martxan jartzeko aukera izango genuenik?

Bada, adimen artifiziala dago makinek eginkizun horiek burutzeko erabiltzen duten teknologia horien guztien atzean, azken urteetan puri-purian dagoena. Adimen artifiziala, gogora dezagun, makinek giza adimena imitatzeko duten gaitasuna da. Makina horiek gurekin komunika daitezke eta beren kabuz ikasi eta erabakiak har ditzakete, eta, horretarako, datu-kopuru handiak prozesatzen dituzte. Mundua goitik behera aldatzen ari den teknologia dela esaten dute batzuek, bere garaian Internetek ekarri zuen iraultzarekin parekatuz.

Dena dela, euskaldunok zailtasunak ditugu kasu honetan ere, ezin baitugu euskaraz aritu teknologia berri horiek darabiltzaten hainbat gailu eta aplikaziotan. Arrazoiak ugari dira eta labur esanda, batetik, puntako teknologia hori garatzen duten enpresa erraldoiek merkatuari begira garatzen dituzte tresnak eta, hortaz, mundu mailan gehien erabiltzen diren hizkuntzek izan ohi dute lehentasuna. Euskara bezalako hizkuntza gutxituak urte batzuen buruan txertatzen dituzte, kasurik onenetan, eta kalitate eskasagoarekin gehienetan. Bestetik, horrelako teknologiak garatzeko, makinek hizkuntza ikas dezaten datu-masa handiak behar izan dira orain artean (hori ere aldatzen ari da), eta, euskara hizkuntza nagusien datu-kopuruetatik oso urrun geratu ohi da.

Beraz, euskararen presentzia bermatu nahi bada, aplikazio eta gailu adimendun horiek euskara kontuan har dezaten, ez genuke enpresa handi horien zain egon behar, eta, dagoeneko horretan ari diren hemengo ikerketa-taldeei, erakundeei eta enpresei bidea erraztu beharko litzaieke. Horrez gain, oso garrantzizkoa da euskarazko kalitatezko datuak sortzen jarraitzea, bai idatzizkoak, baita ikus-entzunezkoak ere.

Asmo horrekin jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak Gaitu izeneko egitasmoa, adimen artifizialak euskaraz egin dezan. Makinek gure hizkuntza ulertu eta hitz egin dezaten, irakatsi egin behar diegu lehenago eta, horretarako, milaka ahots behar dira. Helburua da ahots asko eta askotarikoak biltzea: adin-tarte, genero eta mota guztietakoak. Guztion artean sortuko den ahotsen datu-basea, gero enpresa guztiek erabili ahal izango dute euskarazko tresna eta aplikazio berriak sortzeko, euskaldun guztion onurarako.

Horretarako, Gaitu webgunean sar zaitezke eta ahalik eta esaldi gehien graba ditzakezu.

 

Adi egon Galtzaundik Euskararen Egunean antolatuko dituen ekimenei, ahotsak grabatzeko aukera izango baituzu



Bakarrik egin nahi ez baduzu, adi egon zaitez Galtzaundik Euskararen Egunaren inguruan antolatuko dituen ekimenei, ahotsak grabatzeko aukera izango baituzu gune berezi batean.

Ederra litzateke euskaraz hitz egin ahal izatea bozgorailu adimendunekin, laguntzaile birtual edo txatbotekin, autoekin… Gainera, etorkizunean etor daitezkeen bestelako aplikazio eta tresnek euskaraz egin dezaten bidea erraztu dezakegu. Guk ere jar dezakegu gure hondar-aletxoa horretan, beraz, animatu eta parte hartu!




Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!