BASO ERTZETIK

Argirik gabe ere bizitza

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2022ko abe. 4a, 07:58

Artxiboko irudia, Basagain kobazulora bisita. L.C.

Bizitza gogorra dela, eta natura gu hiltzeko dagoela ez da inongo sekretua. Behin baino gehiagotan «ama lurra», «ama naturak emango dizu» eta «guztiok lurraren seme-alabak gara» esaldiak entzun behar izaten ditudan arren, arruntena, bizidun bat infekzio, harrapari edo gosete batekin, bi urte baino lehen hiltzea da. Gure ama lurra maiteak bere seme-alabak deuseztatzeko interes handia duela ematen du, bizitza gogorra da eta natura gu hiltzeko dago.

Baina bizitza; fruitu, zuhaitz, belar eta errekaz betetako baso argitsu eta zoragarri batean gogorra bada, nolako bizitza mota izango da ez landare, ez argi eta ez janaririk gabeko eremu batean? Gezurra badirudi ere, eremu hauek ugariak dira gure Tolosalde maite honetan, eta inork aurkakoa pentsatu arren, bizitzaz beterik daude. Eremu hauek kobazuloak dira eta gaurkoan bertan bizi diren animalia arraroez ariko gara.

Oinarrizko Heziketa Orokorra egin genuen ikasleoi, Kux Kux izeneko natura, gizarte eta denerako balio zuen testu-liburuan esan zitzaigun argirik gabe ezinezkoa dela bizitza. Nolatan daude orduan kobazuloak bizidunez beteta? Nondik datoz beraien elikagaiak? Ez badute ezer ikusten, nola ehizatzen dute? Nola ugaldu, goizeko lauretan taberna bat baino ilunagoa den kobazulo batean? Guztiok baitakigu taberna batean goizeko lauetatik aurrera, ugaltzeko aukerak eta ugalkidearen kalitatea gutxitu egiten direla…

Kobazuloetan bizi diren bizidunez hitz egiten dugunean, ez gara ari neguan lozorroa egitera joan den hartzaz edo goiz pasan dagoen saguzarraz. Tarteka kobazuloetara sartzen diren koba kanpoko bisitari hauek, egia esan ez dute meritu askorik, ez dute beren bizitza osoa koba barruan egiten. Baina badira animalia batzuk, kobazuloan jaio, bizitza guztia eman, ugaldu eta hil egiten direnak: argirik gabe, janari oso gutxirekin, hezetasunarekin eta hotzarekin… Eta hala ere, belaunaldietan zehar kobetara bizitzera egokitu dira eta kobetatik kanpora aterako bagenitu segituan hilko lirateke.

Baina nola demontre bizi eta ugaldu daiteke animalia bat, batere argirik gabe eta ia janari gabeko eremu gogor hauetan?

Lehenik eta behin, zer demontre jaten dute? Gezurra badirudi ere, kobazuloa ez da sistema erabat isolatua, gure Tolosaldeko lurpea esponja modukoa da, kareharria nagusi eta ur sarrera-irteerak nonahi daude. Ur hauetan bizidun mikroskopikoak egon ohi dira, ur hauek amak prestatzen digun arrain-zopa bezalakoak dira, edateko eta jateko estropezuak dituenak. Horrez gain, jada koba bertan hildako animalia haundi-ertainak ere topa daitezke, agian gau zoro bat izan eta erabat galduta kobaren ataria topatu ezin izan duen azkonar baten gorpua egon daiteke, beraz zer jan, gutxi den arren, badago. Arrazoi honengatik, kobetako bizidun guztiek amankomunean dutena, energia aurrezteko kapazitate handia da, jaten den oro ongi erabili behar da.

