Orain hilabete gutxi, Montreal hiriko (Kanada) McGill unibertsitateak, ikerketa berri bat argitaratu du, eta Euskal Herria berriro biologiaren erdigunean jarri du.
Ikerketa hau, 2021ean burutu zen, eta Kanadako, Ameriketako Estatu Batuetako eta Indiako talde multidiziplinar batek eraman zuen aurrera, talde honen zuzendaritza, azken urte hauetan Ipar Amerikako flora ikertzen ari den Lucy Miller botanika aditu gazteari dagokio eta etorkizunean zeresan handia emango duen emakumea izango delakoan nago.
Lucy Miller-ek zuzendutako taldeak, gure paisaian nahiko ohikoa den espezie ezezagun bat ikertu du, Austrolopithecus forestis edo gurean ezagunagoa den, basajauna. Espezie honetaz informazio apur bat badagoen arren, bere biologiaz oso gutxi dakigu eta Miller doktorearen taldeak, basajaunen morfologia eta bizimoduari buruz zalantza asko argitu ditu. Lehen sorpresa, bere izenean datza; izan ere, espezie honen izenak, basajaunak soilik arrak direla adierazten duen arren, Lucy Miller doktorearen ikerketek oso argi utzi dute basajaunaren espeziea, bi generokoa dela, basajaun arrak eta emeak daudela alegia… basandererak. Hori bai, bi genero hauek elkar urrun bizi dira, basandereak baso itxi eta sakoenan bizi diren heinean, basajaunek eremu irekiagoak nahi dituzte, baso itxien periferian, larreetan eta mendi gailurretan mugitzen dira urte osoan zehar, horregatik dira ezagunagoak eta ikusiagoak basandereak baino.
Ikerketa hau, urte oso batean zehar egin da, Ataungo, Agautza eta Sarastarri mendiek osatzen duten mugaren iparraldeko basoetan konkretuki. Kanadako aldizkari nahiko ezezagun batean argitaratu da ikerketa osoa, guztira 45 orrialde dituen artikulu batean eta benetan datu esangarriak lortu dira, espezie honetan aurrez genituen sinesmen asko ezeztatu dituenak.
Morfologian egin diren ikerketen arabera, basajaun-andereen itxura iletsuaren ustea, erabat faltsua da, ez baitute ia ilerik. Basajaun eta andereei egotzi zaien gorputz iletsua, ez da ilea, landare bat da. Badirudi, basajaun-andereen gorputzeko zulotxo edo poroetatik, orain arte deskribatu gabeko landare berezi bat garatzen dela. Landare honi Dermia forestis izena eman diote eta badirudi, Izotz Aroko landareekin ahaidetuta dagoela, oso hosto fin eta luzeko landarea da, eta hostoen kolorea, berde oso iluna. Landare honek, basajaun eta andereen azalean hazi eta gorputza estaltzen du, ile ilun baten itxura emanez, horregatik gurean sinistu izan da basajaun-andereek ilez estalitako gorputza dutela.
