Hitzez Hitz

Jarrerak

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi euskara taldea. Xabier Telleria 2022ko mai. 2a, 07:57

Joan da Aste Santua. Joan zaizkigu, halakorik izan dugunontzat, atseden egun batzuetan argiagoak, tristeagoak besteetan. Eta jai egun horietako atentzioak eraman ditu, azkar eraman ere, amaitu berria den Korrikaren inguruko akorduak eta aipamenak.

Ikusgarria izan da ikusi eta bizi izan duguna aurtengo edizioan. Jendez eta bizipenez. Lekuko eramaile bat edo beste ikusi dugu, zerbait handiaren protagonista izatearen sentsazioaz, talde handiago zein txikiago baten ordezkari izatearen arduraz, itxarote urdurian; espazio tarte labur batean denbora tarte laburragoan sinbolismo handiko lekukoa, beso gora, begiak diz-diz, eramateko zain.

Nahiago nuke katarsi kolektibo horrek, zenbaitengan, pertsonala ere suposatuko balu. Egun batzuetako kontsumo gai atsegin eta emozioz betetakoa izateaz gain, behin urak berezko mailara etorrita, nolabaiteko arrastorik utziko balu; euskaraz jarduteko gai izan eta gehiegitan gaztelerara jotzeko ohitura alboratzea.

Baina sentsazioak eta emozioak ez ote dira, gero eta gehiago, kontsumo gai azkarrak bihurtu, abiadan bizi eta pasa beharrekoak, berriz ere beste berrien bila hasteko. Ez litzateke txarra horietako batzuei sikiera, euskararen erabileran kontsekuenteago izan eta aldi baterako, behintzat, presenteago izateko balioko balie.

«Nahiago nuke katarsi kolektibo horrek, zenbaitengan, pertsonala ere suposatuko balu»

Korrika amaitutako egun bertsuetan, Donostian bertan, zer pentsa eman zidan beste gertaera bat egokitu zitzaidan, hau ere hizkuntzarekin lotutakoa. Atzerriko artista handi baten kontzertura joateko okasioa izan genuen. Bi ordu eta erdi luzeko saioaz gozatzekoa. Musikatik ugari, hitz jardunetik ez urri. Ingelesez guztia, kantua eta kontua.

Seguru nago, hizkuntza hegemonikoaren ezagutzak gurean gora egin izanagatik, oraindik ere asko garela hutsaren hurrengo maila daukagunok, ahozko jardunean bederen. Baina aldi berean, asumituta daukagu hizkuntza bat ez jakiteagatik, zerbait galtzen ari garela, gauza batzuk irits ezin egiten zaizkigula.

Ez da gauza bera gertatzen euskara bezalako hizkuntza txikiekin, etxean bertan. Ezjakintasuna harrotasun bihurtuta, zenbatetan ez ote dugu entzun «en castellano» ozena, ez dakienaren ulermen eskubidea dakigunon erabilpen eskubidearen aurretik exijituz. Kontzertu hartako entzule ugariren artean ez zen egokitu halako balienterik; euskaraz izan balitz akaso...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!