Kobetan bizi direnak oso astiro mugitzen dira. Astiro mugitzen denak alferrikako mugimendu gutxiago egiten ditu, eta alferrikako energiarik ez du galtzen. Esan genezake, kobazuloetako bizitza kanpoan baino geldoagoa dela, arrazoi honengatik, dirudienez, kobazuloko bizidunen bataz beste bizitza, kanpoan bizi direnena baino luzeagoa da, gutxiago mugitzen dira, kezka gutxiago dituzte eta luzeago bizi dira. Beraz, luze bizi nahi baduzu, gutxi jan, zalaparta gutxiago egin eta ez kezkatu.

Adibide moduan, koba barrura erabat egokitua dagoen uhandre mota bat bada Europa ekialdean, zein, 70 urtera arte bizi dena. Gurean dugun uhandre arrunta, normalean asko jota, 20 urte bizi daiteke, beraz kobetako uhandre honen kasuan, gutxi jateak eta lasai bizitzeak hiru aldiz luzatzen dio bizitza.

Kobetako animalien beste ezaugarri bat begirik ez izatea da. Zertarako behar dut begia bezalako egitura konplexu bat sortu eta mantendu, argirik ez dagoen eremu batean bizi banaiz? Argi gutxi dagoen eremuetan, animalien joera begi handi eta sentikorrak garatzea da, baina koba baten sakonean argirik ez dago, beraz, pikutara begia! Eta nola demontre ohartzen dira animalia hauek inguruan dagoen janariaz, harrapariez eta bestelako arriskuez?

 

Kobetako animaliek begirik ez duten arren, bestelako informazio mota jasotzera oso ondo egokitu dira



Kobetako animaliek begirik ez duten arren, bestelako informazio mota jasotzera oso ondo egokitu dira, batez ere soinua eta informazio kimikoa. Ez da harritzekoa beraz, animalia hauek azal oso sentikorra, belarri finak, bibrazioak nabaritzeko hanka oso luze finak eta inguruko airean dabiltzan konposatu kimikoak atzemateko berebiziko antena luzeak garatzea.

Eta zein kolore izango du ilunpe gorritan bizi den animalia baten azalak? Normalean azaleko kolorea kamuflatzeko, bikotekidea bilatzeko edo harrapariak uxatzeko erabiltzen da, baina ilunpe gorritan koloreak ez direnez ikusten, animalia hauek zuriak edo gardenak izan ohi dira. Zertarako gastatu behar dut nire energiaren zati bat pigmentuak sortzen, inguruan ilunpe gorria eta begirik gabeko bizilagunak baditut?

Azken ezaugarria, benetan xarmagarria da: kobazuloetako bizidunek kumeak zaintzen dituzte eta benetako arreta eskaintzen diete txikiei. Gure etxeko sabaian agertzen den armiarma batek, ehunka arrautza jartzen ditu etxeko zokoren batean zetazko poltsa handi batean bilduta, hau egin ostean ospa egiten du, ez du interesik beren kumeen zaintzarekiko. Arrautza haietatik ehunka armiarmatxo jaioko dira eta hauetatik erdiak hiltzen diren arren, gurasoei ez die kezka handiegirik sortuko. Baina kobazuloetan topatu diren armiarma espezie askok, arrautza bakarra jartzen dute eta berari berebiziko maitasun eta zaintzak ematen dizkiote, kumetxo gutxi batzuk soilik errunez. Noski, kumetxo hauei gero ez diete esnea edo purea emango, kumetxo hau jaio eta badoa… Gizakietan gertatzen den antzera, ia ia.

Baina eremu berezietara egokituak egoteak arazo bat dauka, eremu honetan aldaketa txiki bat egoten bada, akabo. Eta gezurra badirudi ere, gure kobak etengabe pairatzen ari dira kanpotik datozen giza jarduerak, kobak zaborrez betetzen ditugu, natur eremuetan isuriak botatzen ditugu eta ur hauek kobetatik igarotzen dira. Lur azalean egiten den oro, kobazuloetan eragiten du. Beraz, zaindu gainazala, barrenak paira ez dezan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!