Eskualdeko hainbat kobazulo zabortegi bilakatuta daude. Hori erakusteko, eta horrek zer eragiten duen jakiteko, dokumental bat egiten ari da Tolosaldeko Ataria. Kobazulo horietako bat ikustera Pako Etxeberria Aranzadiko kidearekin joan gara. Lekuan bertan, ikusten ari dena sinistu ezinik geratu da mediku, antropologo eta irakaslea. «Pena izugarria sortzen dit honek. Isurbide edo sarbegi garrantzitsu batean gaude. Arro handi batetik etortzen da ura hona. Sarbegiak hori esan nahi du, ura hona bideratzen dela eta hemendik sartzen dela lurrera. Kare-haitzarekin topatzen da ur hori, eta infiltratu ondoren galeria bat sortzen du. Honek jarraipena dauka, beraz. Kontua da, inork aurki lezakeen zerrikeria gehien hemen dagoela. Zabortegi bat da; lehen herrien kanpoan egoten zirenen parekoa. Gaur egun, herrien kanpoan hau pentsaezina da, ez da onartzen. Beraz, galdera hori da: zergatik hemen bai?».
Zabor artean urrats bat gehiago eta «plastikoak dira hauek, zer egongo ote da barruan?» galdetzen du Etxeberriak. Ondoren, gora eta behera begiratu eta kobazuloaren inguruan hitz egiten du: «Hor goitik dator ura, ikusten ari garen guzti honek erasan eta mendi barruan sartzen da. Ondoren, nonbait, iturriren batetik aterako da. Norbait ur hori erabiltzen ari da, hornikuntzarako edo edateko. Nire ustez, agintariak ez dira hau gertatzen ari denaren jakitun. Arazo hau konpontzeko estrategia bat beharko litzateke… Begira horra! Olio bidoiak dira horiek. Gogoa eduki behar da honaino etorri eta denetik botatzeko. Zabortegi bat da, hau zabortegi bat da. Gurdi bat bakarrik egongo balitz, ingurukoren batek gertutasunagatik bota duena, baina telebistak, hozkailua, plastikoak, bidoiak, animaliak… hori adibidez behiarena da. Hemendik pasatzen da ura, eta hor behean sartzen da berriro lur azpian, hamar bat metro izango dira, eta dena zaborrez beteta dago. Hau izugarria da».