Euskararen Eguna 2023

Teknologiari euskaraz irakasteko maratoia, abenduaren 2an

Ataria 2023ko azaroaren 23a

Galtzaundi Euskara Taldeak 100 ahots baietz! maratoia antolatu du, Gaitu kanpainarekin bat eginez.

Euskaldunon aurrean dugun desafioetako bat egunero erabiltzen ditugun mugikorrek, ordeinagailuek eta bestelako tresna teknologikoek euskaraz egitea eta ulertzea dela iritzita antolatu dute maratoia. Abenduaren 2an izango da, 10:00etatik 18:00etara, Tolosako kultur etxeko areto nagusian. Galtzaundik esan du teknologiari euskaraz irakastea falta dela eta horretan laguntzeko antolatu duela hitzordua, Gaitu kanpainarekin bat eginez.

Maratoian parte hartzeko kultur etxean egongo diren ordenagailuen aurrean jarriko dira eta bertan azalduko diren esaldiak irakurri beharko dituzte, ahotsa grabatuz. Hori egiteko 30 minutuko txandak antolatuko dituzte eta beharrezkoa da aurretik izena ematea. Galtzaundik esan du ez dela ordenagailuekin trebezia berezirik behar parte hartzeko eta laguntza behar izanez gero, bertan izango direla boluntarioak. izena Galtzaundiren webgunean dagoen formulario bidez eman daiteke. «Izan ere, euskara moduko hizkuntza gutxituak ez daude enpresa teknologiko handien asmoetan. Beraz, gure hiztun komunitateak aparteko ahalegina egin behar du bide propioa egiteko. Zenbat eta ahots gehiago lortu, hobeto. Tolosaldean 100 baietz!».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!