Hitzez Hitz

Udazken koloreak

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Telleria. Galtzaundi euskara taldea 2022ko urr. 31a, 08:57

Aurreko idatzian Korrikak utzitako aho zapore gozoaz jardun ondoren, oraingoan bestelako aldartearekin natorkizue. Pobrearen etxean bezala, gutxi irauten du pozak euskarak gutxi-asko kezkatzen duenarenean ere.

Euskaltzaleen barrenetara, pozaldiak oso tantaka etorri izan dira aspaldiko urteotan, beti ez esatearren. Gustura egoteko motiboen artean izan dugu euskararen erabilerak gure inguruan urtez urte izan duen goranzko joera, bere geldialditxoekin nahi bada, baina goraka beti. Baina azkenaldiko neurketek diotenez (Soziolinguistika Klusterra, 2021) beheranzko joera indarra hartzen ari dela ematen du; baita arnasgune edo gune euskaldunenak bezala kontsideratu izan ditugun horietan ere. Gehienbat euskaraz jardun eta gaztelerazkoak presentzia urria zuen tokietan, azken hau gero eta nabarmenago entzuten omen da gure inguruko bazterretan. Pozaldiak tantaka, kontrakoak uholdeka.

Gainera, euskara kontuetan lardaskan ibili den epailerik ere ez da falta izan; nola ibiliko da gero, lehenaz gain, epaile jendea prestigioz sobran? Sententzia batzuk ulertzen lanak ditugu, eta ez makalak, baina erabaki horien justifikazioak ez ditu oztopo horiek argitzen, ez bada zailtzen are eta gehiago. Euskara ikasteko berezko zailtasuna, argudio zientifiko gisa planteatzea ere, zientzia fikzioa zirudikeen orain urte batzuk.

 

Pobrearen etxean bezala, gutxi irauten du pozak euskarak gutxi-asko kezkatzen duenarenean ere



Ezagunagoa da euskara ez dakitenen balizko diskriminazioarena zerbitzari publikoen lanpostuetara iristeko, norberaren eskubidea (lana izan) eskubide kolektiboaren aurretik jarrita (administrazioarekin aukeratutako hizkuntzan jardun ahal izatea). Hala ere, urteetan erakunde publikoetan, batzuetan besteetan baino gehiago, egindako aurrerapenak atzerako bidea har dezake horrelako sententziek bidea egiten badute. Udaltzain izateko ezin eskatu euskara zerbitzu hizkuntza gisa erabiltzeko gutxieneko trebetasuna, titulu bidez frogatuta. Segurantziarik ez gure herriko kalean udaltzain batengana joz gero euskaraz ondo ulertzeko gai izan daitekeen. Edo gaizki hartuko duen. Eta hori beti da arriskutsua borra gerrian duenarekin.

Azkenik, euskarak bere-berezko duen festaldi baten inguruan ere ez da xextrarik falta izan. Euskal Herriko bertsolari txapelketaz ari naiz. Gasteizen egindako saioan gertuko bertsolari batek botatako bertsoak mindu egin du euskaltzale bat baino gehiago eta sarean ibili da kontu franko. Ez nioke garrantzi gehiagorik eman beharko baina udazken triste honen koloreak argitzen ez dit, ba, gehiegi lagundu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!