Bi generoak elkar urrun bizi dira, basandereak baso itxi eta sakonean eta, basajaunek eremu irekiagoak nahi dituzte
Bizimodu nahiko konplexuko espeziea da basajaun-andereena. Basajaun eta andereak ez dira elkarrekin bizi urte osoan, ugal sasoian soilik batzen dira. Basandereek 5-10 aleko oso gizarte itxiak osatzen dituzte, eme gehienak ahaideturik daudelarik. Taldearen gidari, eme nagusiena izan ohi da, non, bere azaleko landareen kolorea, beste basandereena baino askoz ere ilunagoa izan ohi den. Basandere nagusi honen lana guztiz garrantzitsua da, ura eta elikagaiak non topatu dakielako eta urtaro ezberdinen etorrera aurreikusten duelako. Abuztua erdialdean, ugal sasoia denean, baso itxietatik haratago dabiltzan basajaunak, eme taldeetara hurbiltzen dira orroa edo deiadar oso bereziak eginez. Lucy Miller ikertzaileak adierazten duenez, orroa hauek ekaitzaren etorrerarekin daude oso lotuta, badirudi basajaun arrek badakitela abuztuko ekaitzen etorrera aurreikusten eta ekaitzek sortuta atmosferako elektrizitatea erabiltzen dutela beraien orroak urrunago bidaltzeko. Basajaun-andereek duten ugalketa mota ez da dokumentatu, baina ugaldu ostean, basajaunek, eme taldeak utzi eta beren urteroko eremuetara jotzen dute. Hilabete ostean, emeek kilo bateko arrautza ilun bakar bat jartzen dute eta bertatik jaioko den kumea basandere taldeak zainduko du erabat. Horrez gain, ikertzaileak erabat harrituta dituen gertaera oso berezi bat ematen da arrautzekin, eme taldean izan diren hamar arrautzetatik bat beste basandere talde batekin elkartrukatzen da. Basandere gazteenak, azkena jaio den arrautza hartu eta beste basandere talde baten eremuaren mugan uzten du, normalean zuhaitz zahar baten zulo batean. Arrautza hau beste basandere taldeko eme batek hartuko du eta aldi berean bere arrautza bertan utziko du, eme taldeen arteko arrautza elkartruke bat emanez. Jokamolde konplexu eta berezi honen arrazoiak ezezagunak diren arren, eme-taldeen arteko loturak indartzeko balio duela ematen du.
Espezie honetan dagoen bereizgarriena ordea, basajaun-andere eta azalean ile moduan duen Dermia forestis landarearen arteko harremana da. Dermia forestis landareak basajaun eta andereei estalki bikain bat ematen die, hotzari aurre egiteko zein ezkutatzeko baliabide egokia da, ile baten moduan funtzinatzen baitu eta ale bakoitzak bere kolorea izan ohi du. Baina urteak igaro ahala, landare hau basajaun-andereen gorputzean gero eta ugariagoa eta sendoagoa bihurtzen da, ale zaharrenetan mugitu ezinik uzteraino. Ataungo ikerketa eremuan, oso zaharrak ziren bi basajaun ar topatu ziren, Dermia forestis landareak erabat estalita ezin zirenak mugitu ere egin. Zaila da esatea basajaun hauek jada hilik zeudela, horregatik Miller doktorearen taldeak egoera honi, «zurruntasun egoera» deitu dio. Basandereei ere gertatzen zaien arren, taldean bizi direnez beste basandereen laguntza jasotzen dute erabateko zurruntasun egoeraren unea atzeratuz. Baina badirudi, basandereak jada oso zaharrak direnean eta beren gorputzean jada Dermia forestis kopuru handi bat dutenean eta zurruntasun egoera oso aurreratua denean, taldea uzten dutela eta baso sakonetik urrundu egiten direla, eremu ireki bat topatu eta bertan gelditzen direlarik. Basajaunen kasuan, bakarka bizi direnez, ez dute beste kideen laguntzarik eta zurruntasun egoera azkarrago etortzen zaie, eta poliki-poliki, Dermia forestis landarea gorputza jabetzen doan bitartean, basajaun arraren ibilkera geldotzen joaten da, geldirik gero eta denbora gehiago pasatzen dute. Azkenik, ur garbiak dituen erreka baten albora joaten dira eta bertan geratu ohi dira, askotan beste zuhaitzetatik bereziten ez direlarik.
Lucy Millerren taldeak ez du argitu zurruntasun egoera hau, basajaun-andereen heriotza ote den, baliteke landare forman oraindik bizirauten jarraitzea. Egoera honetan dauden bi basajaun ale eta basandere ale bat soilik topatu dira ikerketa eremu osoan, ez dakite ordea Euskal Herri mailan ale gehiago badauden, ez eta ere zurruntasun egoeran denbora asko daramaten aleek duten itxura, baliteke denborarekin haritz zein pago ezkurrek kolonizatzea eta hauen itxura hartzea, nork daki… Agian gure baso zaharrak orain urte asko basajaun edo basandereak izan ziren.
Aurkikuntza mundu mailako zoologo eta botanikoen artean interes handia piztu duela ez dago dudarik eta ikerketa honek zeresan ugari emango duela etorkizunean, bitartean, zergatik ez eman paseotxo bat basoko zuhaitz zaharren artean?